Edurne Larraza / 2016-05-18 / 268 hitz
Maiz erabili izan dut idazle-irakurlearen konparaketa informatikaren irakaskuntzaren beharra argudiatzerako garaian eta lehengoan sorpresa hartu nuen Mark Guzdialek (Georgia Tech Unibertsitateko irakasle eta informatikaren irakaskuntzari buruzko blog arrakastatsuaren idazlea) idatzitako azken liburuan argudio hori bera aurkitu nuenean.
Berak erabiltzen duen modua zainduagoa eta garatuagoa da, beraz zuzenean bere hitzak aipatuko ditut: “Gutenberg-en inprentaren sorkuntzak testu alfabetatzearen inguruan rol ezberdin asko garatzeko testuingurua sortu zuen: irakurlea, idazlea, inprimatzailea, editorea, banatzailea eta argitaratzailea. Ordenagailua inprenta moduko bat izaki, rol mota asko sortzen ditu ere. Badira software idazleak (programatzaileak, software ingeniariak), irakurleak (erabiltzaileak), software fabrikatzaileak (adib. Microsoft eta Adobe) eta software banatzaileak.”
Inprimatzeko makina asmatu zenetik, herriko jende soila alfabetatzen, hau da, irakurtzen eta idazten hasi zen. Alfabetatu arte denbora pasa zen. Izan ere, 1455. urtean argitaratu zuten Gutenbergen biblia eta 1489an inprimatu zen lehen liburua Euskal herrian. Hala ere, 1900. urtean oraindik Gipuzkoako biztanleriaren %50ak gutxi gora behera ez zekien ez irakurtzen ez idazten ere, eta gutxi gora behera %10a zen irakurtzeko gai, baina ez idazteko.
Gaur egun ezin dugu imajinatu gure umeei irakurtzen irakastea idazten erakutsi gabe, ezta? Idazlearen helburu nagusia sortzea ez bada ere.
Informatika etorkizuneko lanbidea dela saldu digute, urte gutxi batzuetan Europan milaka informatika aditu beharko direla eta une honetan horretarako prestatzen ari diren pertsonak ez direla nahikoak izango. Enpleguaren argudioak badauka jendea erakartzea, baina egunero eskuartean darabilguna ezagutzea, alfabetatzea, garrantzitsuagoa iruditzen zait niri.
Fisikaren legeak jarraitzen dituen eta uneoro erreakzio kimikoak dituen mundu batean bizi garelako irakasten da eskoletan fisika eta kimika. Egunerokotasunean kontuak egin behar ditugulako matematika irakasten da eta kultura orokorra eskuratzeko, hizkuntzak eta literatura. Eta egunero eskuartean ditugun tresnek magia egiten dutela pentsatzen jarraitu behar al dugu?