eitb.eus / 2016-04-01 / 468 hitz
Informatika enpresa erraldoiak arrakasta itzelak eta porrotak jaso ditu, baina orain mundu enpresa baliotsuenetako bat da, nahiz eta zalantza egoera batean murgilduta egon.
Applek 40. urteurrena bete du gaur, Steve Jobs eta Steve Wozniak gazte eta lagun minek lehenengo ordenagailu pertsonala saldu zutenekoa, eta iraultza teknologikoa abian jarri zutenekoa oroituz.
Lau hamarkadaren ostean, Apple munduko enpresa baliotsuenetako bat da, 700.000 milioi dolarreko burtsa kapitalizazioari esker, eta produktu eleganteak, erabilerrazak eta eraginkorrak ekoizteagatik da ezaguna, nahiz eta azkenaldian mantsotu egin den urteotan izan duen izpiritu berritzailea.
Wozniak bera dago kritika hori egin dutenen artean, duela gutxi “kezkatuta” agertu baita Applek ordulari adimendunaren alde egindako apustuagatik, enpresa bitxigintza alorrean sartu delako, mundua eraldatzeko hasierako asmotik urrunduta.
Wozniak bera izan zen konpainiaren lehenengo ordenagailu pertsonala sortu zuena, Apple I izenekoa, eta Palo Altoko Informatika Taldeko kideak harritzeko asmoz egin zuen.
Steve Jobs lagun minak konbentzitu zuen ordenagailua merkaturatzeko, eta enpresaren oinarri bihurtu zen produktua.
Apple I
Apple I 1976ko uztailaren 1ean merkaturatu zen, eta hurrengoan, 1977an, Jobsek eta Wozniakek enpresa sortu zuten, “Apple Computer Company” izenarekin.
Enpresak lehenengo ordenagailuaren bertsio hobetua kaleratu zuen gero, eta 80ko hamarkadan egonkortu egin zen Apple II-ri esker, milioika saldu baitzituzten. Salmentak nabarmen handitu ziren VisiCalc kaleratu zutenean, ordenagailurako lehenengo kalkulu orria izan baitzen.
Horren ondorengoa, Apple III-a, porrot komertziala izan zen. Gero Apple Lisa etorri zen, eta salmentetan arrakastarik lortu ez bazuen ere, sagua, erabiltzaileen interfaze grafikoa eta atzeko pantaila zuria ekarri zituen, industriako estandar bilakatuz.
Macintosh
80ko hamarkada gorabeheratsua izan zen Applerentzat, Apple Macintoshen estreinaldiarekin. Hala ere, enpresaren berregituraketa eragin zuten, eta Jobs kanpoan geratu zen 1985ean.
Apple utzi ostean, Jobsek Pixar animazio estudioak inauguratu zituen, NeXT Computer informatika enpresarekin batera. Enpresa horren arrakastari esker, Applek erosi egin zuen 1996an, eta Jobs itzuli egin zen berak sortutako enpresara.
Geroago, egoitza Cupertinora eraman eta iMac ordenagailuak merkaturatzen hasi ziren, etxeko tresna izateko helburuarekin.
iPod
Horren atzetik etorri zen musika entzuteko gailu ezagunena, iPod, 2001ean, eta iraultza izan zen Discman-ena zen munduan, eta lehenengo sei urteetan 100 milioi saldu zituzten.
Beste une garrantzitsuenetako bat urte horretan bertan izan zen, Virginian Appleren lehenengo denda irekita. Formulak arrakasta izan zuen eta 460tik gora denda gehiago ireki dituzte mundu osoan.
iPhone
2000ko hamarkada beste berrikuntza batzuen garaia ere izan zen, MacBook Air ordenagailu ultra arina orduan merkaturatu baitzuten. Baina are entzutetsuago izan zen iPhone telefono adimendunaren sorkuntza. 2007an hasi ziren saltzen telefono hori, eta Appleren diru-sarreren erdia hortik datorkio.
Musika entzuteko, argazkiak ateratzeko eta Interneten nabigatzeko aukera ematen zuen telefonoa Urteko Asmakizuna izan zen Time Magazine-rentzat.
2010ean iPad tablet-en merkaturatzea izan zen, eta urteen joan-etorrian hainbat bertsio kaleratu dituzte, iPhonekin gertatu den bezalaxe.
Apple Whatch ordularia da konpainiaren azken sorkuntza, baina etorkizunari begira, zurrumurru guztiek diote ibilgailu elektrikoan duela jarrita arreta.
2011n krisi handia bizi zuen Cupertinoko enpresak, Steve Jobs fundatzailea hil baitzen minbiziak jota, eta Tim Cooki utzi zion lekua.