Dirudunen atzeko atea

Ivan Santamaria / 2016-04-05 / 531 hitz

Fortunak ezkutatzeko erabiltzen diren sozietate sare konplexuak azaleratu ditu Panamako abokatu langela batetik filtratu den barne dokumentazioak.

Ez da aste hasiera lasaia izan Sigmundur David Gunnlaugssonentzat. Sekretupeko informazioarekin inoiz egon den filtraziorik handienetako batek urakanaren erdian jarri du Islandiako lehen ministroa. Gunlauggsonek eta haren emazteak, Sigurlaug Palsdottirrek, Witris izeneko sozietate bat zuten Birjina Uharte Britaniarretan, eta, hor, lau milioi dolar herrialdeko banku nagusien bonuetan. Zerga paradisu bat erabili izanak oposizioa sumindu du, eta protestak itzuli dira Reykjavik hiriburura, finantza gehiegikeriekin honezkero nazkatuta zegoen herrialde batean.

Islandiako lehen ministroa ez dago bakarrik. Beste izen bat baino ez da Panamako Mossack Fonseca abokatu langelaren bezero multzo aparteko eta zabalean. Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoa —ICIJ, ingesezko sigletan— enpresatik ezkutuan ateratako barne dokumentazioa aztertzen aritu da urtebetez, eta joan den igandean hasi da lortutako aurkikuntzak zabaltzen.

Sozietate eta enpresa sortzaile handienetako bat da Mossack Fonseca. Horietatik gehienak zerga paradisuetan kokatzen ditu. Banku sekretuari buruz Panamak dituen legeak baliatuta, posible da bezeroen ondasunak eta dirua sozietate baten izenean jartzea. Horrek ia ezinezko egin dezake hor dauden baliabideen benetako jabea zein den jakitea.

Filtrazioaren tamaina itzela da. Kazetariek 11 milioi agiri aztertu ahal izan dituzte. Langelaren ia jardun osoa gainbegiratzeko aukera eskaini die horrek, 1977. eta 2015. urteen artekoa. Bitarte horretan 210.000 sozietate baino gehiago sortu ziren, 21 jurisdikziotan. Birjina Uharte Britaniarretan eta Panaman bertan sortu ziren gehienak.

Zerga paradisuei buruzko adituek aspaldi salatu duten makineria paralelo eta ezkutu baten inguruan argia ematen lagunduko du ikerketak: dirua sekretupean mugitzeko modua ematen duten abokatu, kontulari, bitartekari eta bankari sare konplexu eta espezializatuak dira.

Ikertzaileen arabera, munduko 140 agintari politikori lotutako sozietateak aurkitu dituzte zerga paradisuetan, erdiak estatuburuak edo estatuburu izandakoak. Besteak beste, horien artean daude Argentinako presidentea, Mauricio Macri; Ukrainakoa, Petro Poroxenko; eta Saudi Arabiako erregea, Salman Bin Abdulaziz. Macrik ziurtatu du inoiz ez duela parte hartzerik izan halako sozietate batean.

Halaber, nazioarteko agintarien gertuko pertsonei lotutako enpresak zerrendatu dituzte ikertzaileek. Horien artean legoke Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege ohiaren izeba, Pilar Borboikoa. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren aitari lotutako beste sozietate baten berri ere eman dute. Halaber, Vladimir Putin Errusiako presidentearen ustezko aliatu batzuen sozietateei buruz informazioa argitaratu dute. Kremlinek gogor kritikatu du informazioa. «Argi dago Errusiari buruz ondo hitz egitea ezinezkoa den maila batera iritsi dela Putinofobia», Dmitri Peskov bozeramailearen hitzetan.

Konpainia, zalantzan

Mossack Fonseca atera da filtrazioari buruzko iritzia ematera, eta erabat ukatu du legez kanpoko jardunak erraztu dituela. Auto ekoizle batekin parekatu du euren lana Ramon Fonseca langelako bazkide eta gaur egun Panamako Lehendakaritzako ministro aholkulari denak. «Auto batek norbait jotzen duenean, erruduna ez da autoa fabrikatu duen enpresa». Haien lana soilik sozietateak sortzea zela adierazi du.

Haatik, barne dokumentazioak bezeroen defentsan hartutako hainbat erabakiren berri ematen du, ICIJen arabera. Narkotrafikoarekin eta nazioarteko delituekin zerikusia duten bezeroak aurkitu izan dituzte enpresarekin tratutan. Era berean, ondorioztatu dute bezero bakoitzaren neurrira eginiko sozietate egiturak ahalbidetu direla, ondasunak edo dirua ezkutatzeko.

Offshore sozietateen erabilera ez dago bere hartan legez kanpo. Hala ere, galdera deserosoak eragiten ditu bezeroek zerga paradisuekin izan duten harremanari buruz. Informazioa maiatzean argitaratuko dute osorik, baina badu oraingoz deribatu bat Euskal Herrian: Realak zazpi jokalariri soldatak ordaintzeko ireki zituen sozietateak, Birjina Uharteetan eta Niuen. Gipuzkoako Aldundiak agindu du «sakon» aztertuko dituela datu berriak. Antzera dabiltza nazioarteko ogasun gehienak orain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.