Guratz, Gorriti eta Uitzi artean

Mikel Arrizabalaga / 2016-06-07 / 484 hitz

Uitzi eta Gorriti artean dauden pagadi eta garo lekuz betetako mendi muinoek Guratzen dute tontorrik altuena.


Zailtasuna: Erraza
Tontorrak: Gorriti, Akordetagaña, Uitzi, Uitziko mendatea, Guratz
Distantzia: 12,2 km. 3 ordu eta 45 mn.

Ingurunea: Uitzi eta Gorriti artean dauden pagadi eta garo lekuz betetako mendi muinoek Guratzen dute tontorrik altuena.

Abiapuntua: Gorriti

Uitzi eta Gorritiren (Nafarroa) mugak marrazten diren lur hauetan beteko dugu gaurko ibilaldia. Hegoaldetik bi herriak lotu eta gero, Uitzira jaitsiko gara, eta handik iparrari begira jarriko gara, Probintzietako Errege Bidetik (GR 9) Guratzeko tontorrera igo, eta Gorritira itzultzeko.

Autobide aldera doan errepidetik jaisten hasi eta berehala, ezkerretik Azpirotz herrira doan porlanezko pista hartuko dugu. Laurehun bat metro handik bete eta gure ezkerrera, bi hesien artean sarturik marrazten den bidetik igotzen hasiko gara. Bidegurutzean, ezkerrekoa hartu, eta, gorago, alanbrezko hesia utziko dugu, 90 graduko biraketa eginda. Pagadian murgildu, eta beste alanbre hesi baten azpitik jarraituko dugu. Horrek 90 graduko biraketa ematen duen lekuan, haren ondotik igoko gara, belar eta iratze artean altuera irabaziz. Segidan, aurrez aurre izango dugun pagadian sartu gabe, haren ondotik igotzen jarraituko dugu Akordategañako tontorrera heldu arte.

Goragune xume horretatik Malloetako ikuspegi paregabeaz gozatu ondoren, ekialderantz joko dugu, zelaigunean zehar jaitsiz. Harresi txiki batera heldu aurretik, bideak iparralderantz egiten du, eta, handik zabaltzen den xendatik, trikuharri baten ondora iritsiko gara. Bide zabaletik jaitsi, ataka bat gainditu, eta, belazearen beheko aldetik, Santa Kruz ermitatik gertu dagoen porlanezko pistara aterako gara. Egun, ukuilu modura erabiltzen dute, oso egoera txarrean dago, eta ez da antzematen ermita bat denik. Eskuinera ateratzen den bidea utzi, eta erraz jaitsiko gara Uitzira.

Lekunberri eta Leitza herriak lotzen dituen errepidean barna, ehunen bat metro bete, eta eskuinetik ikusiko dugun lehen saihesbidea hartuko dugu. Etxe artean, porlanezko pistatik gora egin, eta, lehen bihurgunera heldu aurretik, ezkerrera joko dugu, hasieran harrizkoa baina gero belarrezkoa den bide zabaletik. Hurritzen artean sartuta, bide zabala xenda bihurtu, eta pagadian berriro zabalduko da. Bidegurutze batera heltzean, ezkerretik garo artean sartu, eta Uitziko mendateraino doan pista zabalera aterako gara.

Mendatea gurutzatu, eta aurrez aurre aurkituko dugun bidegurutzean eskuineko hartu, eta, berehala, Probintzietako Errege Bidearen (GR 9) mugarria eta hildako batzuen omenez egindako oroigarria ikusiko ditugu. Ezkerreko bidea hartu, eta pagadian sartuko gara, altuera erraz irabaziz. Mugarri zaharrak bidelagun, GRaren seinaleak ezkerrera utzi, aldapari aurre egin, eta berehala iritsiko gara Guratzeko tontorrera. Erpin geodesikoa eta buzoi pare bat. Parez pare, Malloen zirku ikusgarria.

Hegoalderantz jaisten den alanbre hesiaren ondotik jaitsiko gara, eta hori igaroko dugu 90 graduko biraketa eginda. Zuhaitzen enborretan margoturiko seinale gorriek erakusten diguten norabidea galdu gabe, lepo txiki moduko batera helduko gara, eta handik ateratzen diren hiru adarretatik ezkerrekoa aukeratuko dugu, Amalurreko kota inguratuz.

GR9aren bidetik erraz egingo dugu aurrera, eta, jaisten hasi orduko, berehala ikusiko dugu gure mendean Pagozelaiko gasolina zerbitzugunea. Autobidearen beste aldera pasatu gabe, honen paraleloan jarraituko dugu Gorriti aldera, eta erraz iritsiko gara abiapuntura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.