Iker Tubia / 2016-04-20 / 514 hitz
Iruñeko Buztintxuri eskola da sanferminetako afixen lehiaketaren irabazlea. Mikel Mendibilek, Patricia Martiartuk, Mikel Santosek eta Eneko Uhartek ikasleen marrazkiak erabili dituzte.
Sanferminak iragartzeko afixa aukeratua dute iruindarrek. 600 bat lagunen lanaren fruitu da aurtengo kartela. Hala azaldu du Eneko Uhartek (Iruñea, 1980). Hura izan da kartelaren egileetako bat, Mikel Mendibil, Patricia Martiartu eta Mikel Santosekin batera, baina afixa diseinatzeko erabili dituzten hitz eta marrazkiak Iruñeko Buztintxuri ikastetxe publikoko haurrek egin dituzte. Zazpi urte ditu eskolak, eta seitan aurkeztu dira lehiaketara. Orain, irabazi egin dute. «Guk ikusten duguna ez dute besteek ikusten: eguneroko lana, ikasleen ilusioa… Ikasleak kartelean daude. Kartel bizia da».
Sei urtez aurkeztu zarete, eta, lehenbizikoz, finalera pasatu eta irabazi duzue. Nola bizi duzue?
Finalera ailegatzea irabaztea bezala izan zen. Guk ilusio handiarekin egiten dugu, baina haurren marrazkiekin sortutako kartel batek irabaztea oso hunkigarria da, eta emozio handia sortzen digu. Festa mundiala eginen dugu.
Nolatan bururatu zitzaizuen urtero lehiaketara aurkeztea?
Gure eskola pitin bat berezia da. Irakasle taldean sortu zen ideia; alde batetik, proposamen artistiko gisa, eta, bestetik, artearekiko eta gure inguruarekiko, Iruñearekiko gura edo gustua pizteko.
Haur guziak dira artistak?
Prozesu honetan, eskolako haur guzi-guziek aktiboki parte hartu dute beti. Eskolaren proposamen artistiko eta pedagogikoa da. Galdetu genien zer ekartzen zieten sanferminek gogora, eta 10x10eko orri banatan hitz bat eta irudi bat egiteko eskatu. Emaitza ordenarik gabeko sanfermin batzuk dira.
Haurrek hitz bat eta marrazki bat sortu behar zituzten, baina, gero, nola egin zenuten irudia?
Gurasoek batzorde bat osatzen dute, eta han ematen zaio forma teknikoa. Urteren batean, haurrek puska gorriak ekarri dituzte —oihalak, paperak, botoiak…— collage moduko bat egiteko; beste batean, plastikoagoa izan da, eta margoturiko eskuekin estanpazioa egin dugu… Ideia irakasleren batek sortzen du, eta, gero, komunitateari zabaltzen diogu, baina forma batzorde teknikoak ematen dio. Haiek badakite zer tresna eta diseinu behar diren. Guraso batzuek eta zuzendaritza taldeko kideek osatzen dute batzordea.
Zer eginen duzue sariarekin?
Eskolan oso kontzientziaturik gaude garapenerako heziketarekin, eta, jardueren artean, elkartasun azoka bat prestatzen ari gara hainbat elkarterekin. Jarduera Siriako errefuxiatuengana zuzenduko dugu. Pentsatu dugu sari honen zati bat horretarako izango dela.
Hori irakaspen handia izan daiteke haurrendako?
Alde batetik, kontzientziazio lana da, baina ez bakarrik ikasleekin lantzeko, baizik eta oro har. Bestalde, eskolan balio horiek ditugu, eta asko indartzen ditugu; beraz, zer hobe hori bultzatzea baino?
Euskarak orain arte izan ez duen presentzia du sanferminetako kartelean.
Gure eskola eleaniztuna da: euskarazko eta gaztelerazko lerroak ditugu, eta bietan ingelesa. Gure eskolan hiru hizkuntzak presente daude, momentu oro, horietan komunikatzen baikara; beraz, gure kartelean agertu behar zuten, haiek horrela sentitzen dutelako. Guk haiei askatasun osoa eman genien hizkuntza aukeratzeko. Bestalde, sentsibilitate ezberdinak ditugu. 30 nazionalitate ingurutako ikasleak ditugu. Hori aberastasun handia da.
Txikien ikuspuntutik egina da. Zer esanahi du afixak?
Kartela bizirik dago. Haurrak bizirik daude, energiaz beteta, eta hor atzean ageri diren ikur, hitz, sasi-marrazki eta marrazki horiek adierazten dute aniztasuna, aberastasuna eta haurren festa. Ohiturik gaude haurren festa karteletan ikustera, baina helduen ikuspuntutik. Honek zuzen-zuzenean haurren festa haurren ikuspuntutik erakusten du.
Irabaztea ez zen zuen helburua izanen, baina jarraituko duzue kartelak aurkezten?
Bai, jarraituko dugu, ziur, gure helburu nagusia ez baita irabaztea, baizik eta proposamen artistiko bat egitea.