Urtzi Urkizu / 2016-03-22 / 773 hitz
Euskal Herri osoan jaiotze erritua egiten zen antzinako garaietan. Atsolor festa eremu batzuetan XX. menderaino iritsi zen: amak, haurra izan ostean, inguruko baserrietako andreak gonbidatzen zituen arratsalde batez, haurra auzoan aurkezteko. Ohitura modernizatuta berreskuratu dute.
Hernaniko Ereñotzu auzo udalean (Gipuzkoa), XX. mendean ere egiten zuten atsolorra. Gazte izandako emakumeek ondo oroitzen dute. Orain gazteak direnek ohitura berreskuratu egin dute. 2012ko udaberrian egin zuten XXI. mendeko lehen atsolorra, 2011n jaiotako haurren senideekin —gizonak barne—. Amaia Minerrek azaldu duenez, lehenbizi umorezko istorioak berreskuratzen hasi ziren: «Horietako asko atsolorrarekin lotzen ziren. Gazteok ez genekien horretaz ezer. Baina jakin-mina piztu zitzaigun; Mari Karmen Basterretxeak hitzaldi bat eman zuen matrilinitateaz, eta eredu haren erakusgarritzat jo zuen atsolorra». 2012tik, urtero egin dute Ereñotzun atsolorra. Aurten, apirilaren 24an egingo dute, eta lekukotzekin osatutako bideo bat aurkeztuko dute —Idurre Lekuona ari da horretan lanean, auzo udalak eskatuta—. Urduñan (Bizkaia) Ereñotzuko eredua hartu, eta 2013tik urtero egin dute atsolorra, aurreko urtean jaiotako umeekin —azkena abenduan egin zuten—. Oiartzunen (Gipuzkoa), berriz, joan den igandean egin zieten 2015ean herrian jaiotako 97 umeei ongietorria —iaz berreskuratu zuten erritua—. Beste herri batzuetan ere hasi dira haur jaio berriei ongietorri festa egiten; besteak beste, Bergaran, Oñatin eta Antzuloan (Gipuzkoa).
Inaxi Oiarbideri (Ereñotzu, Gipuzkoa, 1936) primeran iruditzen zaio atsolorra berreskuratu izana. Haren baserrian, Txilibitan, gutxienez hamasei atsolor egin zituzten XX. mendean. Oiarbide berarena, haren hamabi anai-arrebenak, eta haren semeenak. «Haurra jaiotzen zenean, ahal zen bizkorrena bataiatu egiten zuten. Atsolorra ere lehenbailehen egitea nahi izaten zen, umea jaio eta hilabete pasatu aurretik. Telefonorik ez zen, baina abisua ederki pasatzen zioten batzuek besteei, ahoz aho». Oroitu du emakumeak pozik jartzen zirela, atsolor bat egingo zela jakin orduko. «Garai hartako andre haientzako festa hura zen. Telebistarik ez zen. Kontuak kontatzeko aukera zen atsolorra. Garai hartan, haur asko jaiotzen ziren, eta atsolor asko egiten ziren baserrietan». Meriendarako, emakume batzuek txokolatea edo gozoak eramaten zituzten. «Eta beste batzuek azukre pakete bat edo diru pixka bat eramaten zuten, merienda pagatzeko». Oiarbidek gogoratu duenez, haren baserrian 70-80 andre inguru ere biltzen ziren. «Batzuei karta jokoan aritzea gustatzen zitzaien».
Andreak elkartzeko modua
Oiartzunen, XX. mendean, urte luzez egin zituzten atsolorrak. Haurra zenean, amarekin joaten zen festara Inaxi Lasa (Oiartzun, Gipuzkoa, 1940). «Emakume pila bat biltzen ziren. Baserri askotan egiten zen. Bertakoak oiloa saltsan prestatzen zuen, eta andre bakoitzak jateko zerbait eramaten zuen». Lasaren iritziz, orduko emakumeek jaiarekin lotzen zuten atsolorra: «Parranda zen. Garai hartan emakumeak etxean egoten ziren, ez ziren ateratzen, eta atsolorrari esker elkartu egiten ziren. Ederki pasatzen zuten». Oroitu du atsolorraren batean izan zutela musika. «Gizon bat gonbidatuta zegoen aho soinua jotzeko, eta andreek dantza egin zuten». Txalaparta ere jotzen zuten atsolor batzuetan.
Pepi Castillejok (Donostia, 1935) atsolorra antolatu zuen Oiartzunera bizitzera iritsi berritan, alaba zaharrena jaio zenean. 1961. urtea zen. «Ama Ereñotzukoa nuen, eta gomendatu zidan atsolorra egiteko. Haurra eta neroni auzoko emakumeei aurkeztera emateko aukera ona zela. Ezkontzara joan ez ziren izeba batzuk eta auzoko andreak gonbidatu nituen. Aukera polita izan zen gure etxea aurkezteko, jakin zezaten non bizi ginen». XX. mendean Oiartzungo azkeneko atsolorra 1995ean egin zuten, Kaskote baserrian, Gurutze auzoan. Oroimenean dute Castillejok eta Lasak, han baitziren: «Polita izan zen».
XX. mendean baserrietako gizonek atsolorra ez zutela gaizki ikusten uste du Castillejok: «Tradizio bat bezala errespetatzen zuten». Lasak nabarmendu du gizonek haien artean egoteko aukera ugari izaten zituztela, «tabernetan-eta». Oiarbidek oroitu duenez, gizonik ez zen izaten Ereñotzuko atsolorretan: «Gizonak elkartzen ziren ilunabarrean, ia egunero. Emakumeek, aldiz, ez zuten beste aukerarik izaten elkarrekin egoteko. Justu-justu elizara joan, eta handik etxera. Emakumeak lan guztiak egin behar zituen, etxekoak eta kanpokoak. Horregatik, nahiz eta urrutira mugitu behar, pozik hartzen zuten atsolorrera joateko deia». Uda partean atsolorra luzatu egiten zela nabarmendu du Txilibita baserriko andreak: «Ez zen presarik izaten».
Gizartearen indibidualizazioaren eraginez galdu zen XX. mendean Atsolorra. Castillejok nabarmendu du garai batean auzoko emakumeek gehiago laguntzen ziotela elkarri gaur egun baino. Uste berekoa da Lasa. Castillejori ondo iruditzen zaio atsolorra Oiartzunen berreskuratu izana: «Baina oso zaila iruditzen zait egitasmoak urte luzez irautea. Gaur egun, jendea bere kaxara dabil. Gazteek sakelako telefonoarekin uste dute oso komunikatuta daudela, baina alderantziz da: bakartu egiten dira». Lasari ez zaio gaizki iruditzen berreskuratu izana, baina uste du ez dela lehengo gauza bera izango. Baikorragoa da Oiarbide atsolor berriekin: «Gonbidatzen naute, eta gustura joaten naiz, pozik».