Iñaki Lasa Etura / 2016-04-09 / x hitz
Gidaririk gabeko Euskal Herriko lehen autobus zerbitzua aurkeztu dute Miramongo Parke Teknologikoan; hiru hilabete iraungo du, eta aldaketak eragin ditu hor mugitzeko eran.
Gailu adimendunak ei dira etorkizuna. Teknologiak eta automatizazioak eguneroko bizimodua irauliko dute, aditu askoren esanetan. Halakoetan, parke teknologikoak dira abangoardia maiz. Aste honetan iritsi da, bada, etorkizuna Miramongo Parke Teknologikora (Donostia), gidaririk gabeko autobusarekin.
Euskal Herriko automatizatutako lehenengo garraio zerbitzua aurkeztu zuten asteazkenean: Citymobil2 prototipoa. Hiru hilabetez egongo da parkean. Bi kilometroko ibilbidea osatzen dute egitasmoko hiru autobusek, Eureka zientzia museotik Mikeletegi pasealeku amaierako aparkalekura.
Oraingoz, baina, astiro dator etorkizuna: orduko hamabi kilometroko abiaduran. Hogei bat minutu behar ditu joan-etorrikoa egiteko. Atzo eguerdian kargatu zuten ibilgailuetako bat —elektrikoak dira—, eta konponketa txiki batzuk egiten ari ziren bestean.
Txikia da autobusa, hamar bidaiarirentzako lekua du: sei eserita eta lau zutik. Ibilgailua automatizatua izan arren, operadore bat doa une oro, Jesus Murgoitio proiektuko arduradunak azaldu duenez: «Ez du gidatzen, baina beharrezkoa izanez gero, kontrola dezake». Ibilgailua mantso joan arren, komeni da heldulekuren bat erabiltzea, maiz galgatzen baitu. Zebra bide batera iristen den bakoitzean, abiadura moteltzen du, eta bidean oztoporen bat topatzen badu, guztiz geldi daiteke. «Giza faktorea ezin dugu kontrolatu, eta batzuek autoa ez dute guztiz ondo aparkatzen». Hala gertatu zen atzo espaloira igota zegoen furgoneta batekin, eta astiro-astiro pasa zuen. GPS diferentzial izeneko teknologiari esker funtzionatzen du autobusak.
Proiektuaren mesedetan moldatu dute parkean mugitzeko sistema: aparkalekuak aldatu dituzte, ibilbideko hainbat zatitan errail bereizia du, biribilgune berri bat egin dute eta hainbat semaforo jarri.
Interesa sortu du proiektuak, eta jendeak jakin-minez begiratzen dio gertu pasatzen den bakoitzean. Bada argazkia ateratzen dionik ere. Zientzia museoko geltokitik gertu daude CEIT-Tecnumeko hiru ikasle. Oraindik erabili ez duten arren, interesa sortu dietela aitortu dute. «Badu nolabaiteko lotura gure ikasketekin», azaldu du Iñigo Jauregik. «Apur bat dezepzionatuta» dago Leire Miranda: «Gidaririk ez zuela izango uste nuen, baina operadore bat dago une oro».
Citymobil2ren ibilbidearen beste puntan dago Akting Ingeniaritza. Han lan egiten dute Paul Minguez-Olaondok eta Alex Iraolak. Lehenak erabili du jada autobusa, baina bigarrenak ez. «Ez dut autobusa erabiliko», adierazi du Iraolak: «Parkeko lekurik urrunenean gaude, ez dugu autoz ez etortzeko alternatiba errealik. Behar dut lanera etortzeko, eta behin autoa erabilita parkeraino iristeko, enpresaraino eramango dut».
Miramongo mugikortasun batzordeko kidea da Minguez-Olaondo. Parkeko langileen artean proiektuak «harrera hotza» izan duela aitortu du, obrak eta abar «sufritu» dituztelako. Ulertzen du kanpoko jendearen interesa sortzea. Autobusa oso mantso doala onartu du, eta jada ikusi ditu auto ilara luzeak sortzen, eta gidari bat autobusa aurreratzen. «Aurrekoan, erabili genuenean, pertsona bat Eureka museotik atera zen, oinez, eta gu baino lehenago iritsi zen». Autobusaren abiadura handituz gero «lehiakorragoa» izango dela uste du. Beste ikuspuntu bat ere jarri du mahai gainean: marketina. «Hedabideetan azaldu da, politikariak etorri dira… Hori oso ondo datorkigu guztioi».