Ana Galarraga / 2016-04-17 / 206 hitz
Apirilaren 10ean homeopatiaren eguna izan zen. Izan ere, halako egun batez, 1755. urtean, jaio zen Samuel Hahnemann homeopatiaren asmatzailea, eta egun hori aukeratu dute homeopatiarekiko eszeptikoek, gogorarazteko ez duela inolako oinarri zientifikorik. Eguna astebetera ere luzatzen da han eta hemen, eta informazio eta iritzi ugari zabaltzen da, homeopatiaz ez ezik, baita beste terapia alternatiboen inguruan ere. Ongietorriak izan daitezela, uste okerrak eta iruzurrak saihesteko balio badute.
Hala ere, beti topatuko dugu hari on egiten diotela arrazoitzen duen norbait. Eta, hainbat kasutan, egia izango da. Izan ere, plazebo-efektua oso indartsua izan daiteke. Bai, sendatuko zarela uste izateak berak senda zaitzake. Horregatik, botiken eraginkortasuna neurtzeko, plazeboekin konparatzen dituzte ikertzaileek. Homeopatiak, reikiak, reflexoterapiak… eta beste terapia alternatiboek ez dute frogatu plazeboak baino hobeak direnik. Hala ere, Jo Marchantek uste du komeni dela aztertzea zer alderdi onuragarri duten, medikuntza «ofizialean» erabilgarria den zerbait izan dezaketelakoan.
Zientzia-kazetaria da Marchant eta Nature aldizkarian egin zuen terapia alternatiboak aztertzeko proposamena. Kritika asko jaso dituen arren, gogoeta ere eragin du Marchanten proposamenak. Hain zuzen, aipatzen du tratamendu horiek ematen dituztenek, askotan, beste medikuek izaten ez duten denbora, hurbiltasuna eta kontaktu fisikoa eskaintzen dizkietela pazienteei.
Bada, hori bada gakoa, ondo legoke osasun-sisteman aintzat hartzea, jendeak ez dezan terapia alternatiboetara jotzeko ez arrazoirik ez aitzakiarik izan.