Urtzi Urkizu / 2016-05-25 / 1213 hitz
Euskal Herriko zein atzerriko arkitektoek diseinatutako eraikin berezi ugari daude euskal geografian. Horietako batzuek nazioarteko sari eta aitorpenak jaso dituzte, nahiz eta inguruko herritar askok ezagutu ez.
Cite de L’Ocean et du Surf. Miarritze
Steven Holl arkitektoak (New York, AEB, 1947) Miarritzeko herriko etxeak (Lapurdi) 2005ean antolatutako lehiaketa irabazi zuen, Cite de L’Ocean et du Surf eraikitzeko —2011era arte ez zuten inauguratu—. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ondare batzordeko kide Mikel Rotaetxeren arabera, 2005etik 2011ra proiektuari ukituak emanez joan ziren, «eta emaitza aparta izan zen». Udalak museo bat egin nahi zuen, baita hiriko hondartzei eskainitako erakusketa areto bat ere. Halaber, surfarekin lotutako egitasmoentzako zentro bat paratu zuten. Rotaetxek azaldu duenez, eraikinak bi lelo ditu: «Zeruaren azpian eta itsasoaren azpian». Mendebaldera du itsasoa eraikinak, 300 metrora, eta hara begira daude estalki konkabo batzuk. Holl arkitektoak paisajismo lantzat jo zuen, ez eraikintzat. «Gainera, parte bat lurpean dago». Goiko partean, beirazko bi kubo daude, bat txikia eta bestea handia. «Arkitektoak harkaitz deitu zien kuboei. Nabarmentzekoa da Hollek oso ondo egiten duela lan beirarekin», gaineratu du Rotaetxek. Eraikinaren inguruan espazio bereziak badira: terrazetako batean «bainuontzi moduko bat» dago skateboarda praktikatzeko. Itsasotik gertu dagoenez, material iraunkorrak erabili zituzten: beira, hormigoia eta kareharria. Espazioaren osotasuna «poesia handikoa» dela uste du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko kideak: «Inguruan ez dut beste eraikinik ezagutzen halako poesiarekin».
Basamortuaren plaza. Barakaldo
Eduardo Arroyo Bilboko arkitektoak diseinatutakoa da Barakaldoko (Bizkaia) Basamortuaren plaza. 2002. urtean inauguratu zuten. Arroyok modu honetan definitu zuen proiektua: «Toki primitibo bat, gaueko jarioekin, altzairuekin airean, trebesa eta errailekin, ikatz beltzez eta ur ilunez betea». Plaza egin aurretik fabrika batzuk zeuden han. Mikel Rotaetxe arkitekoak azaldu duenez, hango lurrak deskutsatzen lan gogorra egin behar izan zuten. «Hura pozoituta zegoen». Baina lorategi bilakatu zen tokia, etxe artean. Lorategien eskari handia zegoen garai baten fruitutzat jo du Rotaetxek. «Planoa mosaiko baten moduko bat da, zentzurik gabeko patchwork bat, baina ederra». Plaza «oso sofistikatua» dela iruditzen zaio ondare adituari. 12.000 metro karratu dira, karratuz betetakoak. Arroyok berak Lasesarreko futbol zelaia diseinatu zuen Barakaldon, aditu ugarik azkeneko urteetan laudatu dutena.
Azkoitiko Udal Liburutegia. Gipuzkoa
Alemaniako AD arkitektura aldizkariak apirilean argitaratu zuen zerrenda baten arabera, Azkoitiko (Gipuzkoa) Udal Liburutegia munduko hamar liburutegi ederrenen zerrendan dago. Ez da jaso duen aitorpen bakarra; 2007an, inauguratu eta urte batera, Kultura Arkitektoniko eta Urbanistiko Iraunkorraren Espainiako Saria jaso zuen
Juan Beldarrain arkitektoaren obra da udal liburutegia. Urolako trenaren geltoki zaharreko espazioa okupatzen zuen 2006. urtearen aurretik, baina parte batean bakarrik. «Lehiaketa batera gonbidatu gintuzten. Eraikina zabaldu nahi zuten. Eta elbarriek soilik beheko solairura joateko aukera zutenez, hori ere konpondu nahi zuten», gogoratu du Beldarrainek. «Gure proposamena izan zen eskultura moduko bat egitea tren geltokian. Horrez gain, bulebar loreztatu batekin lotu genuen, trenarekin lotutako eremua espazio berri bat bilakatuz».
«Saski baten gisa» hartzen du liburutegia arkitektoak. Eta saski horretan daude antolatuak sarrera, eskailerak, igogailua, komunak eta liburuzainarentzako gela bat. «Geltoki zaharra zen espazio guztia, berriz, libre gelditzen da liburutegiaren hiru solairu bertan kokatzeko, areto handi eta malguekin».
Liburutegia kanpotik deigarria da, egurrezkoa delako. «Egurrezkoa izatea primeran ezkontzen da trenaren bulebarrarekin, espazio loreztatuarekin». Eraikin zaharraren istorioak berriarekin lotura «poetikoa» duela iradoki du Beldarrainek. «Gure ideia da eskultura bat eraiki dugula trenaren trabesak erabilita, bidea desmuntatu eta gero. Benetan horrela ez den arren, horixe iradokitzen dugu».
Iraunkortasun arloan eraikinak jaso dituen aitorpenak ez dira kasualitate hutsa izan. «Ondo aztertu genuen iristen ziren oholak kalitatezkoak izatea, ohikoak baino hobeak. Proiektu txikia izan arren, pozik gaude Espainiako iraunkortasun saria eman zigutelako», dio Beldarrainek. «Birziklapena eta segurtasuna uztartzen ahalegindu ginen».
Arkitektoa «harro» dago, halaber, liburutegia AD aldizkariko zerrendan azaldu delako, argitalpen hori «jende askorentzat erreferentziazkoa delako». Belda- rrainek uste du nazioartean «konplexurik gabe» aritu behar dela: «Euskal Herrian oso arkitektura ona egiten da».
Arrosadiko haur eskola. Iruñea
Iruñeko Arrosadia auzoko haur eskolaren eraikina ez dute soilik hango umeek eta gurasoek ezagutzen. Eskolaren maketa ikusgai izango da Veneziako Arkitektura Biurtekoan —bihar inauguratuko dute; publikoarentzat, larunbatean—. Sariak ere jaso ditu, tartean 2013ko Espainiako Arkitektura Sari Nagusia eta Construmat nazioarteko saria. Carlos Pereda eta Oscar Perez dira egileak. Iruñeko Udalak antolatu zuen lehiaketa baten fruitu izan zen eskola. «Tokia kontuan hartu gabe ezin da eraikina ulertu. Triangelu formako orube bat zegoen, beste eraikin baten atzealdean. Horregatik, eskolak zokalo baten modukoa izan behar zuela pentsatu genuen», esan du Carlos Peredak. Betoi prefabrikatuz egindako eraikina da, eta irazkorra. «Altuera irabaziz joaten da, partzelan sakonduz doan heinean».
Barrutik eraikina «irazkorra» izan zedin saiatu ziren Pereda eta Perez. «Argitasunez betea izatea nahi genuen. Umeek elkar begiratzeko aukera izatea. Funtsean, kanpoko irmotasuna barnean atsegin bilakatzea», nabarmendu du Peredak. 3 urtera arteko umeak joaten dira Arrosadiko eskolara. Horregatik, erabilerari begira, logika beste edozein planteamenduren aurrean gailendu zela uste du arkitektoak. «Premisa oinarrizkoena eta bakarra izan zen eraikin praktiko bat izatea, ondo antolatua».
2011n inauguratu zuten, eta hurrengo urtean eraikin publiko iraunkorrenaren Endesa saria jaso zuen Arrosadiko haur eskolak. Gainera, Nafarroan geotermia energia garbiarekin eraiki zen aurreneko eraikin publikoa izan zen. «Landare estalkia du. Energia termikoa erabiltzen du. Beraz, garapen iraunkorraren arabera eraikita dago».
Urteotako sariek asko poztu dute arkitektoa, « eskola erabiltzen duten jendearengatik, udaleko langileengatik eta ingurukoengatik». Nazioarteko aldizkari ugaritan azaldu da eraikina: Alemanian, Erresuma Batuan, Hego Korean…
Koroatzearen eliza. Gasteiz
Miguel Fisac arkitektoak (Ciudad Real, Espainia, 1913-Madril, 2006) diseinatu zuen Gasteizko Andre Mariaren Koroatzearen eliza, eta 1957. eta 1960. urteen artean eraiki zuten. Proiektuak arkitektoaren bi kezka zituen abiapuntutzat: argiaren tratamendua eta eliztarren kokalekua. Mikel Rotaetxe arkitektoaren iritziz, Gasteizko eraikin bereziena da eliza. «Fisac arkitektoaren onenetakoa ere bada. Fisacen lanei buruzko liburu baten azalean ere ageri da elizaren argazkia». Arabako hiriburuko alde zaharraren ipar-mendebaldean dago eraikina. «Inguruko eraikinak erabat neutroak dira, aldamenean plaza arrunt bat dago».
Kanpotik arrautza itxura du eraikinak, ez du zerikusirik garai bateko elizekin. «Baina 1960ko hamarkadan egiten ziren eliza modernoen tankerakoa bada», azaldu du Rotaetxek. Arkitektoari batez ere elizaren barnealdea egiten zaio deigarria: «Hegoalderantz begira dago, eta argia soilik eskuinetik dator. Eskubiko pareta zuzena da, harrizkoa, eta zulo bertikal txiki batzuk ditu. Argi gutxi sartzen da horietatik. Pareta horrek, amaieran, leiho bat du, aldaretik gertu, eta hortik sartzen da argi gehiena». Ezkerreko pareta, berriz, kurbatua eta zuriz margotua da. Edonola ere, argiaren berezitasunez aparte, elizaren ezaugarri bitxiena da barneko lurzorua ez dela horizontala, baizik eta maldan dagoela. Maldan gora egiten du, aldarerantz. «Elizara sartzen denak berehala nabaritzen du malda hori. Ez da batere ohikoa eliza baten lurzorua maldan egotea. Ez dut inon halakorik ikusi», esan du Rotaetxek.
Eliza lehengai sinplez dago egina: harria, egurra eta betoia. «Teilatua, berriz, oso sofistikatua da eraikinaren beste parteen aldean». Rotaetxek Fisac arkitektoa goraipatu du: «Oso ona zen».