Zero Zabor / 2016-05-16 / 168 hitz
Ecologistas en Accion erakundeak aurreratu ditu Seseñan oraindik (astelehena 16, 19:00etan) sutan dauden pneumatikoek eragindako kutsaduraren zenbait zifra, hotzikara sortzeko modukoak. Kalkulatu dute, soilik hidrokarburo aromatiko poliziklikoetan, Seseñak barreia ditzakeela Madril inguruetan urte osoan Espainiako estatuan isurtzen diren adina.
AEBetako EPA Ingurumen Agentziak egindako kalkuluetan oinarrituta atera ditu Ecologistas en Accionek Seseñako kutsaduraren zenbakiak. Hala, han pilaturik zeuden 70.000 tona pneumatikoak guztiz erreko balira (oso litekeena, astelehenerako %70 sutan zegoen eta) PM10 partikulatan bakarrik, hau da, 10 mikra baino txikiagoetan, 7.946 tona aireratuko lirateke eta konposatu organiko lurrunkor eta erdi-lurrunkorretatik beste 1.470 tona. Airean barreiatutako hidrokarburo aromatiko poliziklikoak iritsiko lirateke 238 tonataraino.
“Deskomunalak dira kopuruok -diote ekologistek-. Aski bedi esatea sute honek isuriko lituzkeela Espainiako inbentarioen arabera urte osoan jaurtitzen diren emisioen %6,5 (2014an 122.190 tona). Bestalde, sute honek berak bakarrik isuriko lituzke eguratsean Estatu osoan urte oso batean zabaltzen diren adina hidrokarburo polizikliko aromatiko (265 tona 2014an). Sekulako hondamendia”.
Bestalde, minbizia eragiten duten 150 tona bentzeno eta 5,6 tona bentzo(a)pireno isuri liteke sute honen ondorioz. Garretatik 300 metrora neurtu omen dira bentzenotik metro kubikoko 121 mikrogramo, urteko gehienezko muga denean metro kubikoko 5 mikrogramo.