«Curriculum irrealak sortu ditugu; horrek estresa sortzen du»

Jon Rejado / 2016-04-21 / 804 hitz

Ikasgelako denboraren antolaera aldatuz hezkuntza barneratzailean aurrera egin eta etxeko lanen pilaketa arindu daitekeela adierazi du Mollek; aldaketa irakasleengandik abiaraztea proposatu du.

«Hezkuntza denbora da», iruzkindu du Santiago Moll irakasle prestatzaileak (Ciutadella, Menorca, Herrialde Katalanak, 1973), Ikastolen Elkarteko Jardunaldi Pedagogikoetan emandako hitzaldian. Denbora horretan ekoizten ikasteaz gain pertsona izaten ikasi behar dela nabarmendu du. Zehaztu du, ordea, egungo hezkuntza sistema produkzioan zentratzen dela. Hori iraultzeko klaseetako denboraren eta espazioaren antolaera aldatu behar dela esan du.

Ikastetxeetan denbora arazo gisa ikusten dela azaldu duzu hitzaldian, aukeratzat hartu arren. Zergatik gertatzen da?

Ikasgela barruan, denboraren kontzepzioa oso estresagarria da. Gaur egun asko baloratzen da egitea, sortzea, produzitzea. Horrela, besteen beharrak betetzen dira; horrez gain, egindakoa kontrolatzea errazagoa da. Produzitzeak denbora asko eskatzen du, ordea, eta egungo eskola norabide horretan ezarri da. Curriculum irrealak sortu ditugu, eta horrek estresa sortzen du irakasleengan; konturatzen dira ez dagoela nahikoa denbora dena emateko. Horrek estresaren espirala elikatzen du, eta garrantzitsuena alboratzen dugu: pertsona. Curriculumaren eta pertsonaren arteko oreka aurkitu behar dugu.

Ikasgelako denboraren estresa gelatik kanpoko bizitzara igaro da, hein handi batean: etxeko lanak, hezkuntzarekin lotutako jarduera osagarriak…

Arazo horrek okerrera egin du azkenaldian.

Zergatik?

Denboraren gaineko kezkak, obsesioak, eskolaren mugak gainditu ditu, tamalez. Ikasgela barruan ezin dugunez produzitu beharko genukeen guztia, bertatik ateratzen da. Eskola, eginbehar ideiatik, zereginera igaro beharko litzateke. Ikasleak etxean zerbait egiten badu, erabilgarria dela sumatu behar du, ez jarduera mekaniko soil bat. Etxeko lanak ondo erabili behar dira; etxeko lanak bidaltze hutsak ez dakar ikasleak hobeto ikastea.

Okerrera egin duela azaldu duzu. Nola hauts daiteke?

Errituala aldatzea funtsezkoa da. Irakasleok oso egituratua dugu gure jarduera: azalpenak emateko tarte bat dago, beste bat zalantzak galdetzeko, eta denbora bat gauzak egiteko. Arazo nagusia da denbora asko erabiltzen dugula norabide bakarreko azalpenak ematera. Agian ez dugu zertan hori egin; agian azaltzen ditugun eduki horiek ikasleek beste modu batean ikas ditzakete, edo elkarri azalduz. Azalpen denbora murriztuta, irakasleak aukera izango du garrantzitsua den horretan zentratzeko: ikasleek beren kabuz ikasi ezin dutena azaltzean.

Aipatu izan duzu hezkuntza barneratzailea erraztuko lukeela.

Ohiko eskolan denbora tarte berdina eskaini nahi diogu ikasle bakoitzari. Hori ezinezkoa da. Ideia beste bat litzateke. Nola eskainiko diet ahal dudan denbora guztia behar handiena dutenei? Norabide bakarreko hezkuntzan, ez da posible. Denbora aldatu behar da: ikasleen elkarrekintzak sustatu, hein batean haiek egin dezaten irakasle lana; ikasleek beren kabuz ikasi ezin duten horretara mugatu irakaslearen lana…

Gelaren eta denboraren egituraketan atzera eginez gero, Haur Hezkuntzako antolaketara gerturatuko ginateke?

Hala da, bai. Hitzaldi batzuetan hezkuntza sistemaren lau etapen argazkiak jarri ohi ditut: Haur Hezkuntzako umeak era askean taldeka daitezke gelan; Lehen Hezkuntzan, launaka bildutako mahaiak daude; DBHn, mahaiak irakaslearen lekura begira daude, kide askori bizkarra emanda; azkenik, unibertsitatean mahaiak lurrera iltzatuta daude. Gelako espazioan inboluzioa gertatzen da, eta ezin da denbora aldatu espazioa aldatu gabe.

Leku askotan, irakaslearen tokian oholtzak daude.

Hori da. Unibertsitatearen ideia da ikasgelan irakaslea dela informazio baliagarria duen bakarra. Ez da dialektika sustatzen. Are gehiago: ez dakigunez seguru azaldutako hori barneratzen ari ote diren, kontrolak egiten dira. Irakasleok pentsatzen dugu azterketak egiten ditugula gure ikasleek ikasten dutela egiaztatzeko, baina uste dut gure segurtasun faltagatik egiten dugula.

Nola alda daiteke denboraren eta espazioaren egituraketa?

Askok mundua aldatu nahi dute, baina beren burua aldatu gabe. Aldaketarik gertatuko bada, norberak sustatu behar du. Zu adibide bihurtzen bazara, ingurukoengan eragingo duzu. Agintariak aldatzeko zain gaude, baina, nire ustez, ikasgeletan has dezakegu aldaketa, oinarri-oinarritik.

Prozesu horretan une zailak egongo direla aurreratu duzu hitzaldian. Nola egiten zaie aurre?

Ikasgelan aldaketa egon dadin, pertsonaren, irakaslearen aldaketa behar da. Aldaketa hori, ezinbestean, irakaslearen ikasketa berrien bidez helduko da; munduaren ikuskera zabalduko duten ikasketen bidez. Aldaketa prozesu horretan, bi dira arerio nagusiak: norbera eta inguruan daudenak. Horregatik, aldaketaren beldur garenean, garrantzitsua da ekarpen positiboa egiten duten pertsonez inguratzea.

Ikasgelako denbora eta espazioa aldatuz ikasleei heziketa emozionalean ere lagun dakiekeela aipatu duzu. Nola?

Denbora aldatuta, emozioak lantzeko aukera egongo da. Emozio hezkuntzak a priori gertatu behar du; gertatu aurretik. Zer egin ohi da gelan ikasle bat negarrez hasten denean? Gelatik ateratzeko eskatzen zaio, lasai dadin… Erabakiak hartzen dira emozioa gertatu ostean. Eskola aldatzen ez badugu, ezinezkoa da emozioei lekua egitea ikasgelan.

Nola eragingo luke emozioen hezkuntzak?

Iraultzailea litzateke. Irakasle bakoitzak bere lanaren zatitxo bat horretara bideratuko balu, gizartean izango lukeen eragina esponentziala litzateke. Denbora behar dela? Bai, baina, ez bagara hasten, ez badugu erabakirik hartzen, ez gara inora joango.

Zergatik ez da orain arte landu?

Matematikak ebaluatzea erraza da, baina emozioak… Horrez gain, ez da curriculumaren barruan sartzen. Ez da beharrezkoa unibertsitatera heltzeko, edota lanbide bat eskuratzeko; hortaz, ez du interesik. Garapen pertsonal eta profesionalerako ezinbesteko piezak direla ulertzen dugunean, eskolan sartuko da.

Eskolak herritarrak sortzen dituela esan ohi da. Alda daiteke eskola gizartea aldatu gabe?

Zaila da. Botere faktikoak obsesionatuta daude ahal bezain produktibo izan gaitezen. Botere horiek egiten irakatsi nahi digute, eta guk izaten irakatsi nahi dugu. Aldaketa hori nola egingo dugun pentsatzeko denbora behar dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.