Edu Lartzanguren / 2016-05-13 / 940 hitz
Haurtzaroko bideo joko makinak berreskuratzeko lanean dabiltza hainbat talde, munduan bezala, Euskal Herrian ere. Batzuek zaharberritu egiten dituzte makinak, eta beste batzuek, hutsetik sortu. Nostalgiak mugitzen ditu, baina baita jakintza partekatzeko eta sozializatzeko gogoak ere.
Xarma gorde nahi genuen, teknologia berririk erabili gabe», esan du Dani Artamendik, bideo jokoen makina zahar-berriari begira. DonostiTron taldekoa da, eta kideekin 1980ko hamarkadan tabernetan, billartokietan edo jokalekuetan (arcade ingelesez) egoten ziren bideo jokoen makina haietako bat berreskuratu eta eraberritu du.
Kanadako Torontotron taldean inspiratu ziren Artamendi eta lagunak elkartea sortzeko. «Jokoak ikusgarri egiteko egin genuen makina», azaldu du. Bideo jokoak egin izan dituzte taldean, baina ikusi dute jendeak gero ez dakiela hor daudenik. Beraz, arcade makina berreskuratzea erabaki zuten, gero leku publikoren batean jartzeko.
Donostitronekoek pantaila zaharrari eutsi zioten, nahiz eta makinok berreskuratzen dituzten askok TFT modernoak jarri, askoz definizio handiagoa dutelako. «Guk jatorriko pantailaren pixel erreak gorde nahi genituen, eta baita burmuinean sartzen zaizun soinu zorrotz hori ere», esan du barrez.
Garai hartako jokalekuen giroa berreskuratu nahi zuten. Lau hilabeteko lana izan zen makina egitea. Altzariaren marrazkiak diseinatu, biniloan inprimatu, botoiak aldatu, ordenagailu berria jarri… Internet izan zuten informazio iturri nagusia. «Hor ikusi genuen badagoela moda, baina baita modatik kanpo ere, nostalgiaren kulturaren zaleak».
Izan ere, txikitako bideo jokoen makinak berreskuratzeko ilusioz ari dira lanean 40 urteren bueltan dabiltzanak. Baina, harago doa fenomenoa, gazteagoak izanik, tabernetako tramankulu haiek ezagutu ez zituzten askok ere bat egin dute joerarekin.
Diana Franco Donostiako Tabakalerako Hirikilabs guneko arduraduna da horietako bat. Age of Empires (1997) estrategia jokoarekin hazi zen, baina baita Digger (1983) eta Pac-man (1980) jokoekin ere. «Herritarrei eskatu genien egitasmoak aurkezteko, eta DonostiTronekoek proposatu ziguten arcade makina egitea. Guk baliabideak utzi genizkien euren ideia gauzatu zezaten», adierazi du makina zaharberrituaren botoiak sakatzen dituen bitartean maila gainditzeko, eta bidean ez hiltzen saiatzeko.
Zortzi biteko kultura esaten diote. Izan ere, garaiko ordenagailuek halako prozesadoreak zituzten. Gaurkoek 32 edo 64 bit erabiltzen dituzte, eta, noski, askoz indartsuagoak dira. Grafiko gordinak zituzten ordenagailu haiek, pixel lodiekin marrazturiko pertsonaia baldarrak, eta tonu sinpleko musika sarkorrak.
Irungo garaje batean aurkitu zuten makina zaharra DonostiTronekoek. Doan lortu zuten. Jendeak gaur 800 eta 1.200 euro inguru ordaintzen ditu halakoen truke. «Astakeria da, baina modak halakoak dira», esan du Artamendik.
Haurtzaroan edo gaztaroan ZX Spectrum eta Commodore lehen ordenagailu pertsonalekin (biak 1982. urtean merkaturatutakoak) eta lehen bideo jokoen kontsolekin zortzi biteko teknologia erabili zuten haiek ari dira nostalgia horretatik abiatuta lanean, Artamendiren arabera. Hammerin’ Harry eta Street Fighter II izan ziren Artamendiren haurtzaroko joko klasikoak. Idealizazioaren kontra ohartarazi du: «Joko hauek badituzte Emugak eta gabeziak, eta, askotan, Super Mario Bros [1985] askoz politagoa da zure oroimenean errealitatean baino».
Askoz zailagoak
Garai hartako jokoek badute, edonola ere, gaurkoek deskaifenatu duten ezaugarri bat: askoz zailagoak dira. «Joko haiek ez zizuten ezer azaltzen, dena zerorrek asmatu behar zenuen». Ulertzekoa da, tabernetako makinak, jokalaria kanporatu eta Game Over (jokoa amaitu da) eta Insert Coin (sartu txanpona) mezua ahalik eta azkarrena erakusteko diseinatzen zituzten.
Bat dator ideia horrekin Julen Zaballa. Load: Euskal Bideojokoaren Historia (1985-2009) liburua idazten amaitu zuen martxoan. Asko erraztu dira gaurko bideo jokoak, jokalaria trabatzen denean, jokoa utzi eta beste bat hartzen duelako. «Orduan, ez zenuen jokoaren amaiera ikusten, oso zaila zen. Orain, jokogileek nahi dute zuk bideo jokoaren amaiera ikustea, esperientzia osoa eskaini nahi dute».
Zaballaren ikerketaren arabera, Euskal Herriko lehen arcade bideo jokoa Sopelan (Bizkaia) egin zuen Joseba Epalzak. Sega konpainiaren Frogger jokoaren bertsioa da: igel batek errepide bat gurutzatu behar du, autoak saihestuta, eta, gero, erreka bat, urak dakartzan enborren gainean jauzi eginda. «Epalzak ez zuen partidak balio zuen 25 pezeta [0,15 euro] gastatu nahi, eta bere ZX Spectrumean programatu zuen Basic lengoaian». Microhobby aldizkarian argitaratu zuen 1985ko martxoan.
Hemen eginiko lehen bideo jokoen makina Los Justicieros izena zuen, eta Bilboko Picmatic enpresak egin zuen 1993. urtean. Arrakasta handia izan zuen eta mundu osoan saldu zen, Zaballak kontatu duenez.
Gaur bideo jokoak sortzeko ehunka langile eta milioika euro erabiltzen dituzten konpainia handien itzalpean, talde txikiek sorturiko bideo joko independenteen munduarekin lotu du Zaballak 8bit kulturaren pizkundea. «Talde horiek ez dute estudio handien baliabideak eta itzultzen ari dira pixel art-era, hau da, bideo jokoetako pertsonaiak eta pixelez-pixel marraztera». Asko errezten die horrek lana, eta askoz merkeagoa da. Horrez gain, gaztetako jokoen dinamikak ere berreskuratu dituzte. Beraz, joko berriak daude, eta alde retro-a gauza modernoekin nahasten dituzte.
Makina berreskuratzetik harago, beste egitasmoak gauzatu dituzte Hirikilabseko zaleek. Altzaria ere eraiki dute bi makina txiki egiteko, mahai gainean jartzekoak, baina arcade estiloan. «Botoi klasikoak ditu, eta hardwarea zein sofware librea», azaldu du Joseba Egia injeniari elektronikoak. Izan ere, 25 euroko Raspberry Pi ordenagailuaz hornitu dute gailua, eta arcade joko klasikoetan jolasteko aukera ematen duen Mame emulatzailea.
Teknologia partekatzeko gogoa sumatzen du Francok. Bideo joko horiek guztiak Interneten partekatzeko moduan daude, jaisteko eta erabiltzeko. Makina fisikoa bera izateak sekulako boterea du. «Leku batera joatea, makina horretan jolastera, aitzakia da jendearekin elkartzeko».
Klixea apurtzen da, beraz, horren bidez. Teknologiak bakartu egiten duela jendea, norbera bere mundu birtualean sartzen duela… «Arcade munduan komunitateak sortzen dira, jendeak interesen bidez elkartzen da. Teknologia ez da garrantzitsuena», esan du Francok.
Proposamenak jasotzeko hurrengo deialdia ekainaren 10ean egingo dute Hirikilabsen. Ostegun arratsaldetan biltzen da jendea gero horiek garatzeko. DonostiTroneko kideek ikasita dute nola eraiki arcade makina bat, eta orain, bigarren faseari ekingo diote: leku publikoan jarri nahi dute makina, eta bertan eginiko bideo jokoak sartu, jendeak ezagutu ditzan hemengo jokoak, eta horiekin jolasterik izan dezan.
Zenbat iraungo du arcade makinen modak? Zabalduko al dira berriz jolastokiak? Mugimendu txiki batera mugatuko dela uste du Zaballak. Argi du: «Nostalgia beti egongo da, baina gaurko gazteen joko klasikoak nire adinako batentzat herenegungoak dira. Ez dut uste arcade jokoak berreskuratzen ibiliko diren, hori ez delako haien nostalgia. Errazago irudikatzen ditut PlayStation 1eko Tomb Rider edo Gran Turismo jokoan. Baina hori, niretzat ez da retro».