G.Goikoetxea / 2016-10-23 / 959 hitz
Zer leku izan behar dute eskolan euskara batuak eta euskalkiek? Umeek dakarten hizkera errespetatu egin behar dela diote adituek, eta erregistro jasoa eman behar zaiela gero. Euskara batua erabiltzean ere tokiko estandarrak lekua eduki behar du.
Pisu handia du hizkuntzak eskolan, irakasgai eta irakasbide baita. Eta pisu handia du eskolak hizkuntzan, gaitasuna eta erabilera lortzeko zutabea baita. Garrantzitsua da, beraz, nolako euskara moldea erabili ikastetxeetan, areago kontuan izanik testuinguru soziolinguistiko ezberdinean dagoela eskola bakoitza, eta ikasleak ere ez daudela egoera berean euskarari dagokionez. Bizitzarako heztea denez helburua, bat datoz adituak: etxetik dakarten euskara eredua errespetatuta —euskara etxean jaso dutenen kasuan—, hori osatzea izan behar da helburua, eguneroko tresna izan dezaten. Hiztun oso izan daitezen.
Euskalkien eta euskara batuaren arteko harreman gaiztotuak heldu ziren eskolaren esparrura ere. «Erranen nuke borroka horren aztarnak nabari zirela», azaldu du Julian Maia EHUko irakasleak; Eskolako hizkera ereduaz, euskara batuaren eta euskalkiaren arteko harremanen testuinguruan izenburuko doktore tesia aurkeztu zuen 2000n. Tesia taxutzen 1994an hasi zen, eta gatazkaren eragina sumatu zuen. Zuzentzeko bidean zegoen ordurako. «Bazen bide polita egina arazoaren berrikustean eta sendabidean».
Pausoak ematen ari dira pixkanaka. Ikastolen Elkarteak, adibidez, bi orientabide zabalduak ditu euskalkiek eta euskara batuak eskoletan izan behar duten lekuari buruz. «Euskalkien nahiz tokian tokiko hizkeren erabilerari hizkuntz erregistroen ikuspegitik heltzen diegu», azaldu du Inma Muñoak, Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoen koordinatzaileak. «Ikasleek euren bizitzako eremu desberdinetan aurkituko dituzten egoeretan hizkuntzaren erabilera egokia eta eraginkorra egin dezaten gaitu nahi baditugu, zehaztu beharko da zein diren egoera horiek eta haiei lotutako erabilera egoki eta eraginkor horiek». Konpetentzietan oinarritutako hezkuntza aipatu du: «Euskararen hainbat erregistro eta aldaera naturalki lantzeko bideak ireki behar dira: egoera batzuek erregistro formala eskatzen dutelako, beste batzuek informala, beste batzuek tokian tokikoa…».
Eskolaren egoera
Egoera soziolinguistikoa oso da ezberdina eremu batetik bestera: euskalkia bizi-bizirik dago leku batzuetan, eta beste batzuetan, ez. Eskolan ezberdin jokatu behar da egoera bat edo beste izan, Maiak dioenez. «Ingurune soziolinguistikoari begiratu behar diogu, eta horren arabera etorriko litzateke euskalkia lantzea edo ez». Ez du uste errezeta bakarra denik egoki.
Euskalkia bizirik den eremuetan, horietan landu behar da euskalkia eskolan, haren esanetan. Lau funtzio beteko lituzkeela dio: ume euskalkidunak eroso egotea ikastetxean, hizkuntza ikasketa indartzea, transmisioa gauzatzea etxearekin kontraesanik sortu gabe, eta euskararen erabilera sendotzea. «Kasu horretan, euskalkiari arreta jartzea eta hura lantzea komenigarria litzateke». Betiere, hori bai, euskarari batua alde batera utzi gabe. «Gero eskolak euskara batua ere irakatsi beharko du, baina kontuan hartuta euskara batuak eta euskalki formalak hainbat puntu izanen dituztela erkide edo berdinak». Elkar osatuko lukete, horrenbestez: «Euskalkiak, orduan, euskararen ikasketari lagunduko lioke».
Euskalkiak pisurik ez duen tokietan, zer? Alde didaktikotik ez du «balio gehigarririk» euskalkiak ikasleentzat, Maiak dioenez. «Kasu horretan, euskalkia euskara batua bezain ezohikoa da, linguistikoki arrotza, eta, ikasleek ez dakitenez eredu hori, ez dutenez etxean horrelakorik entzun edo ikasi, euskalkiak ez du balio gehigarririk haientzat». Horrelakoetan batua lehenetsi beharko litzatekeela irizten dio: «Euskalkia irakastea ez da jokabide egokia eskolaren funtzioa ahalik eta hobekien betetzeko, euskara ikastea ahalik eta hobekiena bermatzeko». Nolanahi ere, nahiz eta batua erabili, adituak adierazi du «euskara batu tokikotuak edo bertakotuak» erabili behar direla; lexikoa, adibidez, euskalki kutsukoa duena.
Eskola bakoitzak behar ezberdinak dituela erantsi du Ikastolen Elkarteko ordezkariak: «Batzuetan euskalkia edo tokian tokiko hizkera indartu edo sustatu beharra nabaritu izan dute, eta beste batzuetan, berriz, euskara batua edo euskararen erregistro jasoarekin edo formalarekin dute kezka». Aldaera ez-formalek indar handia duten herriei buruz ari da.
Irakasleak eta materialak
Hizkerak eta erabilerak izanik oinarria, berebiziko garrantzia du irakasleen rolak. Maiz gertatzen da maisu-maistrak ez izatea eskola dagoen eremuko euskalkiko hiztunak. Zer egin? Bi bide jorratzen dituzte ikastoletan, esate baterako. «Ikastola batzuek prestakuntza antolatu izan dute hezitzaile guztiek bertako hizkera ikas dezaten, eta, beste batzuetan, berriz, aniztasun hori baliatu, eta ikasleek euskalki eta tokian tokiko hizkera ezberdinak ezagutzeko aukera gisa erabiltzen dute».
Euskalkien gaia Nafarroako curriculumean sartuta zegoen. «Aurreko gobernuak oso zehaztua zuen euskalkien presentzia, eta hasi ziren prestakuntza ematen irakasleendako», azaldu du Yolanda Olasagarrek, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroko zuzendariak. Irakasleen artean euskalkien gaiak beldur apur bat ere sortzen zuen. «Nahiko arazo baditugu euskara bera erabiltzearekin, eta irakasleei planteatzen diezunean euskalkia irakatsiko dela… Gero jarrera oso ona izaten zuten». Prestakuntza hori etenda dago orain, mozketen ondorioz. «Lehentasuna beste ikastaro batzuei eman zitzaien».
Eskola materialak dira beste alderdia. Aldaketak egiten ari direla azaldu du Muñoak: «Euskalki ezberdinetan sortutako testuak txertatzeko ahalegina egin da». Konpetentziak lortzera bideratutako materialetan, egoera sozialen aurrean jartzen dituzte ikasleak, eta euskalkiei atea irekitzen diete horrela. «Euskalkia edo tokian tokiko hizkera indartsu dagoen tokietan hura txertatzeko modua eskaintzen diote irakasleari. Gauza bera egin daiteke euskara batuaren erregistro formalarekin nahiz ez-formalarekin».
Adinaren arabera desberdin jokatu behar dela bat datoz adituak. Hasierako mailetan, etxetik dakartena aintzat hartu behar da. Hori dio Maiak: «Zenbat eta umeak gazteagoak, orduan eta haien ezaugarri linguistikoei erreparatzeko joera handiagoa izan beharko genuke». Antzeko mintzo da Muñoa: «Euskalkia, tokian tokiko hizkera edo euskara batuaren aldaera ez-formalak hobestea gomendatu ohi dugu». Adinean gora egin ahala, batura: «Erabilera jasoagoek (eta orokorrean euskara batuak) presentzia handiagoa hartuz joan daiteke, progresiboki». Euskalkiak bazter utzi gabe, hala ere. «Beti egongo baitira ikastola barruan hizkera edo erregistro horren erabilera eskatzen duten egoerak». Bateratze lan bat dagokie irakasleei, Olasagarreren arabera: «Irakasleak eman dezala batuaren ikuspegi hori, baina bestea zigortu gabe, are gutxiago haur txikiak direnean. Hartu aberastasun bezala, eta ordaina eman: ‘Aizue, agian hau ez dizuete ulertuko, eta beste toki batzuetan hitz hau erabiltzen da».
Ez da beti egoki jokatu horretan, EHUko irakaslearen arabera. Tesia egin zuenean jasotako inpresioak gogoratu ditu: «Sumatzen zen, estatistikoki, nolabaiteko gaitzespen erlatibo bat bertako zenbait ezaugarrirekiko». Joera hori «informazio eskasa» izatearen ondorio dela uste du. «Hezkuntza sisteman jaso duten iduria da euskara batuan herrietako edo euskalkietako hitzak ez direla sartu behar, eta, hori sinetsirik, beren ezaugarrien ordez saiatzen dira bilatzen kanpoko eredu ezagunago bat, ustez hura bakarra dela euskara batua eta bereak ez duela hartarako kategoriarik».