Iker Tubia / 2016-06-08 / 604 hitz
Kazetari ezaguna, 93 herrialdetan berriemaile aritu da Calaf, TVEren mikroa eskuan. Sari anitz jaso ditu bere jardunarengatik, eta, erretiroa hartuta ere, hitzaldiak eta eskolak ematen ditu orain.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak udako ikastaroak abiatu zituen herenegun, eta hasierako hitzaldia ematera etorri zen Rosa Maria Calaf kazetaria (Bartzelona, 1945). Kazetari ezaguna eta aitortua. Orotara, 181 herrialde bisitatu ditu. Munduaren bere ikuskeraz mintzatu da Planeta femeninoan hitzaldian.
Nola ikusten duzu planeta emakumearen ikuspuntutik?
Gehiago edo gutxiago, toki guzietan emakumea diskriminaturik, zapaldurik eta jazarririk dago. Japonia, adibidez, herrialde garatuetan matxistenetako bat da. Afganistan edo Pakistanen ohore delituak egunero egiten dira. Silicon Valleyn oso emakume gutxi daude; beraz, bada androzentrismo bat. Ezin da alderatu gure egoera herrialde fundamentalistekin edo estruktura oso patriarkalak dituztenekin, baina berdintasuna zerbaitetan egotekotan, berdintasunik ezan dago. Horretaz gainera, esan beharra dago atzerapausoak ematen ari direla. Adibidez, Geraldine Ferraroren hauteskunde kanpaina ez zen gero Sarah Palinekin edota orain Hillary Clintonekin egiten ari direna bezain matxista izan.
Eta kazetaritzaren munduan?
Mundua emakumearen ikuspuntutik kontatzea zaila da, mugak ditugulako: soldata, erredakzioko jazarpena, gaitasuna etengabe erakutsi beharra… Muturreko egoeretan, gatazkak daudenean, arrisku handiagoa izaten dugu. Baina badugu abantaila handi bat: emakumeen mundura sartzeko aukera. Eremu horretan ohartzen zara benetan gertatzen ari denaz, eta gizarte horrek nola funtzionatzen duen.
Zer falta zaio kazetaritzari berdintasunean urratsak egiteko?
Hezkuntza eta kontzientziazioa beharrezkoak dira. Konturatu behar dugu berdintasunik gabeko gizartea ezin dela demokratikoa izan, eta, beraz, inoiz ez da askea izanen. Kazetariok kontziente eta militante izan behar dugu, estereotipoak zabaltzeari uzteko.
Txioen gizartean, etengabe igarotzen diren tituluen munduan, zailagoa da lan hori?
Noski, kazetaritza ikuskizun bihurtzen ari garelako. Edukiaren gainetik azkartasuna, kantitatea eta berehalakotasuna egoteak esan nahi du xedea ez dela informazio bikaintasuna. Adi egon behar dugu jendeak ez dezan uste informaturik dagoela benetan entreteniturik dagoenean. Ongi informaturik ez dagoen gizarteak ezin ditu eskubideak defendatu, eta, beraz, gure eskubide eta askatasunak arriskuan daude.
Hor ere atzera goaz?
Kazetaritza beti izan da zaila, kazetaritzak ikusezina dena ikusgarri egin behar duelako. Orain teknologia oso tresna positiboa da ezagutza handitzeko; baina, ongi erabiltzen ez bada, arriskutsua da, ezjakintasuna bultzatzeko balio duelako.
Legeek, gainera, oztopoak jartzen dituzte; mozal legeak, kasurako.
Jakintza ukatzea beti izan da menpean hartzeko modu bat. Jakin behar duguna jakitea galarazten digutenean, esan nahi du badirela interes batzuk gehiengoarenak ez direnak. Baliorik gabeko gizartea eraikitzen ari da. Ondasun materialen balioa inposatzen da. Horrela ezin da gizarte justu bat eraiki.
Balioez ari garela, albiste batzuek eragin handia dute momentuan, baina iduri lezake errealitate birtual baten parte direla.
Inpaktatzen duena inporta duenaren gainetik jartzen baduzu, jendea nekatzen da. Informatzean, hunkitu behar da, bestearen tokian jartzeko, baina elementu informatiboak eman behar dira ere jendeak galdetu dezan zergatik pasatu den hori, nor dagoen atzean, nork lortzen duen zerbait trukean. Ikerketa batzuek erruki nekatuaren sindromeaz hitz egiten dute. Ezin diozu etengabe erruki izan jendeari, deskonektatu egiten baituzu. Inpaktua izaten da, eta, gero, beste zerbaitetara pasatzen da.
Atzerriko berriemaile zarenean, kontu handiagoz egiten da lan?
Hori askatasunei loturik dago. Zuzenbide estatu onargarri bat dagoen toki batean baldin bazaude, beti izan behar duzu arreta, eta kalte egin diezaiekezun horiengan pentsatu. Erregimen diktatorialetan kontu handia izan behar duzu iturriei kalterik ez egiteko. Muturreko tokietan nahiko erraza da, kontrolaturik zaudela dakizulako. Zailagoa da tarteko herrialdeetan, ustezko demokrazietan. Mexiko demokrazia da, baina kazetariak zomorroak bezala akabatzen dituzte. Bestalde, mendebaldean hedabideak askeak direla falazia da. Guri mugak jartzen zaizkigu legeekin, presio ekonomikoekin, izena galtzeko mehatxuarekin… Ez zaituzte hiltzen fisikoki, baina bai profesionalki.
Beldurra izan duzu?
Noski, askotan, zorionez. Inportanteena da beldurrak ez zaitzala geldiarazi. Uste dut lan honen parte dela beldurra. Baina niri askoz ere zailagoa iruditzen zait tokian tokiko kazetaritza, nazioartekoa baino. Presioei dagokienez, kanpoan zaudenean, gero alde egiten duzu handik. Kazetaritza lokalean, presioak etxeko atarian dituzu, egunero.