G.Goikoetxea / 2016-10-23 / 1362 hitz
Bidea egiten ari da pixkanaka. Mende erdi betetzear dago euskara batua sortu zutela, eta ezin ukatuzkoa da pauso handiak eman dituela ordutik. Ohiko erabilerako hizkuntza bihurtu da hainbat eremutan eta erregistrotan. Ez zen bide erraza izan; desadostasun handiak agertu ziren, batez ere euskara batutik urrunen dauden euskalkietan. Zauriak ari dira ixten pixkanaka. Gaindituak dirudite eztabaida batzuek: biek, batuak eta euskalkiek dute tokia. Baina bien arteko harremana erabat argitu gabe dago oraindik: bakoitza noiz erabili, eta nola. Iritzi ezberdinak daude egoerari buruz.
Euskalkien eta euskara batuaren artean «continuum bat» nabari du euskaltzainburuak, Andres Urrutiak. «Ezinbestekoa eta beharrezkoa da harremana. Euskalkirik gabe, ezinezkoa izango litzateke euskara batua. Euskara batuaren dema da euskalkietatik eta bizitasun horretatik aberastea». Antzeko ikuspegia du Jean Baptiste Coyos euskaltzainak ere: «Euskara batua ez doa euskalkiaren aurka. Bigarrenak lehena hazten du». Herritarrak ere ari dira horretaz jabetzen, haren arabera: «Euskaldunek ulertu dute tokian tokiko euskara, euskalkia beraz, beharrezkoa dela tokiko nortasuna atxikitzeko. Baina ulertu dute, era berean, euskara batua beharrezkoa dela elkar ulertzeko».
Erlazio horren ondorioz, duda dauka Igone Etxebarriak, Labayru fundazioko zuzendariordeak: «Lagun edo arerio, baina bi ziren lehen. Orain ez dakit bi diren euskalkiak eta batua. Askoz nahastuago dago dena». Hiztegia jarri du adibide: «Batetik besterako hori normal egiten da bai euskalkitik batura, bai batutik euskalkira. Nik bizkaieraz egiten dut, baina esaten ditut beste berba batzuk bizkaierakoak ez direnak». Egoera ikusita, galdera: «Orain zer da euskalkia? Hain daude mugak galduta, batekotzat edo bestekotzat egiten dugu oso antzera. Koherentziaren arazoa egon daiteke».
Hiztunen jokabidea aurkako bidean ikusten du, ordea, Xabier Amurizak, bateratze bide horretatik urrun —bertsolaria da Amuriza, eta idazlea: euskara batuaren inguruko kezka azaldu du azken lanetan—. «Ez dugu hitz egiten euskalkietan: bakoitzak azpieuskalki bateko eredu lokal batean hitz egiten du. Eredu mugatu batean. Zuloa handitu egin da». Ulertzeko zailtasunak sortzen ditu horrek, Amurizaren arabera.
Egoera argitu gabe dago oraindik. Hori ohartarazi du Irene Arraratsek; BERRIAko Euskara arduraduna da. «Zoritxarrez, aurreiritzi kaltegarri asko dabil bazterretan, eta horrek kalte handia egiten dio euskarari. Penagarria da ikustea nola batzuek aurrez aurre jartzen dituzten batua eta euskalkiak, elkarren etsai balira bezala». Euskara batuaren eta euskalkien arteko gatazka hasieratik datorrela gogoratu du Xabier Euzkitze telebista aurkezleak: «Eredu bat hartu behar zen euskara batua eraikitzeko, eta ez zen izan denen gogoko. Denok pentsatzen dugu norberaren euskara dela zinezko euskara, benetakoa, euskara herrikoi purua, eta horrek izan behar duela ardatz».
Zatiketa eta antzekotasuna
Arraratsek nabarmendu du, hala ere, «faltsua» dela euskalkien eta batuaren arteko dikotomia hori: «Batuak euskalkietatik edaten du, eta, aditz paradigma-eta alde batera uzten badugu, batua eta euskalkiak bat dira, goitik behera». Gaizki-ulertuak izan dira bidean, ordea. «Garai batean, gura esaten zuenak nahi idazten zuen, batua hori zelakoan; orain, euskara pobre guztiz mehetu bat duen gaztetxoak uste du hori dela euskalkia, eta batua artifizio geza bat dela. Nahasmendu horrek salatzen du ez dugula lortu batua eta euskalkiak batera goxatzea».
Erdialdeko euskara hartu zuten ardatz euskara baturako, eta Coyosek aitortu du horrek eragin zuela baztertze sentsazio bat euskalki horretatik urrunago zeuden hiztunen artean —mauletarra da Coyos—. «Alderantziz ere gertatu da. AEKn edo ikastolan euskara batua ikasi zutenek beren burua ez zuten ontsa sentitzen euskalkidun batekin mintzatzen zirelarik, euskalki bat zuen lurralde batean bizi zirelarik, beren euskara artifiziala zela ustez». Bideratzen ari da gaia. «Emeki-emeki kanbiamendua egin da eta egiten ari da, euskaldunek besteen euskara errespetatzen eta onartzen baitute gero eta gehiago. Azkenean garrantzitsuena ez da euskararen forma, baina bai elgar ulertzea».
Desadostasunak egon direla aitortu du Urrutiak. «Horrelako prozesuetan beti egoten dira. Beharbada, desorekak daude: batzuk, batu nahian, euskalkietatik ahaztu egiten dira; beste batzuek, euskalkietan, txokokerietan ibili nahian, guztiok batzen gaituen horretatik ihes egiten dute». Hori konpontzen ari dela uste du Etxebarriak: «Aldi batean egon ziren matrakak eta polemikak, baina bidea eginez joan gara batzuk eta besteok, eta bateratzen joan dira bideak: zuztarra bakarra da». Euzkitzek, ordea, sumatzen ditu aurkakotasunak: «Gaur egun ere antzeko hondarrak ikusten ditut. Euskara batua modernotasunarekin, abangoardiarekin eta etorkizunarekin lotutako zerbait da, eta hori euskalkiekin aurrez aurre jartzea oso atzerakoia iruditzen zait». Euskalkiak goratu egin ditu —«euskalkiez erabat maiteminduta nago»—, baina gogoeta eskatu du: «Ez dugu ondo zehazten zer leku behar duen bakoitzak».
Erregistro galera
Irizpideak argitzea falta da? «Ez da izango Euskaltzaindiak esan ez duelako. Adierazpenak behin baino gehiagotan egin ditugu», erantzun du Urrutiak. Hiru adierazpen eginak ditu akademiak; azkena, orain hamabi urte. Irizpideak argi daudela adierazi du Coyosek: «Har dezagun Zuberoa. Familian, beste zuberotarrekin, zuberera erabilia da. Irakaskuntzan, lehen mailan zuberera ikasten eta irakasten da; gero, bigarren mailan, euskara batua sarrarazten da. Tokiko irratian, Xiberuko Botzan, zuberera erabilia da, baina elkarrizketaturik dena zuberotarra ez bada, bere hizkeraz mintzatuko da, itzulpenik gabe». Egoerara egokitzen direla, alegia.
Erabilera irizpideei buruz galdera eginda, erregistroen gaia jarri du mahai gainean Arraratsek. «Erregistroak ez ditugu ondo bereizten, eta, askotan, erregistroei buruz aritu behar genuke, eta idatziaz eta ahozkoaz, eta ez batua/euskalkiak dikotomiaz». Bat egin du ikuspegi horrekin Labayruko ordezkariak: «Erregistro galtze bat dago. Lehenago gehiago bereizten ziren: erregistro idatzia eta ahozkoa, jendaurrekoa eta lagunartekoa. Gaur egun ez da hainbeste. Hizkuntza mailak asko leundu dira, eta batzuetan, galdu. Lehenago, aldea jagoten zen gehiago, eta horretan sartzen dut euskalkien erabilera: edozertarako erregistro bera erabiltzen badugu, berdin digu edozertarako erabiltzea euskalkia edo batua». Amurizak ere heldu dio gai horri: «Euskalkiak eta euskara batua norako eta zertarako, arazoa da gai izatea horretarako. Nola edo hala, denok gara hitz egiteko gai, baina hor maila asko daude».
Irizpideak argi ez edukitzea hutsune handia dela ohartarazi du Euzkitzek: «Hori da gaur egungo akatsik handienetako bat. Komunikabide nazionalak dauzkagu. Horietan euskara batua derrigor erabili behar dugu, salbuespentxo batzuekin. Aurkezleek eta komunikatzaileek euskara batua erabili behar dute, baldin eta zazpi euskal herrietara hedatu nahi badute mezua. Aurkezle batentzat sekulako porrota da herri batera joan eta norbaitek esatea: ‘Zuk erraten duzuna ez dut fitsik konprenitzen’. Hori barkaezina da».
Erabilera okerrak zabaltzen ari direla uste du, hain justu, Amurizak. «Idatzita ikusten dira azpieuskalkien eredu lokalak, ia-ia makarrak esateko moduan. Orain dela 50 urte, analfabetoek ere ez zuten horrela idazten. Hori dago modan: hitz egiten den moduan idaztea, fonetismo guztiekin. Maila kulturalean atzerakada handia da». Telebistari begira jarri da bereziki. «Unibertsitatetik pasatutako jendea da. Programa oso bat zure auzoan bezala? Astakeria handia da. Badirudi horrek daukala espresibitatea. Inkultura da».
Hitz egin bezala idazte horrekin kezka erakutsi du Urrutiak ere. «Fonetismoak eta ahoskeriak, tokian tokikoagoa egiteko… Bakoitza bere aldetik hasten bagara idazten, hizkuntza grafitizatzen, gure arteko komunikazioa ezinezkoa izango da». Azpieuskalkien aldeko joeraz ere mintzatu da: «Peneloperen haria da: ehotu egin zen, eta orain, desehotu. Joko horretan denbora galduko dugu, baina ez dago hor euskararen mamia. Txokokerietan hastea ez da dialektologia, ez da euskararen aitzinamendua erraztea».
Batuaren prestigioa
Joera horren aurka hitz egin du BERRIAko euskara arduradunak ere: «Kezkagarria da batuaren kontra egitea euskalkiaren eta tokiko hizkeraren alde egiteko». Erabilera okerrez ohartarazi du: «Batzuetan, mutur batetik bestera joaten gara: edo beste puntako euskalkiko hitzez beteriko batu bat egiten dugu, dotoreagoa delakoan, edo ustez herrikoa den hibrido bat, fonetismoz betea, eta euskalkiarekin zerikusirik ez duten artifizialkeriaz betea. Esaterako, Bizkaiko komunikabide batean oro eta anitz erabiltzen dituena gero ez dadila kexa batua arrotza delako: hala egiten duenak arrozten du». Arroztasunaren akusazioa «gero eta zentzugabeagoa» dela esan du Arraratsek: «Zorionez, hangoa eta hemengoa gero eta ezagunagoak zaizkie euskaldun alfabetatuei edo, besterik gabe, irratian edo telebistan bereaz bestelako hizkerak aditzen dituenari». Antzeko bidea hartu du Coyosek: «Euskalkidun bakarrak gero eta gutiago dira, irakaskuntzari, komunikabideei eta euskaldun ezberdinen arteko harremanei esker. Adinekoak dira, eta denborarekin desagertzen dira».
Prestigio arazo bat ikusten du Euzkitzek: «Batzuei batua zaharkitua-edo iruditzen zaie, eta ez dira ohartzen horrekin euskaldun berrien hegoak mozten ari direla erabat, eta ez dagoela gauza tristeagorik bi euskaldun elkar ulertu ezinik ikustea baino». Bertsolaritzan gertatutako aldaketa jarri du adibide. Xalbadorri txistu egin ziotenekoa aipatu du, ezin ulertuak eragin zuelakoan hura. «Gerora Xabier Amurizak modernotasunerantz, komunikaziorantz sekulako pausoa eman zuen batuan bertsotan hasi zenean».
Horrelako jendaurreko ekitaldietan euskalkia erabiltzea ez du gaizki ikusten Etxebarriak. «Aurrez egindako aukera bat denean, errespetu puntu bategaz eta entzule denarentzat aditzeko moduko erregistroan, arrazoiren bat edukiz gero hori justifikatzeko, zilegi da. Bestetara egokiagoa izan litekeela? A priori, bai». Ohar bat ere egin du: «Denentzat ezin da izan batu bera, zeren abiapuntua oso diferentea da Zeanuriko euskaldun batena edo Tolosako batena. Abiapuntu horrek markatu egiten gaitu». Antzeko ikuspegia du Arraratsek: «Batasuna ez da denean denok berdin egitea, baizik eta denok denona ulertzea».