Ainhoa Mariezkurrena / 2016-06-16 / 374 hitz
Gaitasun ezkutuak eta ezkutatutako gaitasunak. Adimen logiko-matematikoaz gain, beste zazpi mota daudela dio Howard Gardner psikologo eta irakasle estatubatuarrak, adimen korporala tarteko.
Koordinazioa, malgutasuna, oreka, abiadura, intuizioa, abilezia, indarra, malgutasuna, kontzentrazioa, musika, gorputz eta buruaren arteko konexioa eta sormena garatzen ditu adimen korporalak. Dantza garaikideak biltzen dituen ezaugarri berberak, hain justu.
Down sindromea duen Haizea ilobaren jaiotzak bultzatu zuen Isabel Verdini dantzaria, hura bezalakoak protagonista dituen konpainia sortzera: Verdini Dantza Taldea. Gaitasun “ezkutuak” garatzeko aukera eman eta mugak ezabatzea dute helburu, hala nola, autoestimua hobetu eta jendartean integratzen laguntzea.
“Teloi gorria hartuta berarein ametsen marko. Emandako urrats bakoitza salto handi bat delako”. Beñat Gaztelumendik, adimen urritasuna gai hartuta, 2013an BECen abestu zuen bertso sortatik.
Nekane Prieto eta Nerea Astarbe dantzariek ez dute dudarik egin: artistak dira eta artearekiko gaitasuna dute. Txalo eta lausenguak jasotzen dituztela ere kontatu digute: “Beti esaten didate oso ongi dantzatzen dudala. Aurrekoan loreak eman zizkiguten”, dio Astarbek. Jendea ezagutu eta lagun berriak egiteko aukera izan dela adierazi dute, denbora baitaramate elkarrekin dantzan: “Asko gara taldean. Ni 15 urterekin hasi nintzen eta 23 ditut”, esan du Astarbek. “Nik 33 dauzkat eta hamar urte daramatzat”, dio Prietok. Bakarka baino, taldean dantzatzea nahiago dutela gaineratu dute, denek batera “indar handiagoa” dutelako.
Dantza garaikidea sentimendu eta emozioen espresioan oinarrituta dago eta hori transmititu ziguten dantzan ikusi genituenean: lan egiteko jarrera eta borondatea, gogoa eta sentimendua. Gardnerren arabera, beste adimen mota bat ere garatzen dute, gainera: adimen musikala. Panderoa ere jotzen duela kontatu digu Astarbek. Aukeratutako musika eta letrek emozioak azaleratzen laguntzen diete: ”Ni oso erromantikoa naiz”, batak. “Ni dantzan zoriontsua naiz”, besteak.
“Joan dira oholtza gainera. Alturara, antzokira. Eta lehenbiziko aldiz parez pare jarri dira”. Gaztelumendi
Baina, dantza ez da mugimendua eta sentimendua soilik. Ariketa fisiko honek lanketa behar duela kontatu digute. Horretarako, beroketak egiten dituzte astelehen eta larunbatero. Halaber, kalitate tekniko zein artistikoa lantzeko, “modu serio, zorrotz eta konstantean” egin hehar da lan. “Korrika pixka bat egiten dugu, ondoren lurrean eseri eta luzaketak egiten ditugu: hankak zabaldu, burua belaunetaraino makurtu, abdominalak egin…”, adierazi digute dantzariek hitz eta keinuz. “Nekatzen gara, baina merezi du.
“Denengana heltzen dira artearen ahalmenak. Urritasuna dauka hau ulertu ezin duenak”. Gaztelumendi.
Hilaren 19an Donostiako Boulevardean Metodo Verdini ikuskizuna eskainiko dute, 17:30ean. Abenduaren 3an, Aniztasun Funtzionalaren Egunean, Donostiako Victoria Eugenian aurkeztuko dute proiektu berria.