Arantxa Iraola / 2016-05-14 / 972 hitz
«Esperimentazioan». Psikologia ikasketak amaitu zituenerako gogoa guztiz jardun horretan jarria zuela esplikatzen du Manuel Carreirasek (Outeiro de Rei, Galizia, 1959). Egun, garuna eta hizkuntza ardatz dituen BCBL ikerketa zentroa zuzentzen du. Donostian 2009tik dihardu, esperimentazio betean. Ehunka ikertzaile erakartzen ditu urtean, eta milaka boluntario. Itaunez betetako jakintzaren alor batean ari dira: burmuinaren funtzionamenduak misterio asko ditu oraindik, eta hizkuntzaren egitura konplexu eta miresgarria han nola ernaltzen eta garatzen den ikustea benetako erronka da. Zirraragarria.
Euskadi ikerkuntza saria BCBL osoarena dela esan duzu…
Jakina. Gauza hauek ez dira bakarrik lortzen; jende asko dago atzean. Denok gara garrantzitsuak. Fernando Alonso 1 Formulako pilotuaren adibide bat jartzen dut nik sarritan adibide gisara; azaltzen dut nola lasterketa bat galdu zuen behin mekanikari batek autoan torloju bat gaizki jarri ziolako. Ikerketa zentro batean ere jende asko behar da, eta denen jarduna da garrantzitsua.
Hizkuntza, garuna eta kognizioa. Itaun asko daude oraino zuen ikerketa arloan. Nola aurkezten ditu BCBLko buruak?
Gizakiok bereizten gaituen ezaugarri kognitibo bat da hizkuntza, eta, horri esker, komunikatzea bakarrik ez, errealitatea irudikatzea ere lortzen dugu. Giza espeziearen oinarrizko ezaugarri bat da. Badira beste espezie batzuk ahalmen aski garatuak dituztenak, baita arrazoibiderako ere, baina ez dute hizkuntzarik… Horrek egiten gaitu gu espezie berezi, eta gure garuna, hain justu, hizkuntza garatu ahal izateko prestatuta dago. Aski da umetxo bat komunitate linguistiko batean jartzea gaitasun hori martxan jartzeko.
Lilura sortzen du oraindik ere horren konplexutasunak…
Hala da, erabatekoa. Hain arma boteretsurik! Hizkuntzarik gabe errealitatearen ulermena bera zinetan ezberdina litzateke.
Eta garunak nola ahalbidetzen du hori guztia? Zer dakigu?
Horixe jakin nahiko nuke… Gero eta gehiago dakigu, eta garunari buruz jarduteko modua asko aldatu da azkenaldian. Lehen uste zen garunaren zati bakoitzak funtzio ezberdinak zituela. Gaur egun badakigu hori ez dela horrela. Ordenagailu baten antzekoa da, oso-oso konplexua, eta badakigu badaudela garunean autobide antzeko batzuk informazioa daramatenak, eta oso garrantzitsuak direla. Materia gris eremuak garrantzitsuak dira, baina gaur egun ikusi da segur aski garrantzitsuagoak direla autobide horiek, eta orain dela urte batzuk aipatu ere ez ziren egiten. Eremu subkortikalari ere —hipokanpoa, talamoa…— garrantzi handiagoa ematen zaio gaur egun.
Eta asko falta da ezagutzeko?
Ezezaguna da garuna, bai. Oso konplexua da; paraleloan diharduten hainbat eremu ditu, beren artean harremanetan daudenak, eta egungo ikerketetan axal-axalean ari garela iruditzen zaigu oraindik sarri askotan. Baina gero eta gehiago dakigu; badira, esaterako, burmuineko tumoreak orain dela urte batzuk operatu ere ez zirenak egiten, eria okerrago uztea zekartelako. Egun, neurokirurgialariei laguntza emateko gai gara, tumoreak guztiz erauzi, eta pazienteak ongi geratzeko.
Badituzue adibideak…
Hizkuntzan eragina duten burmuineko zatietan tumoreak daudenean, adibidez, laguntza eskaintzen diegu Gurutzetako Ospitaleko neurokirurgia unitateko medikuei. Hona etortzen dira aurretik pazienteak, ebakuntza prestatzera; tumorearen inguruko burmuinak zer aktibazio mota dituen aztertzen dugu hemen. Eta ebakuntza egiteko eguna iristen denean, kaskezurra irekitzen diote eriari, eta esnatuta, neurokirurgialariek garuna estimulatzen dioten bitartean, hainbat proba pasatzen dizkiogu, ebakuntzak utz ditzakeen nahigabeko ondorioak saihestu edo apaltzeko.
Erruz hitz egin da elebidun izateak garunaren funtzionamendurako ekar ditzakeen abantailei buruz. Ukatu egiten duzu zuk.
Elebitasunak abantailak ditu? Bai eta ez. Elebitasunak aukera berri asko irekitzen ditu, jakina. Euskara ikasi nahian nabil ni, eta gustura ikasiko dut, ate berri asko irekiko dizkidalako. Baina elebidun izateak burmuinerako abantailarik badakarren? Ez. Horren atzean dagoen ustea da elebidunok etengabeko aldaketa egiten ari garela bi hizkuntzen artean, eta garunaren funtzio exekutiboa entrenatzen ari garela. Badira, hain zuzen ere, zenbait ikerketa diotenak elebidunok funtzio hori erabiltzea eskatzen duten hainbat esperimentutan emaitza hobeak ematen ditugula… Baina besteok ez dugu lortzen ikerketa horiek berritzea; auzitan daude. Elebitasunak ez du jendea jakintsuagoa egiten, edo aparta. Beste kontu bat da elebitasunak aldaketak dakartzala garunera, elebakarren garunekin alderatuta ikusten diren ezberdintasunak.
Izan ere, ezagutzen diren hizkuntzek moldatu egiten dute garuna, ezta? Haurtzarotik…
Umetxoen garunak prest datoz edozein kontraste atzemateko, munduko edozein hizkuntzatan… Denborarekin, ordea, sintonizatu egiten dira inguruan entzuten duten hizkuntzak berezko dituen kontrasteekin. Jakina da, esaterako, Japoniako umeek zortzi hilabeterako galdu egiten dutela l eta r soinuen arteko ezberdintasuna, japonieran ez delako kontrastiboa. Nolabait ere, prest datoz biak bereizteko, baina, inguruarengatik desikasi egiten dute, ez dutelako behar.
Dislexiaren inguruan irekia duzue beste ikerketa lerro garrantzitsu bat. Zer ari zarete ikasten?
Gero eta gehiago dakigu. Badakigu oinarri genetiko bat duela; gaur egun nagusi den hipotesiak azaltzen du fetua eratzen ari denean neuronak ez direla kortexera behar bezala iristen, eta horrek zenbait ektopia sortzen dituela. Dislexikoei post mortem egindako ikerketetan ikusi dituzte tankera horretako ektopia edo desplazamenduak. Beraz, pentsatzen da hori dela kausa. Gero eta gehiago dakigu gaiaz, eta ikerketa zentro asko gabiltza dislexia lehenagotik atzematen lagun dezakeen biomarkatzaileren baten bila. 8-9 urterekin diagnostikatzen da askotan, irakurtzeko eta idazteko arazoei atzematean: berandu da.
Zer gertatzen zaien argituta, errazago lagun dakieke, ezta?
Bai, esku hartzeko erremintak landu daitezke irakasle eta gurasoei erakusteko nola lagundu haurrei. Azaltzeko eskolak egokitu egin beharko direla haur horientzat, ikasmaterialak ere bai, eta, unibertsitatera heltzen badira, adibidez, ahozko azterketak egin beharko zaizkiela… Baina badago oraindik sentiberatasun falta gaiaren inguruan. Herrialde anglosaxoietan, adibidez, kontzientzia handiagoa dute: agerikoagoak ere izaten dira han sarritan irakurtzeko arazoak. Gaztelaniaz eta euskaraz, motelago irakurrita ere, oharkabean pasatzea errazagoa da izaten da.
Ikerketak egiten dituzue, halaber, hizkuntz gaitasunari erreparatuta gaitz neurodegeneratiboak diagnostikatzeko bidea egiteko. Nola doa lan ildo hori?
Gure galdera handietako bat. Hizkuntza elementu oso konplexua da: prosodia, semantika, morfologia, sintaxia… Maila asko ditugu, eta aztertzen ari gara, hain justu, hizkuntzaren maila horiek nola hondatzen diren, ikusteko gaixotasun horien aztarnarik atzeman daitekeen. Horretarako aztertzen ditugu adineko pertsona osasuntsuak, eta Parkinsonen eritasuna dutenak.
Mundu zabalera begira ari zarete. Zerk egiten du berezi BCBL?
Ingurua bikaina da: bi hizkuntzen bizikidetzak berezi egiten du gure zentroa. Bi hizkuntza dituzten leku gehiago badira, jakina, baina aski hizkuntza ezberdinak dira euskara eta gaztelania, eta horrek ikerketarako leku aparta egiten du BCBL. Ekipamendu aldetik ere oso ondo prestatuta dago, eta horrek erakargarria egiten du. Hemen, hamalau naziotako ikertzaileak batera egon izan ohi dira lanean… Oraintxe, deialdi bat izan dugu: 60 aurkeztu dira, eta hiru hautatu ditugu. Lehia handia dago hona etortzeko.