Edurne Elizondo / 2016-05-06 / 1200 hitz
Bederatzi edo hamar urte nituenean hasi zen dena. Ez nuen gaztelaniaz ongi egiten, eta nire aurka egiten zuten horregatik gelako kideek. Etxeraino etortzen ziren nire atzetik, korrika; lurrera bota eta jo egiten ninduten; liburuak lapurtzen zizkidaten. Baina uste dut okerrena ziberbullying-a izan zela. Suntsitu egin ninduen. Bizi izandako guztiak suntsitu ninduen”
Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak bere azken txostenean jasotako testigantza da aurrekoa; eskola jazarpena sufritu zuen gazte baten hitzak. Hitzezkoa izan daiteke jazarpen hori, mehatxuen eta irainen bidezkoa; indarkeria psikologikoa, baina baita fisikoa ere. Bakarra izaten da erasotzailea zenbaitetan; talde bat bertze anitzetan. Gelakideen isiltasuna izaten du gehienetan lagun. Nafarroan, txosten horren arabera, ikasleen %5,2k pairatu dute bullying-a. Kopurua handiagoa dela uste dute, halere, Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek. Urtarriletik daude martxan herrialdean, eta orain arte, 34 kasuren berri jaso dute. Jazarpenaren aurkako astea egin dute egunotan, arazoaren berri zabaltzeko.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Bizikidetzarako Sailean eskola jazarpenarekin lotutako 138 kasu hartu dituzte, joan den uztailaren 1etik. “Guk esku hartzen dugun kasuak dira horiek, ez baitugu gertatzen diren guztien berri jasotzen. Eta hori ona da, ikastetxea auzia bere kabuz kudeatzeko gai izan dela erran nahi baitu”, nabarmendu du saileko arduradun Nerea Serranok. Ikastetxe bakoitzak baditu bere datuak, eta departamentuaren eskura daude, baina Serranok onartu du gobernuak estatistika propiorik ez duela, eta horrek zailtzen duela arazori buruzko “ikuspegi oso bat” izateko aukera. “Hori egitea, finean, ez da gure eskumenetako bat”, zehaztu du.
Departamentura ailegatu diren kasuen kopuruak gora egin duela nabarmendu du Serranok. “Ez dut uste egoerak okerrera egin duenik; gorakada horren arrazoia da, nire ustez, ikastetxeek laguntza gehiago behar dutela, eta horregatik jotzen dutela lehen baino gehiago guregana”. Murrizketak daude egoera horren atzean, Serranoren hitzetan. “Irakasleek ez dute bullying kasuak behar bezala kudeatzeko denborarik eta aukerarik, kasu anitzetan”, onartu du.
Bizikidetzarako Saila 2004. urtetik dago martxan. 2010etik, berriz, eskola jazarpenari aurre egiteko protokoloa bada herrialdean. Haren eskutik, bizikidetzarako batzordeak daude, adibidez, ikastetxeetan, bullying-aren auzia lantzeko. Laguntza izeneko programa prestatu du gobernuak orain, gainera, jazarpenaren aurka urratsak egiten jarraitzeko. “Helburu nagusia da haurrek eta nerabeek ez sufritzea ikastetxean; berdinen arteko harremanetan indarkeria bazter uztea. Argi izan behar dugu, hala ere, une zehatz batean bi ikasleren artean gerta daitezkeen interes gatazkak ez direla, berez, jazarpena. Bullying-ak ekartzen du gatazka horri eustea denboran”, erran du Serranok.
Jazarpenak infernu bilakatzen du eskola, pairatzen dutenentzat. Horri buruz anitz dakite Iñakik eta Maiderrek. Asmatutako izenak dira. Iñakiren ama da Maider. Nahiago du benetako izenik ez eman. Urte luzez sufritu du gazteak eskola jazarpena. “Hagitz gogorra izan da, eta bada. Orain 17 urte ditu, baina 8-9rekin hasitako amesgaiztoaren ondorioak hor daude, oraindik ere. Ama batek ez luke inoiz entzun behar semearen ahotik nahiago duela bere buruaz bertze egin eskolara joan baino. Niri hori erran zidan. Beldur nintzen, amorruak eta tristurak jota”, azaldu du Iñakiren amak.
Harentzat ere hagitz gogorra izan da semeak bizi izandako guztia. Gogoan ditu hasierako kolpeak. “Ubeldurak ikusten nizkion semeari gorputzean; kosta egin zitzaion sufritzen ari zena onartzea”. Igande arratsaldeak ere fresko ditu memorian: “Igandero gaixotu egiten zen; ez zuen eskolara joan nahi”.
Herri batetik bertzera mugitzea erabaki zuen familiak. “Gertatzen ari zenaz jabetu nintzenean ikastetxera joan nintzen, baina ez zuten auzia batere ongi kudeatu. Ez zidaten inolako konponbiderik eman. Jazarpena ezkutatu nahi izan zuten. Erabat babesgabe sentitu gara prozesu osoan”, salatu du Maiderrek.
Altxatu Bullying-aren Aurka elkartearekin bat egin nahi izan du, hain zuzen ere, “bertze familiak laguntzeko”. Taldeko arduradunek argi utzi dute Maiderrena ez dela gisako kasu bakarra. “Egia da hezkuntzaren esparruan ari diren gehienak profesionalak direla, eta halaxe jokatzen dutela eskola jazarpenaren auzian ere; baina hainbatetan ikastetxeak saiatu izan dira bullying kasuak ezkutatzen”, erran du elkarteko sail psikopedagogikoko arduradun Maria Luisa Duranek.
Kexak parlamentuan
Duran eta Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko buru Julen Sesma Nafarroako Parlamentuan izan ziren, apirilean, eta han mahai gainean jarri zituzten haien kexak. Ez bakarrik Hezkuntza Departamentuari buruz; baita Osasunbideari buruz ere. “Ezin da onartu eskola jazarpena sufritu duen neska batek hiru hilabetez zain egon behar izatea psikologoak artatzeko”, erran zuten elkarteko kideek, parlamentarien aurrean egindako agerraldian.
Errandakoa berretsi dute. “Hezkuntza Departamentuak, anitzetan, jazarpena jaso duena bertze eskola batera mugituz konpondu nahi izaten du arazoa. Baina hori ez da konponbidea. Erasotzaileak bertze biktima bat aukeratuko baitu”, erantsi du Sesmak.
Hainbat kasutan proposatutako neurria hori dela onartu du Bizikidetzarako Saileko buru Nerea Serranok; jazarpena jasan duen ikaslea bertze eskola batera aldatzea, alegia. Zehaztu du, hala ere, eraso egiten duenarekin eta erasoa sufritzen duenarekin lan egitea dela lehentasuna. “Kontua da zenbaitetan arazoaren berri jasotzen dugunerako denbora luzea pasatu dela, eta jazarpena jasan duenak aurrera egin dezan eta haren autoestimuak gora egin dezan beharrezkoa izaten dela bertze eskola batera mugitzea, hutsetik hasteko aukera izan dezan. Hainbatetan gertatzen da, bertzalde, gurasoek zuzenean eskatzen dutela jazarpena jaso duen haurra bertze eskola batera mugitzea”.
Neurri hori ez dela lege nabarmendu du Serranok. Are gehiago, Laguntza programaren bidez, ikastetxetik erasotzailea mugitzeko aukera ari dira lantzen, batez ere. “Urtebete barru edo hori egiteko moduan izanen garela uste dut”.
Bertze hainbat berrikuntza ekarriko ditu Laguntza programak. Helburua da ikastetxeetan jada existitzen diren bizikidetzarako batzordeetan pertsona bat eskola jazarpenarekin lotutako kontuetan aditu bilakatzea. “Ikastetxeetako batzordeetako pertsona horiek trebatzeko ikastaroak eginen ditugu; helburua da aditu horiek jazarpenaren aurkako lan guztien bultzatzaile eta dinamizatzaile bihurtzea”, azaldu du Nerea Serranok.
Bullying-aren aurkako borrokak gizarte guztia ukitu beharko lukeela argi utzi du Bizikidetzarako Saileko arduradunak. “Denon arazoa da, eta denon artean konpondu behar dugu. Azken finean, helduok ere bagara eskoletara zabaltzen den indarkeria horren erantzule; gizartean, oro har, indarkeria bada berdinen arteko harremanetan, eta halako egoeren ispilu dira eskoletan gertatzen diren kasuak”.
Familiek ere zer erran badute. Horixe nabarmendu du Serranok. “Zailena erasotzaileen gurasoekin hitz egitea izaten da; ez da erraza halako egoera bat onartzea”. Jazarpena egiten duen ikasleari buruz, Serranok argi utzi du enpatia landu behar dela harekin. “Ezin dugu ahaztu eraso egiten duena ere ez dela pertsona segurua; harreman sozialei beldur diela; eta barneratuta dituela, tamalez, harreman horiek indarkeriaren bidez bideratzeko pautak”.
Serranok erantsi du erasotzaileari argi utzi behar diotela bere jokabideak ez duela zilegitasunik, eta taldearen arauen arabera jokatzen ikasi behar duela. “Taldeak adostutako arauak dira horiek”. Eta errespetua dute oinarri.
“Kasu gehienetan, arazoa landu eta gero, erasoa egin eta jasan dutenek eskola berean jarraitzen dute. Argi izan behar dugulako indarkeria baliatzen duenaren jokabidea bideratzen ahal dugula. Anitzetan, erasoa jaso duena bilakatzen da erasotzaile, eta, halakoetan, enpatia tresna hagitz baliagarria da bere jokatzeko modua alda dezan. Biktima zenean bizi izandakoak gogoratuz egin daiteke hori”.
Aldagelak edo jolastokia dira jazarpena gertatzeko ohiko tokiak. “Erasoa hor egin, baina gelan deus gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute ikasleek”, azaldu du Nerea Serranok. Bullying-ak, hala ere, eskolako mugak gainditu ditu, teknologia berrien eta sare sozialen bitartez. “Eskola jazarpenaren beste eszenatoki bat da ziberbullying-a”, erran du Hezkuntza Departamentuko kideak.
Altxatu Bullying-aren Aurka elkarteko kideek nabarmendu dute jazarpen mota horrek “arrastoa” uzten duela, eta, anitzetan, erasotzaileen aurka egiteko tresna bilakatzen dela. Elkarteak, hain zuzen, arlo juridiko bat ere badu. Duranek nabarmendu du, hala ere, “bitartekari” izatea dela haien lehentasuna, “familien, ikastetxeen eta gobernuaren artean”. Serranok, oraingoz, ez du proposamen hori onartu. “Hasi berri dira; oraindik ez dakigu zein den haien funtzionamendua”. Eskola jazarpenaren aurka Nafarroan dagoen elkarte bakarra da hori.
Bizikidetzarako Saileko kideak lehen errandakoa berretsi du. Gizarte osoarena dela bullying-aren arazoa, eta gizarte osoak egin behar duela haren aurka.