«Gizakiok Marten egonen gara»

Iker Tubia / 2016-04-14 / 502

Roskosmos Errusiako Espazio Agentziako kosmonauta eta medikua da Oleg Kotov. Hiru bider izan da Nazioarteko Espazio Estazioan, eta orotara 526 egun eman ditu espazioan.

Juri Gagarin sobietar kosmonauta izan zen espaziora hegaldi eskifaiadun batean joan zen lehen gizakia. 1961eko apirilaren 12an izan zen. Egun berean, aurten, kosmonauta errusiar bat izan da Iruñeko Planetarioan: Oleg Kotov (Simferopol, 1965). 2014ko Sotxiko olinpiar zuzia espaziora eraman zuen.

Ilargira ailegatu da, estazioak egin ditu, eta etorkizun hurbilean zer eginen du gizakiak espazioan?

Uste dut ilargira itzuliko garela; asteroide bat bisitatuko dugu, eta, azkenik, Marten egonen gara.

Nola moldatzen zarete espazioan eguneroko kontuetan?

Espazioan baldintzak oso ezberdinak dira. Berdin-berdin egiten duzu lo, baina loa oso modu ezberdinean garatzen da. Elikadurari dagokionez, gehienak kontserbak izaten dira. Espazioko dietaren %50 supermerkatuan erositako produktuak dira.

Nazioarteko Espazio Estazioan eman zenituen aldietan nola aldatu zen zure gorputza eta adimena?

Alterazio fisikoak edo fisiologikoak urte erdi baten buruan desagertu ohi dira. Baina bada desagertzen ez den kontu bat: munduaren ikuskera aldatu egiten da. Izan ere, ulertzen duzu zeinen txikia den Lurra, eta gure babes handia behar duela.

Bidaietan, ezustekoak, matxurak eta abar izaten dira. Beldurra izaten duzue horrelakoetan?

Gertakizun desatseginak azkar ahanzteko dago egina gizakion memoria, eta, era berean, zoriontsu egiten gaituzten gauzak denbora luzeagoz gordetzen ditu. Horregatik, espaziora itzultzen zaren bakoitzean onena baizik ez duzu espero.

Espaziora doan lagun bakoitzeko, zenbat geratzen dira lurrean?

Oso zaila da hori jakitea, baina SESBen eta Errusiaren historian 120 lagun baizik ez dira egon. Are, orain kosmosera joanen den astronauta da 120.a. Mundu osoko herrialdeak kontuan izanda, 500 lagun inguru joan dira espaziora.

Prestaketan zer da gogorrena?

Pazientzia handia eskatzen du, eta hori da gogorrena. Nire lehenbiziko hegaldia prestatzeko, hamar urte behar izan nituen.

Orotara, ia bi urtez egon zara espazioan. Zer aldatu da lehenbiziko bidaiatik azkenekora?

Tira, lehenbiziko espedizioa egin nuenean galtzak bete ilusio zituen hasiberri bat nintzen, eta azken bidaiatik itzuli nintzenean, belaunaldi berrietako astronauta gazteen hezitzailea nintzen. Beteranoa naizela uste dut, eta nire esperientziak beste pertsona batzuei helarazi beharrean ikusten dut neure burua.

Zer egiten duzue estazioan?

Estazioa nazioarteko laborategi gisa sortu zen. Azkenengo hegaldia egin nuenean, estazioa erabilgarri zegoen, eta hegaldi hori programa zientifikora bideraturik zegoen. Proiektu nazionaletatik haragoko esperimentuak egin genituen denok. Esperimentu programa horiek mundu osoko zientzialari komunitateari zegozkien.

Elkarbizitza Lurrean zaila bada, nola daramazue hori espaziontzietan, hain toki txikia izanda?

Guk oso ongi dakigu zein den gure lana, eta ongi dakigu norberaren sentimenduak errespetatu behar ditugula ere. Nazioarteko estazioko eskifaia eredu ezin hobea da ikusteko hainbat nazionalitatetako pertsonek elkarrekin bizi eta lan egin dezaketela.

Zergatik da gai espazioa Lurrean elkar ezin ikusi dutenak batzeko?

Garaierari esker, Lurrean gatazka handiak sortzen dituzten arazo txikien gainean jar zaitezke.

Argazki ederrak ere egiten dituzu espazioan, ikuspuntu berezia duzula aprobetxatuz.

Lurraren irudi eder horiekin geratzea gustatzen zait, eta, noski, jendearekin partekatzea, edozeinek ez baitu espaziora joaterik.

Urrutitik nola ikusten da Lurraren egoera ekologikoa?

Askoz ere hobeki ikusten da espaziotik. Gizakiak naturan duen eraginaren tamainak izugarri hunkitzen zaitu. Lehenbiziko hegalditik hirugarrenera, adibidez, nahiz eta denbora tarte txikia izan, gizakien esku hartzeak Lurraren hainbat eremutan izan zuen eraginaz ohartu nintzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.