Mikel Garcia Idiakez / 2016-04-18 / x hitz
“Buztanjale bat zara eta ipurtzuloa apurtu diezazutela da gustatzen zaizuna, marikoia. Nazkatu arte jango dituzu zakilak. Kanpoan zure zain egongo naiz”. Halakoak jasan zituen, kadete mailako futbol partidu batean, Jesús Tomillero arbitro andaluziarrak. Publikoki bere homosexualitatea onartu duen Espainiako Estatuko lehen arbitroa da bera eta gertatutakoa ezkutuan mantentzeko presioak jasan dituen arren, erasoa salatzea erabaki du.
21 urteko arbitro honen erabaki batekin ados ez, eta futbol taldeetako baten material arduradunak bota zizkion aipaturikoak. Jokalari batzuen partetik ere entzun zituen gisakoak, etengabe. “Zelaiko delegatuari esan nion poliziari abisatzeko, baina bazterrak ez nahasteko erantzun zidan. Okerrena da 15-16 urteko gazteak hezten ari direla. Horrek ematen dit min gehien. Erasotzailearen semea partidua jokatzen ari zen, zein balio ari zaizkio erakusten?”.
“Nik jada ez dut beldurrik. Errespetatu nazatela baino ez dut nahi”
Jazotakoa publiko ez egiteko presioak izan ditu eta hedabideetan agertzen jarraitzen badu zigortuko dutela ere esan dio Andaluziako Futbol Federazioak. Baina jarrera hauek inpunitatean utzi eta isilpean mantendu ordez, komisarian salaketa jartzea eta bide batez futbol kategoria guztietan ematen den homofobia bistaratzea erabaki du. “Gehiagotan gertatu zait, baina beldurragatik ez dut salaketarik jarri. Aski da. Ez dut gehiago halakorik onartuko”.
Tomilleroren hitzetan, “gay asko dago ezkutuan Espainiako futbolean, baita Lehenengo eta Bigarren mailetan ere. Diskriminatuak izateko beldur dira eta ulertu dezaket. Baina nik jada ez dut beldurrik. Errespetatu nazatela baino ez dut nahi”.
Erasotzaileak ezingo du bederatzi partidutan jardun eta 30 euro ordaindu beharko ditu. Gainera, arbitroak jarritako salaketa oinarri hartuta, Andaluziako Arco Iris Federazioak erasotzailearen aurkako kereila aurkeztu du gorroto delituez arduratzen den fiskalaren aurrean.
Babes mezu andana
Herritarrengandik babes mezu asko jaso dituelako pozik da Tomillero, ausart jokatzeagatik ere zoriondu dute. Bere herriko udalaren eta Andaluziako Juntaren aldetik ere sostengua adierazi diote, “ideologien gainetik”.
LGBT komunitatearen eskubideak aldarri dituen Nenas Cadista futbol peñak berriz, omenaldia antolatu zion pasa den apirilaren 10ean Cadiz futbol taldearen estadioan. Futbolariek homofobiaren aurkako pankarta atera zuten joko-zelaira eta ikusleek ortzadarraren koloreko globoak astindu zituzten.