Ihintza Elustondo / 2016-04-16 / 733 hitz
Javi Riverok eta Imanol Zubelzuk ‘Pagotxa.eus’ webgunea sortu dute, Hasier Etxeberriarekin batera. Gazteentzako «errezeta errazak» bildu dituzte.
Errezetak habia utzi duten zure moduko txorientzat». www.pagotxa.eus webgunean sartu orduko, esaldi hori ageri da pantailaren erdian. Gurasoen etxetik alde egin eta sukaldean aritzeko zailtasunak dituzten gazteentzat sortu dute ataria Javi Rivero villabonarrak (Gipuzkoa) eta Imanol Zubelzu tolosarrak (Gipuzkoa), Zuzeu atariarekin elkarlanean. Donostiako Basque Culinary Centerreko ikasleak dira biak, eta errezeta konplexuagoak prestatzera ohituta dauden arren, zerbait «sinplea eta dinamikoa» egiten saiatu dira. «Inoiz sukaldean aritu ez denarentzat, gustatzen ez zaionarentzat edo praktikotasuna bilatzen duenarentzat, oso errezetategi erraza eta praktikoa da», azaldu du Zubelzuk. «Jendeak sukaldean aritzeari dion beldurra galtzea nahi dugu», erantsi du Riverok.
Hasier Etxeberriaren ideia batetik abiatuta sortu dute webgunea. Etxeberriak errezetategi bat zuen beste proiektu batzuk direla medio, eta hori gazteengana gerturatu nahi zuen nolabait. Unibertsitateko eskolen harira, bi gazteek kontaktua zuten harekin, eta lau hilabetez elkarrekin lanean aritu ostean, joan den asteazkenean jarri zuten martxan www.pagotxa.eus. Zuzeu albiste atariaren —Etxeberria haren sortzaileetako bat da— zazpigarren urtemuga ospatu dute webgunearekin jaiotzarekin.
Mota guztietako errezetak aurki daitezke atarian: tomate eta hegaluze entsalada, arkumea labean, amuarraina urdaiazpikoarekin, Oreo gailetekin egindako pastelak… Eta baita baratxuria ahora ez etortzeko trikimailuak ere. «Etxetik ateratzen zara, gaztea zara, ikasle etxe batean zaude eta nola jan dezakezu ondo? Nola elika zaitezke gauza errazekin?», galdera horiek bota ditu airera Zubelzuk. Haren arabera, posible da gauza errazak eta kalitatezkoak prestatzea. «Ez duzu pizza eta hanburgerra jan beharrik egunero». Ideia horri tiraka sortu dute webgunea.
Plater bat prestatzeko azalpen argiak eta zehatzak jarri dituzten arren, errezetek ez dute ohiko tonua. Honelako esaldiak irakur daitezke webgunean, besteak beste: «Berakatza edo baratxuria ahora etor ez dakigun, hoberena da zuritu, zatitu eta haren barruan dagoen ernamuina kentzea, oso pisua baita janez gero. Gainera, lizun kontutan ibiltzeko asmoz bazaude, bikotekideak eskertuko dizu». Zubelzuk azaldu duenez, euskara modu ez-formal batean erabiltzen saiatu dira. «Ohituta gaude betiko patroietara. Euskaraz errezetategi gutxi daude, eta daudenak oso formalak dira. Hau askoz gertuagokoa da, eta, aldi berean, euskara zuzen batean idatzita dago. Ematen du euskaraz ondo idazteak formaltasun bat ematen duela; euskara zuzen eta ez-formala nik oso gutxi ezagutzen dut».
Hasier Etxeberriak euskara eta umorea uztartzerakoan zeresan handia izan duela azaldu dute. Errezeta guztiak euskara hutsean idatzi dituzte, nahiz eta bikoteak hitz batzuk aurrez ezagutzen ez zituen: abakandoa, esaterako. Halako kasuetarako bilatu dute soluzioa: hiztegi bat jarri dute, jendearentzat ezezagunak izan daitezkeen hitzak beste hizkuntzetara itzultzeko. Abakandoa-ren ondoan, honako hau irakur daiteke: Bogavante, Crabe, Hormard, Javel, Misera, Oeuf. «Etxe guztietan inprimatu beharreko hiztegia da», esan du barrez Zubelzuk.
Erraz prestatzeko platerak aukeratu dituzte, eta, egitura aldetik ere, praktikotasuna bilatu dute. «Lehen begiratuan oso atsegina da ataria. Eskuko telefonotik sartzen bazara ere, oso erraz moldatuko zara. Berez erraza den zerbait gehiago errazten du horrek. Ez duzu denbora galduko zerbait bilatzen», adierazi du Riverok. Orrialdea zabaltzearekin bat, errezetak ageri dira kategoriaka sailkatuta.
Gainera, plater bakoitzaren azalpenaren ondoan, argazkiak eta bideoak jarri dituzte. Oraindik guztiek ez dute bideorik, baina, pixkanaka, guztiei jartzeko asmoa dute. «Ikus-entzunezko euskarriak lagundu egiten du, jendeak ikusteko benetan nola egiten den. Ikusi egiten duzu zein pauso jarraitu. Ez da berdin irakurtzea ‘juliana eran moztu’, edo ikustea nola egin; ziurtasun bat ematen du», azaldu du Riverok. Haren arabera, bideo «arinak» dira, labur eta zehatz azaltzen dituztelako jarraitu beharreko pausoak.
‘Zuzeu’-ren filosofia
Webgune «ireki bat» izatea nahi dute, publikoarekin elkarreragina bilatuko duena. Horretarako, erregistratzeko aukera eman diote jendeari; edonork bere proposamenak bidal ditzake, edo zerbaiten errezeta behar balu, haren eskaera bidal dezake. «Elkarlan bat planteatu nahi du. Zuzeu-ren filosofiari jarraitzen dio nolabait», agertu du Zubelzuk. Beraz, ataria martxan dagoen arren, «hazten» joango den zerbait izango dela aurreikusten dute.
Biek ala biek lau urte daramatzate Basque Culinary Centerren ikasten, eta sukaldaritzan badute eskarmentua. Diotenez, sarritan «zailagoa» egiten zaie plater «sinpleak» prestatzea. «Ez dakien baten lekuan jarri behar duzu. Guretzat ohikoa den detaile bat ez da hain ohikoa harentzat», azaldu du Riverok. Dena den, Zubelzuk egin beharreko zerbait dela uste du. «Sukaldari baten betebeharra dena da. Ez da bakarrik izugarrizko baliabideekin sekulako menu puskak ematea 200 eurotan. Gu gazteak gara, eta gure lagunak gazteak izanda, ondo jaten saia daitezen nahi dugu. Hortik dator gure apustua».
Gastronomiaren inguruko heziketak arduratzen ditu Rivero eta Zubelzu, eta, horren haritik, Batean enpresa sortu dute. Jatetxeetan aholkularitza saioak egiten dituzte, ikastaroak elkarteetan nahiz gaztelekuetan… Webgunearekin jarraitzeaz gain, proiektu horretan murgildu nahi dute aurrera begira. Baina, lehenengo, argi dute gradua amaitu behar dutela. «Lan gehiago ezin ditugu hartu», diote, barrez.