Lander Muñagorri / 2016-04-14 / 1076 hitz
Auzoan gizarte lanak egin, eta, horren ordainetan, etxearen truke ohi baino alokairu merkeagoa ordaindu. EHUren eta Bilboko Udalaren proiektuak Otxarkoagara eta Bilbo Zaharrera eraman ditu graduondoko ikasleak. Berehala integratzen dira, auzotar bihurtzeraino.
Hori da, hain zuzen ere, proiektuaren helburu nagusia: EHUko ikasleen borondatezko lanarekin behar sozial handiena daukaten Bilboko auzoetan eragitea. Bilbo Zaharrean 27 gazte daude bizitzen era horretan, eta, Dominguez, Pildain eta Trujillo bezala, gainerako hemezortzi ikasleak Otxarkoaga auzoan daude. Ia gehienek hezkuntza arloko gizarte lanak egiten dituzte, «auzoak hobetzeko lehen puntua hezkuntza bera izan daitekeelako ziurrenik», Pildainen arabera.
Gizarte lanetan lizentziaduna da bera, eta globalizazio eta garapen graduondoko bat egiten ari da. Egitasmoaren berri izan zuenean, ez zuen zalantzarik izan: «Nire alorrean lan egiteko aukera ematen zidan». Bere kasuan, astean bitan joaten da Caritasek auzoan duen egoitzara, Txaloka eta Txikileku proiektuetan parte hartzeko. Lehenengoa, D ereduan, euskaraz ikasten duten 10 eta 14 urte arteko haurrentzat da, eta eskolako eta eguneroko betebeharrak egiteko laguntza eskaintzen zaie. Azaldu duenez, ez da eskolako lanak egiteko leku bat bakarrik, «alde ludikoa ere badauka egitasmoak, emozioak eta afekzioak ere lantzen direlako». Txikileku egitasmoa, bestalde, 0 urtetik 3 urteko haurrentzako haurtzaindegi gisako bat da. Goizez egoten dira bertan, haur horien amek alfabetizazio edo autoestima klaseetara joateko aukera izan dezaten.
Antzeko adineko haurrekin egiten du lan Trujillok, Gugaz Aurrera fundazioan. Kimikan lizentziaduna da, eta, gaur egun, kutsadura eta ingurugiroko toxikologian espezializatzeko ikasketak egiten ari da. 10 urteko ikasleekin egoten da bizikidetza eta antzeko kontzeptuak lantzen. «Bertan dauden irakasleentzako babes lanak egiten ditut, eta bertan haurrei etxeko lanak egiten laguntzen diegu, baina, horrez gain, jolastu ere egiten dugu. Kasu askotan, hori izaten da irakasteko modu onena», azaldu du. Haurrekin lan egiten duenean, gainera, berekiko interesa erakusten dute. «Galdetzen didate ea nolakoa den unibertsitatea, edo graduondoko hau amaitutakoan nora joango naizen». Positibotzat hartzen du haurrek interes hori erakustea, eurentzako eredu izan daitekeela sentitzen duelako. «Gauza polita da hori».
Dominguezi ez diote halakorik galdetzen Otxarkoagako Artabe institutuan, nahiz eta auzoko gazteekin lan egiten duen. Eskolako porrot indize handia duen ikastetxe batean aritzen da borondatezko lana egiten, 16 urte inguruko gaztetxoekin. Bertan, talde lana, elkarbizitza, hausnarketa eta beste balio batzuk sustatzen lan egiten dute: «Esaterako, gaur-gaurko gaiak proposatzen dizkiegu talde murritzetan, edo eztabaida literarioak egiten ditugu. Oso interesgarria da». Hori guztia, ikasleek daukaten jarrera aldatu nahi izateko. Izan ere, absentismo handia du institutuak, eta askotan ikasleek erakusten duten hitz egiteko modu eta jarrerak «oso bortitzak» egiten zaizkiola ere azaldu du. Edozein modutan, ikastetxea atal hori lantzen ari denetik, hainbat urte igaro dira, eta «aurrerapausoak» eman direla dio. «Lehen aldia da gure moduko ikasleekin lan egiten dutela, eta oso balorazio positiboa egiten dute orain arte».
Auzoko eginda
Ohiko ikasle etxe bat izan ordez, EHUren eta udalaren egitasmoari esker, hiru etxekideek auzotarrekin berehala lortu dute harreman estu bat. Hala onartu dute hirurek batera. «Lehen egunean, etorri ginenean, ikasleak etorri zirela esaten aritu ziren, eta ezagutzera inguratu zitzaizkigun», dio Dominguezek. 2010ean egitasmoa martxan jarri zenetik urtero joan dira ikasleak etxe horretara, eta dagoeneko «ezkaratzeko bizilagunak zain egoten dira ea noiz iritsiko ote diren ikasle berriak». Euren zain egoten dira udazkenero, «eta berehala hasten dira galdezka ea zer egiten dugun, zer ikasi dugun, eta abar», segitu du azaltzen. Trujillo, hala ere, beranduago iritsi zen etxera. «Bigarren deialdiarekin batera sartu nintzen etxe honetan, leku bat sobera zegoelako». Eta etxera maletekin inguratu zenean, «berria etorri da» oihu artean hartu zutela esan du irri artean.
Izan duen esperientziarekin oso gustura azaldu da Trujillo, «berehala bertako» sentitu delako. Ezkaratzeko bizilagunek bakarrik ez, auzoko jendea ezagutzea ere «denbora kontua» dela dio Pildainek. «Haurrekin egiten dugu lan, eta kaletik ikusten gaituztenean, gurasoei esaten diete euren laguntzaileak garela, eta berehala hasten zaizkigu galdetzen ea zer moduz moldatzen diren seme-alabak». Eta horrela sortzen da ikasleen eta auzotarren arteko harremana. «Berehala gainera: lanean hasi eta denbora gutxira inguratzen zitzaizkigun». Erreportaje honetarako kalean argazkiak ateratzen ari zirela, garbi geratu da auzoarekin daukaten atxikimendua. Bizilagun bat inguratu zaio Pildaini, eta argazkilariari eskaera egin dio: «Ez al didazu nire bizilagunarekin argazki bat atera behar?». Lepotik heldu du, eta biek batera atera dute argazkia.
Auzoan borondatezko lanak egiten dituzten hemezortzi ikasle daude Otxarkoagan, eta horiek ere bertan egiten dute bizia. «Hemendik hirigunera jaisteko autobusa hartu behar da, eta, horrela egin baino, nahiago dugu auzoan bertan gelditu», dio Dominguezek. Bertako tabernetara joaten dira taldean, eta, horrela, azkenean, inguruko denek ezagutzen dituzte. «Auzoan egiten diren gauzetan parte hartzen saiatzen gara; azken finean, bizitza hemen bertan egiten».
Aurreiritziei aurre egiten
Otxarkoaga estigmatizatuta dagoen auzoa da, baina, Bilbo Zaharra bezainbeste. Eta bietan dago martxan EHUren eta udalaren arteko elkarlana, «behar soziala egon, badagoelako». Pildaini Otxarkoagara joatea egokitu zitzaionean, bere inguruko jendeak denetarik esan ziola gogoratzen du: «Auzo honetara etorri behar nintzen momentuan jende askok galdetu zidan erotuta al nengoen, ba ote nekien nora nentorren». Sei hilabete igaro ditu orduz geroztik, eta pozarren dagoela esan du. «Jendeak aurreiritzi handiak ditu auzo hauekiko», dio. Are gehiago, Trujillo bera venezuelarra da jatorriz, eta integratzeko garaian Otxarkoagan askoz errazagoa egin zaiola onartu du. «Hemengo jendea oso irekia eta atsegina da. Berehala egiten zaituzte euren parte». Bilboko beste leku batzuetan ez bezala, lehen unetik bertako sentitu dela esan du.
Hiru etxekideak gustura daude Otxarkoagan. Bertako auzotarrek ezagutzen dituzte, eta «ez da auzo gatazkatsua, askok hala uste duten arren», Pildainen arabera. Inguru alaia dela dio. Izan ere, gainerako beste lekuetan ez bezala, jendea beti kalean dago. «Inoiz ez daukazu bakarrik zauden sentimendu hori, eta asko gustatzen zait hori». Egun eguzkitsu batean jarleku ugaritan jendea elkarrekin hizketan topa daiteke, edo Otxarkoagako plazetan edo tabernetan. «Hori gauza ona da, auzoak berak bizia duela erakusten dizu horrek», Dominguezen arabera. Hitz horiek guztiak entzunda, garbi geratzen da hiru etxekideak egin duten hautuarekin gustura daudela. Borondatezko lanak egiten jarraituko dute, graduondoko ikasketek uzten dieten erritmoan. Baina unibertsitateko ikasketa horiek erakusten ez dutena ezagutzen ari dira Otxarkoagako herritarrekin batera. Eta dagoeneko auzotar berri bihurtu dira.