Ion Cerezo / 2016-04-02 / 383 hitz
Atsedenaldi luze baten ondoren, berriro ere hemen idaztera animatu naiz. Zeri buruz idatz nezakeen pentsatzen nenbilela, lagun bat etorri zait ea arrautzarik zergatik jaten ez ditudan galdezka. Egia esan, beganoa zarela esaten duzun oro, beti dago arrautzen gaia ateratzen duen norbait. Baina… oiloak aske bizi dira, ez? Arrautzek sufrimendua dakarte? Horren harira, hau idaztea pentsatu dut, erantzuten dudanaren laburpen formal bat edo idatziz.
Lehenik eta behin, oiloa “per se” sufritzen duen espezie bat dela eta arrautzak beraien hilekoa dela argitu nahi dut. Beraien ezaugarriak gizakion nahierara moldatzen joan gara urtez urte, gaur egun oilotzat ezagutzen dugun animalia izan arte. Hau ez da ezer berria, gizakiok horrelako asko “sortu” ditugu. Horren adibide izan daiteke bulldog frantsesa adibidez. Honen ondorioz, hauen hileroko zikloa izugarri aztoratu dugu. Naturan oilo batek 10-15 arrautza jarri beharko lituzke urtean eta industrian erabiltzen diren oiloek, aldiz, 250-300 jartzen dituzte. Kalkuluak eginez, oiloen zikloa 22 aldiz handitu dela ikus dezakegu. Gizaki bati aplikatuz gero, kontuan izanik arrautza ernaldua edo ernaldu gabe jartzen dutela oilek, 1’3 egunetik behin haur bat izatea bezala litzateke.
Sarrera hau eta gero, goazen gaur egungo edozein oiloren bizia deskribatzen saiatzera. Jaiotzean, sexuaren arabera banantzen dituzte oiloak. Arrak, arrautzarik jartzeko ahalmenik ez dutenez eta hauek hazi eta haragirako saltzea errentagarria ez denez, bizirik erailtzen dituzte birringailu batera jaurtiz. Beste guztiei, hau da, arrautzak jarri ahal dutenei, mokoa mozten diete. Izan ere, kaiola batean egoteak eta hainbeste arrautza jartzeak eragiten dieten estresaren ondorioz, beraien artean pikatzen dira bestela. Oilo hauek, dendetan saltzen direnak dira. Denak igarotzen dira “aukeratze prozesu” honetaz, ez du axola gero baserri edo fabrika batera doazen. Txita arren erailketa masiboa finantzatzen duzu edozein arrautza kontsumituz.
Arrautzak jartzeari uzten diotenean, produktu huts gisa ikusi eta beraien interesak kontuan hartzen ez ditugunez, beraien biziarekin amaitzen dugu gure aiztoa lepoan sartuz. Era natural batean 5-15 urte biziko lirateke, horrela ez dira 2 urtera iristen. Batzuk ez dira bi urtetara iristen ere, izan ere, biologikoki hainbeste arrautza jartzeko prestaturik ez daudenez, arrautza bidean geratu eta gorputz barruan usteltzea nahiko erraza da. Oilo hau zaintzen duen baserritarrak benetan oilo hau maiteko balu, arrautza aterako lioken operazioa ordainduko luke, baina honek makina balitz bezala ikusten du eta errazagoa da beste bat erostea. Azken finean oilo baten biziak 10€ baino gutxiago balio du.
Hurrengoan, oiloak aske direla edo sufritzen ez dutela esan baino lehen, pentsa ezazu orain irakurri duzunari buruz.