Iñaki Berastegi / 2016-11-22 / 1.166 hitz
Gero eta lehenago erosten diete gurasoek haurrei lehendabiziko sakelakoa. Gurasoek, ordea, gutxi kontrolatzen eta arautzen dute sakelakoen erabilera, eta horrek, sarritan, arazoak sortzen dizkie haurrei: ‘ziberbullying’-a edo sarean norberaren datuen kontrola galtzea, besteak beste.
Hamar eta hamabi urte artean erosten zaie haurrei lehendabiziko sakelakoa, nahiz eta lehenago jasotzen dutenak ere badiren. Erosketa horrek lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzarako jauzi horrekin ere bat egiten du. Adituen ustez, ikertu gabe dago zein den telefonoa erosteko adin egokia, eta beraz, zehaztea oso zaila da.
Maialen Garmendia EHUko irakaslearen aburuz, «hainbat ñabardura» kontuan hartu beharko lirateke haur bati sakelako telefonoa noiz erostea komeni den erabaki aurretik: «Haurrak dituen premiak eta heldutasuna aztertu behar dira. Agian, eskolara bakarrik joaten den haur batentzat, lagungarria da sakelakoa».
Anabel Arraiza amak alabari sakelakoa duela bi urte, 11 urte zituenean, erosi bazion ere, «beharragatik» izan zela dio, eta ez normalean adin horretan erosten zaielako: «Aitak eta nik lan asko egiten genuen, eta ordutegi finkorik gabe ibiltzen ginen gainera. Alabaren lagun bati deitzen nion sakelakoa erosi aurretik». Lakuntzan (Nafarroa) bizi da Arraiza. Lehen Hezkuntza Lakuntzako eskolan egin du haren alabak, eta, orain, Altsasuko (Nafarroa) institutuan hasi da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten. Arraizaren esanetan, beti ez zaie erosten sakelakoa DBHra joaten direnean, baina «hor inguruan» ibiltzen omen da: «Haurren artean ikusten dut hori, DBHn hasi diren gehienek badute telefonoa».
Egun, sakelakoak deiak egin, jaso edo mezuak bidaltzeko baino tresna askoz ere konplexuagoak bihurtu dira, Internetek ematen dituen aukerei esker. Hala, horien erabilera okerrak, eta gehiegizkoak, arazoak sortzen ditu haurren artean, bereziki. Arazo horiek ez sortzeko, ezinbestekoa da gurasoek euren seme-alabei sakelakoen eta teknologia berrien erabilera arautzea.
Arau egokiak ezarri ahal izateko gurasoen egitekoa berebizikoa da Maite Goñi IKT adituarentzat: «Oso garrantzitsua da gai hauetan gurasoak jantzita egotea, teknologia berriak eta aplikazioak erabiltzen jakitea». Alta, gurasoek gai horiei buruz «gutxi edo ia ezer ez» dakitela uste du Fultxo Crespo Nafarroako Ikastolen Elkarteko IKT arduradunak: «Ezjakintasun handia dago. Prestakuntza saioak antolatzen ditugu, baina gurasoak ez dira etortzen». Arraizarentzat, gurasoen artean dagoen ezjakintasuna ere «handia» da, eta «gutxieneko» formakuntza falta zaiela iruditzen zaio. Dena den, Nafarroan estatistikoki arazo gutxi sortzen direla dio Crespok.
Gurasoen aurretik
Teknologia berrien ezagutzan haurrak askotan gurasoen aurretik doaz, eta horrek zuzenean eragiten du gurasoek ezartzen dituzten arauetan. Izan ere, sakelakoen aplikazioak sakonki ezagutu gabe, nola ezarriko dituzte erabilera egoki bat lortzea helburu duten arauak? Teknologiak ongi ez ezagutzeaz aparte, Crespok dio gurasoetako batzuek ere ez dakitela euren seme-alabek nola eta zein aplikazio erabiltzen dituzten: «Guraso gisa jakin behar dugu gure seme-alabek zein aplikazioetan dituzten profilak. Azken erantzuleak gurasoak gara». Teknologia berrien heziketa prozesu horretan gurasoen parte hartzea erabakigarria bada ere, ez da eragile bakarra: hezkuntzak ere garrantzi handia du. Arraizak uste du heziketa prozesu hori «elkarlanean» egin behar dela, gurasoen, haurren eta hezkuntzaren artean.
Hortaz, hezkuntza eta teknologia alor banezinak dira. Goñirentzat teknologia ez da salbuespena, hezkuntzaren beste alor bat da: «Teknologia berriak tresna modura ulertu behar ditugu, komunikatzeko, edukiak sortzeko, informatzeko balio duten tresnak dira. Tresna horien erabilpen on baten abantailak irakatsi behar dizkiegu haurrei».
Arauen artean garrantzi handienetako bat duena denbora mugatzea da. Denbora mugatzeari oso hertsiki lotua dago sakelakoak erabiltzeko lekuak mugatzea, edo, kasu batzuetan, debekatzea: erabaki hori gurasoek hartu ohi dute. Arraizak azaldu duenez, alabari ez dizkio erabilera ordu zehatz batzuk ezartzen: «Badaki etxeko lanak eta bere zereginak amaitu arte ezin duela telefonoa erabili». Crespok ere hamahiru urteko alaba bat du. Denborari dagokionez, muga zehatz bat ezarri diote sakelakoaren erabilera egoki bat egin dezan: «Aste osoan ezin du erabili telefonoa. Ostiralean ematen diot, baina, normalean, kontrolatu egiten diogu gehiegi erabil ez dezan». Arraizak ere aitortu du alabari asteburuan malgutasun handiagoa ematen diola, muga batzuen barruan bada ere. Denbora mugatzeaz gain, ordu zehatz batzuetan debekatzea da beste aukeretako bat; bazkalorduan edo afalorduan debekatzea. Otorduetan sakelakorik ez erabiltzearen aldekoa da Garmendia: «Egokia iruditzen zait neurri hori. Baina, otorduetan sakelakoa ez erabiltzeko konpromisoa haurrek zein gurasoek hartu behar dute». Hortaz aparte, Garmendiari egoki iruditzen zaio iluntzean ordu batetik aurrera sakelakoa ez erabiltzea.
Sarrera erraztu dute
Smartphone-ek lortu duten gauzetako bat sare sozialetara sarrera erraztea eta horien erabilera zabaltzea izan da. Sarrera erraz horrek, ordea, arriskuak sortzen ditu erabiltzaile gazteenentzat: ziberbullying-a edo identitate digitalaren kontrolaren galera, besteak beste. Arraizak dio bere alabak ez duela oraindik sare sozialetan profilik: «Hasieran, saiatu zen sare sozialetan egoten, baina ezjakintasun handiarekin, ez zituen kontrolatzen, eta horrekin moztea erabaki genuen». Arraizak sare sozialak maiz erabiltzen dituenez, sare sozialen inguruan alabari «jakintasun halako batez» hitz egin ahal izan ziola dio.
Garmendiak uste du Internetek eskaintzen duen hirugarren espazio horretara sartzea ahalbidetzen bazaie haurrei, sarrera horrek dituen arriskuei buruz informatu behar dituztela gurasoek haurrak: «Sarean erabilera egokia zein den erakutsi behar diegu. Kalean ezezagunekin ez hitz egiteko esaten diegun bezala; Interneten eta sare sozialetan berdin jokatzea eskatu behar diegu». Sare sozialen erabileraren eredu txarren berri jasotzen denean haurrei hori erakustea «garrantzitsua» iruditzen zaio Garmendiari. Garmendiaren hitzekin bat dator Goñi: «Bizitzan bezala, sare sozialetan ere segurtasunez ibiltzen erakutsi behar zaie haurrei».
Sare sozialak erabiltzeko legeak gutxieneko adin bat ezartzen du. Esaterako, hamahiru urterekin Facebook, Twitter, Snapchat edo Instagram erabil daitezke; hamalau urterekin Linkedin; hamasei urterekin sor daiteke Whatsappeko profila eta hemezortzi urterekin Youtubeko kanala egin daiteke. Alta, muga horiek ez dira errespetatzen. Crespok uste du enpresa horiek parte aktiboagoa izan behar dutela arazo honekin: «Iragazki zorrotzagoak ezarri behar dituzte. Google + oso zorrotza izaten saiatzen da, eta profilak ere ezabatu izan ditu adinaren muga ez betetzeagatik».
Beste arazo ohikoetako bat da identitate digitalaren gaineko kontrola galtzea. Interneten jartzen den informazio oro handik kentzea oso zaila da. Zuzeneko arriskua ez ezik, zeharkakoa ere badagoela uste du Arraizak: «Argazkirik jarri gabe ere, beste batzuen argazkietan gu izendatzea oso ohiko da. Behin argazki bat sarean jarrita horren kontrola galtzen dela esaten diot alabari».
Whatsapp aplikazioa da gazteen artean gehien erabiltzen den sare sozialetako bat. Crespok uste du haur asko Whatsapp erabiltzera «behartuta» daudela baztertuta ez sentitzeko: «Kirol taldeetako albisteak edo kuadrillako planak ezagutzeko Whatsapparen uztaitik pasatu behar dira». Garmendiaren aburuz, haurrek batez ere Whatsapp erabiltzeko aukera ematen dien telefonoa nahi dute, gehiengoak aplikazio hori erabiltzen duelako. Hori horrela, erabilera hori mugatzeko neurriak badaudela uste du: «Interneterako sarbidea soilik wifi bidez egiteko aukera ematen diete haurrei guraso batzuek». Whatsappek ere identitate digitala sortzen laguntzen du. Haurrei ez ezik, gurasoei ere kontuz ibiltzeko eskatu behar zaiela dio Goñik: «Askotan, gurasoak dira beren seme eta alaben argazkiak profiletan jartzen dituztenak. Edonoren eskura jartzen dituzte».
Bideo jokoak ere badira haurren artean eragin handia duten gailuak. Goñik uste du bideo jokoak onak direla, helburu didaktikoentzako «interesgarriak» izan daitezkeelako. Dena den, Goñik dio bideo joko guztiak ez direla onuragarriak: «Pistola hartu, eta jendea hiltzea posible den joko horiek arazoak sor ditzakete haurren jokamoldeetan». Bideo jokoek adin mugak zehazten badituzte ere, Garmendiak dio gurasoek askotan kode horiek ez dituztela ezagutzen.
Sare sozialek eta sakelakoen erabilerak sortzen dituen arazoen artean, irtenbideetako bat debekatzea izaten da. Garmendiak, ordea, uste du debekatzea ez dela konponbidea: «Gaur egun, ez du zentzurik haur bat Internetetik kanpo hezteak». Sare sozialetarako sarrera «atzeratzea» eta arauak jartzea dira, Garmendiarentzat, konponbidea. Goñik uste du arauak ezartzea «ezinbestekoa» bada ere, haurren «autorregulazioa» bultzatu behar dela.