Onintza Irureta Azkuna / 2016-09-02 / 244 hitz
Planeta De Agostini argitaletxeak 60 liburutan kontatu du Historia. Liburu bakoitzari Playmobileko figura bat lotu dio. Denak dira gizonezkoak. Argitaletxearen kanpaina bi partikularrek salatu dute eta Valentziako Gobernuko Berdintasun Sailak idatzia bidali dio Playmobili.
(Azken orduko albistea, irailak 2, 12:00: Argitaletxeak esan du prentsa ohar baten bidez emakumezko figurak sartuko dituela. Dirudienez, Emakumeen Erakundearen kexak eta sare sozialetan sortu den mugimenduak eragina izan du Planeta De Agostinirengan. Argitaletxeak gaineratu du 60 figura haietan ez bezala, liburuetan emakumeek presentzia handia dutela.)
Eldiario.es-en bidez izan dugu albiste honen berri. Begiratu egunkari digitalak zabaldu duen argazkia eta saiatu emakumeren bat aurkitzen figuren artean. Historiako liburuak eta figurak saltzeko kanpaina ikusi eta bi kontsumitzailek Valentziako Publizitate Ez Sexistaren Behatokian salaketa jarrita zabaldu da gaia. Hala, Valentziako Gobernuko Berdintasun Sailak Emakumeen Erakundearen bidez idatzia bidali dio Playmobili figura sorta dagoenean mantendu ez dezan. Playmobil jostailu enpresak erantzun du hark Planeta De Agostini argitaletxeari figurak erabiltzeko lizentzia eman besterik ez duela egin, eta gaineratu du bere figura sorta orokorrean emakumezkoak eta gizonezkoak dituela.
Mozart, Leonardo Da Vinci, Van Gogh, Marco Polo… Historiaren protagonista dira argitaletxeak egindako aukeraketaren arabera. Ez ordea, Marie Curie, Juana de Arco, Cleopatra, Frida Kahlo, Angela Davis eta Mary Wollstonecraft. Sare sozialetan hamarnaka emakume izen proposatu dituzte erabiltzaileek, tartean aipatu berri ditugunak. Izen-abizen zehatzik gabeko pertsonaiak ere badira 60 horien artean eta aukera hori ere ez dute baliatu emakumezko figurak sartzeko, adibidez, zientzialaria izan zitekeen emakumezkoa eta gauza bera egin zezaketen artistaren eta tenislariaren kasuan.
Ondoko argazkian sare sozialetan egin duten proposamenetako bat: