Iñaki Lasa Etura / 2016-04-15 / 553 hitz
Londresko Paralinpiar Jokoetan, 2012an, hasi zen grabatzen Asensio garun paralisia duen igerilari horri buruzko filma; etzi aurkeztuko du, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian.
Lau urte igaro dira Iñigo Asensiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1985) Richard Oriberi buruzko filma egiteko asmoa agertu zuenetik. Garun paralisia duen historiako igerilari onenaren atzean dagoen istorioa kontatu nahi zuen. Londresko Paralinpiar Jokoak ziren orduan. Riokoen atarian aurkeztuko du, azkenean, Richard Oribe. Al otro lado de las medallas dokumentala (Richard Oribe. Dominen beste aldean), etzi, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, Viktoria Eugenia antzokian. Sarrera guztiak saldu dituzte.
Kirolari gisa oso ezaguna da Richard Oribe, baina ez hainbeste igerilekutik at. Hutsune hori betetzeko baliagarria izango da filma?
Bai, eta hortik dator filmaren izenburua: Dominen beste aldean. Jende askok ezagutzen du Euskal Herrian, baina dominak irabazten dituen Richard Oribe ezagutzen du. Oso ondo, eta zer dago hortik harago? Familia bat, oso haurtzaro gogorra, urteetan ezagutu ez den pertsona bat eta, batez ere, igeriketa amaitzear dagoen eta etorkizunean bere bizitzarekin zerbait egin beharko duen norbait dago. Horren bueltan dabil filma; beste aurpegi hori erakusten dugu, haren ingurua. Richarden isiltasunetan gauza asko daude, eta filmean islatzen da hori. Urteetan hitzez gauzak adierazi ezin horrek beste gaitasun bat eman dio. Asko hausnartzen du. Oso zaila da, bestalde, Richard bere osotasunean islatzea ordubeteko film batean.
Igeriketa da Oriberen bizitza. 42 urterekin inoiz baino presenteago al dago «Eta orain zer?» galdera?
Bere une gozoenetako batean dagoela esango nuke, nahiz eta igeriketa amaitzear duen. Igaro dira urte batzuk koklea inplantea jarri ziotenetik, komunikazio gaitasuna hobetu zuenetik, lagun talde batekin aisialdi eta eguneroko normalagoa duenetik. Bizitza osoa igeriketari eman ostean, bere denbora banatzen ari da orain. Noski, hor jarraituko du igeriketak. Berak argi du umeekin lanean jarraitu nahi duela, entrenatzen, jakituria transmititzen. Inspirazio iturri izango da oraindik ere.
Nola hartu zuen berari buruzko dokumentala egiteko asmoa?
Ordurako harremana nuen harekin, Bat to London programarako arrakasta izan zuen erreportaje bat egin genuelako. Gurasoak, Javier [Aymerich] entrenatzailea eta bostok afaltzeko geratu ginen. Gogoan dut haren aurpegia, begiak; batez ere, haren ilusioa eta prestasuna. Harrigarria da Richardekin grabatzea, haren profesionaltasuna. Eman ditut urte batzuk telebistan, puntako kirolariekin lan egin dut, eta gutxitan ikusi dut halako prestasunik eta gaitasunik duen inor.
Oso pertsona maitatua da Oribe. Aitortzak jaso izan ditu, baina ez al dute ahaztu askotan?
Richarden ibilbidea hain izan da luzea, gutxietsi egin da hark lorturikoa. 24 urte pasatu dira Bartzelonan debuta egin zuenetik: sei Paralinpiar Joko eta hamasei domina. Erraztzat jo da, eta ez, ez da erraza. Inork ez dio ezer oparitu. Are gehiago, Paralinpiar Jokoetan mailakatze bat dago, eta garunean eta nerbio sisteman inongo arazorik ez dutenekin lehiatzen da. Zetorrena zetorrela, aurrera egin du beti. Fenomeno bat da, historiak eman duen garun paralisidun igerilari onena.
Ez dira egongo euskal kirolariei buruz egindako dokumental asko.
Mendi film jaialdietan badira euskal produkzioak, baina kirolean eta paralinpiarretan ez dut uste hala pertsonalizatutako lanik dagoenik. Saiatu gara filma Donostiako audientziarentzat bakarrik ez egiten. Richarden istorioa unibertsala da.
Nolakoa da lau urteotan ezagutu duzun kirolari eta pertsona?
Richard xarmagarria da, goxoa, maitekorra, ulerkorra, langilea, zorrotza bere buruarekin eta besteekin… Eta, batez ere, inspirazio iturria. Energia ona transmititzen du.
Zazpigarren Paralinpiar Jokoak izango ditu Rion. Azkenekoak?
Kazetariok sarri sentitzen dugu galdera hori egiteko beharra, baina kirolariak ez dio erantzun nahi. Ez da ziurra Richard Rion [Brasil] izango denik; inkognita ez ezik, zaila ere bada. Nekatuta dago: besoak ez ditu hain indartsu sentitzen.