Peru Iparragirre / 2016/4 / 213 hitz
Katalina Eleizegi Maiz (1889, Donostia, Gipuzkoa – 1963, Lizarra, Nafarroa) idazlea apirilaren 6an jaio zen, orain dela ehun eta hogeita zazpi urte. Bere sei antzezlan argitaratu ziren, horietarik askok kritikaren eta publikoaren harrera ona izan zuten. Hogeita zazpi urte zituela eman zioten lehen saria, Garbiñe (1917) antzezlanari esker, hainbat alditan eman zuten jendaurrean eta hurrengo urtean argitaratu.
Haurra zelarik gaizki sendatutako katarro baten ondorioz, bronkitis kronikoa pairatu zuen bizitza osoan zehar. Gaitz hori zela eta, hara eta hona ibili zen bizileku lehorragoen bila. Asko bidaiatu zuen, gehienbat Nafarroa eta Gipuzkoan barrena. Gazterik Burgosen irakasle ikasketak egin zituen, nahiz eta bere osasun egoeraren ondorioz ezin izan zen irakasle lanetan asko aritu. Bizitzaren azken hogeita hamar urteak Lizarran eman zituen eta bertan hil 74 urterekin, ustekabean, ahoko infekzio bat sendatzeko medikamentu batek eragindako erreakzio alergiko baten ondorioz.
Eleizegik gai historikoak landu zituen gehienbat. 1932ko Antzerki aldizkarian kondaira-antzerki gisa bataiatu zuten bere lana. Aipagarria da Katalina Erauso esploratzaile, idazle, moja eta soldadu donostiarri buruz idatzi zuena: Erausoko Kateriñe (1962). Euskal antzerkiaren urrezko aroko autoreetako bat izan zen, euskaltzalea, Madalena Jauregiberri eta Tene Mujika bezala.
1966an Donostiako Aiete auzoko kale bati bere izena jarri zioten eta bertan dago gaur egun Gaztezulo aldizkariaren erredakzioa.
Irakurri beharrekoa
Sarean irakur daitezke Eleizegiren bi lan:
Gaine (1932) antzezlana osorik irakur daiteke eta Garbiñe antzezlanaren liburu elektronikoa eskuratu daiteke armiarma.eus webgunean.