Room ( Lenny Abrahamson)

Kameraren atzean / 2016-02-26 / 525 hitz

Film Onenaren Oscarrerako izendaturiko zortzi hautagaien artean ezezagunena eta oihartzun gutxien izan duen filma da Room. Lazgarria eta hunkigarria aldi berean, Lenny Abrahamson zuzendari irlandarrak Emma Donoghueren eleberria maisutasunez eraman du pantaila handira, urteko film boteretsuenetako bat eraikitzeraino. Moldaketa zinematografikoak halako indarra izatearen erantzule da, hein handi batean, Donoghue bera gidoilari lanetan aritu izana, baina kontakizuna harago doa ikusle ororengan sentsazio unibertsalak transmititzea lortzen duelako irudi eta girotze pisutsu bezain iradokitzaileen bitartez.

Abiapuntua enegarrenez esploraturiko askatasun eza eta biziraupena izan arren, Roomek funtzionatzen du ikuslea pertsonaiek bizi duten egoera itogarri horretan erabat murgiltzea lortzen duelako, ama eta semearen arteko harremanak dituen kapa ezberdinak eta gertaerek aurrera egin ahala bata zein bestearen jarrera kontrajarriak adimenez dinamizatzen ditu elkarrizketa mamitsuen bitartez. Lehen zatian kartzela-egoera horrek sorturiko samin fisiko eta psikologikoan sakontzen du Abrahamsonek, Brie Larsonek sinesgarritasun osoz antzezturiko Joy Newsome amaren sufrimenduaren aldean, Jacob Tremblay gaztetxoak modu zirraragarrian gorpuzturiko Jack haurrak unibertsoaren osotasuna gela itxi horretan hautematen baitu. Inozentziaren hauskortasuna eta zorigaitzera kondenatua dirudien bizitza progresiboki geroz eta gehiago oinazetzen du etengabeko martirio horretan egotera behartzen dituen gizonak, gelan presente egoteko beharrik gabe. Asfixia hori geroz eta indartsuagoa bilakatzen da Jackek, zer egiten duen ere erabat jakin gabe, gatibutasunetik ihes egitea lortzen duen uneraino.

Errealitatea hautemateko modu kontrajarriek are indar gehiago hartzen dute filmaren bigarren zatian, non amak eta semeak giltzapeturiko etxeko jazarpenetik libratzea lortu arren ez duten erabateko barne askatasuna erdiesten. Joy etxe berrian kazetarien erasopean preso eta espiral suntsitzailean itota sentitzen den bitartean, Jacki are zailago egiten zaio ingurune berrira moldatzea, dena berria eta zirraragarria izate horrek gainditu egiten baitu eta ondorioz oskol barnean babestera bultzatu, egunerokotasun arruntaren dinamika berreskuratzea zailduz. Elkarrizketa eta pertsonaien gorputz espresioez gain, irudien bitartez ere islatzen da hau, etxeko elementuek bakoitzaren baren sentimenduen sinbolo gisa balio dute eta baita planoen osaketak ere, distantziamendu eta gordintasun hori islatzeko.

Puntu honetan zinez interesgarria da filmaren bigarren zatian ageri diren familiako pertsonaiek istorioa xehetasunez bete eta aberasterako orduan duten garrantziari erreparatzea. Eragile berri hauek jada hain hauskorra zen dinamika are gehiago zailtzen dute, laguntzeko prest egon arren sarritan ez dutelako behar bezainbesteko enpatia garatzen amak eta semeak luzaroan jasan duten egoerarekiko. Beste betaurreko batzuekin ikusten dute errealitate hori. Honek gertukoenekiko izan beharreko enpatiaren galera, gizartearekiko isolamendu arriskua eta gehiegizko elkar dependentzia bezalako gaiak mahaigaineratzen dituen arren, bi pertsonen arteko loturak hartzen duen sakontasun emozionala azpimarratzeko ere balio du. Azken finean, osotasunean biek, beste inork ulertzen ez duen sufrimendu hori elkarrekin gainditzen dute.

Old Nick bahitzailearen mamuak filmaren amaieraraino oihartzun mehatxatzailea izaten jarraitzen du ezegonkortasunez beteriko plano bakoitzean eta amaierako eszena are sentikorragoa bihurtzen du, Jackentzat izaera propioa duen gela osatzen duten elementuei agur esaterekin batera, haurrak inozentziari ere agur esaten diolako. Hainbesteko grinaz bilaturiko bizi berri horren hasiera ez da pelikularen amaieraraino iristen eta horrek proiekzioa amaitu ostean filmak oraindik ere ikuslearengan inpaktua mantentzea eragiten du. Film Onenaren Oscarrerako zortzi hautagaien artean ausartena da Room, inolako zalantzarik gabe, ikuslea hasieratik bukaeraraino pantailari begira mantentzeko gai izatetik harago joan eta bizi dugun gizarteko dilema sakonekin konektatzea lortzen duena. Otsailak 28ko gauean saririk irabazi ala ez, Abrahamsonen obra gertutik jarraituko dugu hemendik aurrera.

Trailerra

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.