Zurrunbiloaren erdian, berriz

Jon Rejado / 2016-05-14 / 715 hitz

Otsoaren inguruko eztabaida bizitu da azken bi urteetan. 2016. urtea hasi denetik, bat egin dute animalia hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko ekinbide batek, Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako ehizaren bidezko kontrolak eta abereen aurkako erasoek.

Otsoaren eta gizakiaren arteko elkarbizitza gatazkatsua da. Azken hilabeteetan elkarbizitzari buruzko eztabaida berotu egin da, kontrajarritako iritzietan oinarrituta. Batetik, kontrol neurriak eskatu dituzte otsoari leporatutako erasoak izan dituzten abeltzainek (urtea hasi zenetik lau otso hil dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak baimendutako uxaldietan); bestetik, otsoa babesteko eskatu diote elkarte ekologistek Eusko Jaurlaritzari, dagozkion eskumenak baliatuta, baldintza bertsuan dauden beste espezieekin egin duen moduan.

Baina argitzeko dago ea otso talderik dagoen Bizkaian. Alde batek dio azken urteetan hantxe ezartzen ari dela; besteak, otsoa desagerrarazi dutela. Udan argituko da zalantza, otsokumerik jaiotzen ote den argitzen denean.

Abeltzainen iritziz, gaur egun, egonkortzeko prozesuan daude Bizkaian otso taldeak. Uste dute horregatik ugaldu direla otsoei leporatutako arazoak Karrantzan. «Abeltzain batzuek artaldeak menditik jaitsi dituzte, baina otsoa herrietara gerturatzen hasi da», azaldu du Andoni Garcia EHNE Bizkaiko zuzendaritza taldeko kideak. Artaldeei egindako erasoak arazo ekonomikoa baino gehiago direlako gogoeta egin du, eta gaineratu ezbaian dagoela eskualdeko bizimodua bera. «Ez bazaio abeltzaintza estentsiboari eusten, herri baten iraupena jarriko da kolokan Karrantzan».

Beste aldean, hainbat elkarte ekologistak Eusko Jaurlaritzari eskatu diote Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzeko otsoa. Kalteak urritzeko kontrol neurriek —zenbait ale ehizatzeko baimenak— Bizkaian dauden otso apurrak desagerrarazi dituela uste dute. 2015eko hasieran milaka sinaduren babesarekin aurkeztu zuten aipatu proposamena Euskadi Otso Taldeak, Ekologistan Martxan-ek eta beste 24 elkartek. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpi otso talde izateko gaitasuna dago, Jaurlaritzak berak hala adierazita», azaldu du Jorge Etxegarai Euskadiko Otso Taldeko kideak.

Eusko Jaurlaritzak aztertu egin behar zuen otsoa Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartzea, baina oraindik ez du ezer egin; hala salatu dute talde ekologistek. Euskadiko Naturaren Kontseiluak eman behar zuen horri buruzko ebazpen justifikatua, baina urte batean ez du ezer esan. «Jakin nahi dugu Jaurlaritzak zer konpromiso erreal dituen bioaniztasuna mantentzeko», azaldu du. Alde horretatik, halako erabakiak hartzeko bi irizpide dituela salatu du, aztertzen duten espeziearen arabera.

Andoni Garciak aitortu du ezin dela gatazka saihestu otsoari buruz hitz egitean, baina saihestu daitekeela taldeen arteko aurkakotasuna. Kantabrian (Espainia) abiarazitako ekinbidea jarri du eredu gisa. Kantabrian mahai bat osatu dute otsoaren kudeaketan zeresana duten eragileek. Mahai hoirretan, gaiari heltzeko hitzartutako bideak lantzen ari dira. Garciak otsoei buruzko ikerketetan sakontzeko eskatu du, kudeaketa hobetzeko baliabideak aztertzeko.

Horren haritik, ehiza daitezkeen espezieen zerrendatik kendu nahi du otsoa Kantabriako Gobernuak. Otsoaren Kudeaketa Planaren zirriborroa aurkeztu du, berriki, Kantabriako Parlamentuan. Alderdi guztiek onartu zuten, PPk izan ezik.

Gainbeheraren ostean, gora

Otsoari buruzko eztabaida indartuz joan da 2014tik, eta areagotu egin da gaur egun. Urte horretan ugaritu zen otsoari egotzitako eraso kopurua, bai Araban, bai eta Bizkaian ere. 2013an, adituek aztertu eta otsoari leporatutako 24 eraso egon ziren; 2014an, 70era igo ziren. Erasoekin batera, abeltzainen kexak ugaritu ziren, eta, horien eskutik, ehizaren bidezko kontrol neurriak.

Eztabaidaren berpizteko arrazoietako batzuk daude Eusko Jaurlaritzak eskatutako 2015eko otsoaren erroldan. 2008tik gainbehera handia izan ondoren, 2014tik aurrera otsoaren presentzia handitu egin da. Errolda horretan, otso taldeak zenbatzen dira: eskualde batean ezarri eta ugaltzeko joera duten animalia talde egonkor eta bateratuak.

1990eko hamarkadan, datuak egonkorrak izan ziren. Urtero talde bakarra zenbatu zuten. 2000ko hamarkadan, otso talde kopurua handitu zen, batez ere Araban. 2000. urtean, bi talde antzeman zituzten, eta 2008an, lau: Gibijon, Gaubean, Gorobel mendilerroan eta Badaian. Hortik aurrera, gainbehera heldu zen, ordea. 2012an ez zegoen talderik.

Erroldan egondako gorabehera horiek zenbait modutan arrazoitu dituzte zientzialariek: lehenik, otsoaren populazioaren dinamikak argudiatu dituzte; bigarrenik, Arabako eta Bizkaiko taldeen ahultasuna ekarri zuten gogora, otsoak hartzen duen eremuaren mugan daudelako; eta, azkenik, isilpeko ehizaren eragina nabarmendu dute. Isilpeko ehizari buruzko daturik ez dago. Edonola ere, Etxegaraik otsoen heriotzen erdia modu «ilegalean» gertatzen dela uste du.

Era berean, Etxegarai ez dator bat isilpeko ehizari aurre egiteko ehizan oinarritutako kudeaketa planak abiaraztearekin. Batetik, kontrolpean hildako animalien bitartez errazagoa izango delako espeziearen kudeaketa. Bestetik, legez egin daitekeen heinean isilpean egiteari zama kenduko diela argudiatuta. Baieztapen hori ezbaian jartzen duen ikerketa bat atera dela jakinarazi du Etxegaraik. Hots, ehizan oinarritutako kudeaketa planek isilpeko ehiza ere sustatzen dutela.

Araban, talderik ez

Argudioak argudio, 2000ko hamarkadaren erdialdean zeuden lau otso talderen arrastorik ez dago Araban. 2009tik Arabako Foru Aldundiak ez du uxaldirik baimendu. Otsoari leporatutako erasoak ere 1990eko hamarkada hasierako mailara jaitsi dira: iaz, bi eraso egotzi zizkioten, eta laguntzak ere asko apaldu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.