Iker Tubia / 2016-06-12 / 1164 hitz
Hogei urte dira Brasil atzean utzi zuela eta Lesakara bizitzera joan zela Sousa. Txinga eramaile gisa askotan jantzi du txapela, eta marka hautsi zuen maiatz hondarrean. Ibardingo bentetan egiten du lan.
Hogei urte darama Lesakan bizitzen (Nafarroa), eta Euskal Herriaren eta Brasilen artean dagoela dio. Irribarretsu. Hala egoten da beti Xanta Sousa txinga eramailea (Valença Bahia, Brasil, 1972), eta hala erantzun die galderei. Txingak bizi ditu, hori du pasio, eta ezin ezkuta dezake herri kirolez mintzo denean. Berriki marka hautsi du Azpeitian (Gipuzkoa).
Marka berria lortu duzu 50 kiloko txingekin. Kontent?
50ekoak suposatzen da gizonek ibiltzen dituztela. Nik 25ekoekin nuen marka, eta zerbait ezberdina egin nahi nuen, ez inor gainditzeko, baizik eta neure burua gainditzeko. Egiten dudan guzia niregatik egiten dut: erronkak maite ditut, neure burua gainditzea… Buruan nuen 50ekoekin egitea, Patxi Larretxeak ezetz esaten zidan, baina geroz eta gehiago esan, orduan eta gehiago nahi nuen, burugogor handiena ni bainaiz. Entrenamendua gogorra da, baina merezi izan zuen.
Marka bat hautsi ondoren, zer sentitzen da?
Gustura geratu naiz, eta marka hori gainditzeko gogoz.
Beraz, marka bat hautsita, hurrengoan pentsatzen duzu beti.
Saiatuko naiz marka hau gainditzen Sunbillan [Nafarroa]. Hasi naiz 75ekoan pentsatzen ere, baina, gutxika joan behar da. Txingak herri kiroletan balorerik gutxien aitortzen zaienak direla uste dut. Burdinazkoak direnez, iduri du ez dutela deuserako balio. Saiatu naiz demostratzen gauzarik txikienek, nahiz eta txikiak izan, balioa dutela. Balio hori zuk eman behar diozu. Hori nahi nuen. Dena den, txapelketak utziko ditut. Euskadikoa eta Nafarroakoa jokatuko ditut uztailean, eta gero erakustaldiak eta marka hausteak bakarrik eginen ditut.
Zer behar da txingak hartzeko?
Txingak hartzeko sufritzen jakin behar duzu; bestela, ezin dituzu hartu. Ez da soilik pisua, eskuekin hartu eta… «Dedio, zer da hau!», pentsatzen duzu. Baina behin hasita ez dut deus ere sentitzen, paseo bat bezalakoa da.
Zer ematen dizute txingek?
Txingekin nagoenean ni neu naiz. [Tarte bat hartu du]. Ni txingekin nagoenean ez dut ikusten nor dagoen alboan, ez naiz deusez enteratzen. Nire buruan dagoen kezka bakarra egiten ari naizena da. Txingak etengabeko borroka bat dira: burua eta eskuak. Eskuak itxita mantendu behar dituzu, irekiz gero ez dagoelako zer eginik. [Begiak itxi ditu, eskuak itxi, eta indar egiteko keinua egin du] Sentitu, sentitu… eta, ene!
Nola prestatzen duzu zeure burua txingetan aritzeko?
Toki ezberdinetan entrenatu beharra dago. Mendira ere joaten naiz. Oronoz-Mugairen [Nafarroa] Patxi Larretxearekin entrenatzen naiz, baina beste tokietan bakarrik. Bakarrik zaila da, asko kostatzen delako. Baina egiten duzu pentsatuz ondoren emaitzak izanen direla.
Ibiltzen zara ere aizkoran, trontzan… Herri kirolaria zara zu.
Entrenamenduetan denetarik egiten dugu. Aizkoran aritu behar bada bat falta delako, ba, egin dezaket. Denek dena egiten dugu.
Nola sartu zinen herri kirolen munduan? Brasilen antzekorik egiten zenuen?
Egia esan, han badaude antzeko kirolak, auzo bestatan egiten direnak. Baina nik dantza eta futbola egiten nituen han. Egia esan, Brasilen oro har kirol asko egiten da. Hemengo herri kiroletan kasualitatez sartu nintzen. Abesbatzan sartuta nengoen. Ederra da, baina nire ahotsa penagarria da. Neska batek proposatu zidan soka tira taldean sartzea, eta begira, herri kiroletan, gaur arte.
Eta txingen antzekorik bada Brasilen?
Niri txingek txikitako oroitzapenak ekartzen dizkidate gogora, izebaren baserrira, tokitan dagoen horretara, esne ontziekin nindoanekoak. Ordukoa derrigorrez egiten nuen, eta ez zitzaidan batere gustatzen, eta hemengoa gustuko dudalako egiten dut. Amak bidaltzen ninduen izebari ura-eta eramatera. Kontuz ibili behar izaten nuen, ontzietan nuenaren erdia bidean ez galtzeko.
Brasilgo eta hemengo baserriko bizitza oso ezberdina da?
Bai, erabat. Gustatuko litzaidake hemengoen antzekoagoak izatea. Hemen, garatuago dago, eta bizi maila hobea da. Han, bero handiagoa egiten du, eta askoz sakrifizio handiagoa eskatzen du.
Hori utzi, eta hona etorri zinen. Ez zen erabaki erraza izanen.
Arazo handiak izan nituen gurasoekin eta ahizparekin hona etorri aurretik, ez zutelako nire senarra ezagutzen. Oso gaizki pasatu nuen, baina Xantak beti kontrakoa egiten du. Egia esan, kikildurik etorri nintzen. Baina dena ongi aterata, ez naiz batere damutzen. Ezin naiz kexatu, denek ez baitute nire zorte bera izan.
Zerbaiten falta sumatuko duzu…
Familia. Nik gurasoak hemen nahiko nituzke. Urtero joaten naiz, baina ez da gauza bera.
Han dituzu txapelak?
Paretan daude, ongi paratuta, eta amak harro esaten die bizilagunei bere alabak zer egiten duen.
Zenbat txapela dituzu?
Egia esan, ez dakit, ez nau batere kezkatzen; beraz, ez ditut kontatu. Inportantea da, baina ez dakit.
Txapelak irabazteaz gainera, euskara ere ikasi duzu hemen.
Hona etorri nintzenean portugesez egiten nuen bakarrik, nire senarrarekin, eta hark itzultzen zidan gaztelera eta euskara. Hori da bizitzako esperientzia txarrenetako bat: sentitzen duzuna ezin esatea, eta esaten dizutena ulertzerik ez izatea. Gaztelera ulertzen hasi nintzenean, euskara ez ulertzea ezin nuen jasan. Pentsa, kuadrillan euskaraz ari dira, normalean egiten duten bezala, eta niregatik euskara alboratu behar izatea oso gaizki iruditzen zitzaidan. Ez da erosoa ez haientzat ez eta niretzat ere. Hemen bizi behar baduzu, euskara ikasi behar duzu. Nik ez nuen egin besteen onarpena lortzeko, edo besteen berdina izateko, ez. Esaten zidatena ulertu nahi nuen nik.
Euskaltegian ongi?
Hasieran izugarri kostatu zitzaidan, hura zen inpotentzia hura. Zin degizut inoiz ez dudala negarrik egin… Baina… Pazientziarekin eta laguntzarekin ikasi nuen.
Baita frantsesa ere, Ibardinen lan egiteko.
Brasilen bizitza osoan egin ez nuena egin nuen hemen: gidabaimena atera, frantsesa ikasi… Begira, hori ez zitzaidan hainbeste kostatu, frantsesa portugesaren antzekoa baita. Baina euskara eta gaztelera… Esaten dute gaztelera ere antzekoa dela, baina, bai zera! Hitz batzuk berdin esaten dira, eta esanahi ezberdina dute! Kontuz ibili behar da.
Euskaraz ongi, beraz?
Bai; ez dut zuek bezala hitz egiten, eta aditzetan hanka sartzeko beldurra izaten dut, baina ulertzen dut. Askotan gertatu zait autobusean eserita joan eta atzekoek euskaraz egitea pentsatuz ez dudala tutik ere ulertzen. [Irriz hasi da]. Hori oso dibertigarria da.
Euskararen egoeraz zer diozu?
Konplikatua da. Batzuek ez dute hitz egiten. Daukagunari balioa ematen diogu kanpoan gaudenean. Nik hori sentitu dut. Nik hemen gauza asko egin ditut Brasilen erosotasunagatik eginen ez nituzkeenak. Orain, Brasilera noanean hango gauza txikiei balio handia ematen diet. Egoera politikoari dagokionez… ez dakit, zaila da. Begira Brasil nola dagoen!
Nola ikusten duzu hango egoera politikoa?
Pena ematen dit. Niri ez dit hainbeste eragiten, baina bai han dauden guziei. Han borrokatu beharra dago. Kontent nengoen eta ilusioarekin, baina orain berriz ere langabezia handia dago, eta tristura ematen du.
Futbolean jarraitzen duzu?
Oso basatia naiz, eta aurrean dudanaren hanka mindu dezaket.
Dantza ere aipatu duzu. Garrantzitsua da zuen kulturan?
Salvador de Bahian Afrikako kultura da nagusi, esklaboek eraman zutena. Asko dantzatzen da han. Egunero musika dago kalean, hura musikaren lurraldea da, edozein motatako musika gainera. Edozer gertatzen dela ere musika egiten da. Zoritxar bat badago, musika bihurtzen da. Politikari erantzuteko ere izanen da musikarik, ikusiko duzu.
Zer dantzatzen duzue?
Pagode, arrocha, samba, sertaneja… Azken hori baserri girokoa da. Pagodi kalekoa da, favelakoa, jende txiroak dantzatzen du, baina orain modan dago. Arrocha elkar harturik dantzatzen da.
Hemengoak ere dantzatzen dituzu?
Noski, nire erara, baina dantzatzen dut; adibidez, jota. Herri kiroletan aritzen garenon afaria egiten dugunean beti bukatzen dugu mahaiaren bueltan dantzan, eta gustatzen zait. Nik uste dut dantza tradizionalak errespetatu eta mantendu behar direla. Txingak bezala, txikiak izan daitezke, baina tira. Kanpotik heldu garenok balio handia ematen diegu hemengo dantzei.