Oier Lakuntza / 2016-04-20 / 768 hitz
Gaurko sarrera honetan, azken urteotan sarritan entzuten den kontu bati buruz ariko naiz: negutegi efektuaz. Klima aldaketaren gaia puri-purian daukagun garai honetan, berau eteteko negutegi efektua txikitu beharra ezinbestekoa da. Azken batean, honek gure planetako tenperaturaren igoera eragiten du, eta horren ondorioz Lurreko bizi baldintzak era arriskutsuan alda daitezke, hainbat bizidun espezieren desagertzea eraginez.
Dena den, gaur egun negutegi efektuak kutsu negatibo bat bereganatu badu ere, fenomeno honegatik ez balitz, Lurreko bizi baldintzak oso bestelakoak lirateke. Izan ere, negutegi efektu naturala berez gertatzen den zerbait da. Hau da, Lurrak sortzen duen grabitateak, bere inguruan atmosfera bat sortzea eragiten du, eta bertako gasek berez eragiten dute aipaturiko berotegi naturala.
Azken batean, eguzkitik datorren erradiazio ikuskorrak gure planetaren gainazala berotu egiten du, eta honek, gorputz bero guztiek bezala, bero hori argi ikuskorrak baino uhin luzera handiagoa duten izpi infragorri gisa askatzen du. Atmosferako gas batzuek, karbono dioxidoak edo ur lurrinak adibidez, izpi horiek xurgatzeko gai dira, eta behin xurgatuta, hein batean gainazalerantz itzularazten dituzte, beren askatzea oztopatuz. Beraz, atmosferako gas horiek argi ikuskorrarekin eta izpi infragorriekin ezberdin jokatzen dutela esan daiteke. Lehenengoen aurrean ia gardenak dira, eta bigarrenen aurrean erdi opakoak.
Era honetan, Lurrera iristen den energiaren eta honek askatzen duenaren arteko oreka bat sortzen da. Hau da, gure planetaren tenperatura konstante mantentzeko, nahitaezkoa da atmosferara iristen den eta bertatik espaziora askatzen den energia berdina izatea. Bada, negutegi efektua eragiten duten gasek oreka hori baldintzatzen dute. Esate baterako, negutegi efekturik ezean, Lurraren gainazaleko batezbesteko tenperatura gaur egungoa baino 30bat gradu txikiagoa litzateke, -18 ºC koa alegia. Horregatik diogu negutegi efektu naturala beharrezkoa dela, fenomeno honegatik ez balitz Lurreko bizi baldintzak jasangaitzak bailirateke.
Fenomeno honen eraginaren beste adibide adierazgarri bat Artizarra planetan daukagu. Planeta honek Lurraren oso antzeko tamaina dauka, eta eguzkitik Lurra baino 40 milioi kilometro gertuago dago (Lurra 150 milioira dago). Zentzu horretan, normala den bezala, bertako batezbesteko tenperatura Lurrekoa baino askoz ere altuagoa da, 482 ºC koa alegia. Aldiz, Merkurio planeta, eguzkitik Artizarra baino 50 milioi kilometro gertuago badago ere, bere gainazaleko batezbesteko tenperatura 179 ºCkoa da.
Nola uler daiteke Merkurio eguzkitik Artizarra baino askoz ere gertuago egon arren, bertako tenperatura Artizarrekoa baino baxuagoa izatea? Ba asmatuko zenuten bezala, honetan ere negutegi efektuak zerikusi haundia dauka. Izan ere, Merkurioren atmosfera oso mehea da, eta honek izpi infragorriak espaziora berehala askatzea eragiten du. Aldiz, Artizarraren atmosfera Lurrarena baino askoz ere dentsoagoa eta lodiagoa da, batez ere karbono dioxidoz osatua, eta honek negutegi efektu ikaragarria eragiten du, planetak askatzen dituen izpi infragorriak bere gainazalera itzularaziz.
Gure planeta urdinera itzuliz, gaur egun karbono dioxidoa jotzen da negutegi efektuaren eragile nagusitzat. Dena den, ez da bakarra. Esate baterako, abeltzaintza eremuetan askatzen den metanoak, karbono dioxidoak baino 25 aldiz errazago xurgatzen du beroa. Era berean, oxido nitrosoaren kasuan, negutegi efektu potentziala karbono dioxidoarena baino ia 300 aldiz handiagoa da.
Edonola ere, giza jardueren eraginez karbono dioxidoaren emisioek izan duten gorakada kontuan hartu behar da. Izan ere, karbono dioxidoa naturalki sumendi erupzioetan eta sute naturaletan soilik askatzen bada ere, giza jarduerek atmosferako bere kontzentrazioa igotzea eragin dute. Jarduera horien artean aipa ditzakegu zentral termikoak eta erregai fosilen konbustioa. Bigarren puntu honetan leudeke kotxea gehiegi erabiltzearen kalteak. Halaber, baso soiltzeak ere, atmosferako karbono dioxidoaren xurgatzea txikitzea dakar, fotosintesia egiteko gas hau erabiliko duten landare gutxiago egongo baitira. Ez ahaztu Amazoniar Oihana Lurraren birika dela esaten dela.
Aldiz, negutegi efektua eragiten duten beste gasen kontzentrazioa karbono dioxidoarena baino txikiagoa da, edo atmosferan denbora gutxiago irauten dute. Gainera, giza jarduerek ez dute beren kontzentrazioetan hainbesteko eraginik. Horregatik aipatzen da karbono dioxidoa Lurraren berotze globalaren errudun nagusi gisa.
Prozesu hau ikusteko aplikazio interesgarria daukazue orrialde honetan. Bertan ikus dezakezuen bezala, eguzkitik datorren argi ikuskorrak (puntu zuriak) arazorik gabe zeharkatzen du Lurreko atmosfera. Aldiz, Lurrak izpi infragorri gisa askatzen duen beroa (puntu gorriak) hein batean atmosferaren aurka talka egiten du, berriro Lurraren gainazalera itzuliz. Hala, atmosferan karbono dioxido gehiago baldin badago, gehiago izango dira atmosferak gainazalera itzularaziko dituen izpi infragorriak, eta honek beroa espaziora askatzea zailduko du.
Azken urteetan jaso diren datuek agerian uzten dute berotze hori benetan gertatzen ari dela. Berez ez dirudi hain larria, gradu gutxi batzuetako aldaketa suposatuko baitu. Aldaketa txiki horrek ordea, ondorio izugarriak izango ditu gure planetarentzat. Izan ere, diferentzia txiki horrek bizidun askoren desagertzea eta basamortuen ugaritzea ekar dezake. Gainera, berotze horren ondorioz polo eta glaziarretako izotz jeruza asko txikituko da, itsas maila zentimetro batzuk igoaraziz. Honek kostaldeko zenbait eremu urpean geratzea lekarke.
Zentzu horretan, Meteorologiaren Mundu Erakundeak egindako neurketen arabera, 2015 urtea orain arteko beroena izan zen, eta honezkero industrializazio aurreko garaietan baino gradu bat altuagoa da Lurreko tenperatura. Are gehiago, neurketak egiten hasi zirenetik neurtutako hamasei urte beroenetako hamabost XXI. mendekoak izan dira.
Ba hori da negutegi efektuaz esateko neukana. Hurrengoan gehiago!