Eta ikasgeletan pornoa aztertuko bagenu?

Mikel Garcia Idiakez / 2016-11-21 / 300 hitz

Eskolan pornografia ikusi eta aztertu beharko litzatekeela proposatu eta denetik esan diote Jenni Murray kazetariari, heriotza mehatxuak jasotzeraino. Ez izan inuzenteak, dio berak, hainbat azterketaren arabera pornoa sexu-heziketa iturri nagusia da gazteen %60rentzat: ezikusiarena egin eta utzi dezakegu internetek hezi ditzala sexualki, edo horren aurrean zerbait egitea erabaki dezakegu.

Besteak beste, Girls and sex ikerketa aipatu du Murrayk: 15 eta 20 urte bitarteko 70 emakumeri egindako elkarrizketak jasotzen ditu liburuak eta adibide esanguratsuak irakur daitezke: ea zergatik ez duten pelikuletan bezala garrasi egiten galdetzen duten mutil-lagunak, uzkiko sarketa (mutilak neskari) eta aho-sexua (neskak mutilari) praktikatzeko presionatzen duten mutil-lagunak… Azken finean, Murrayren hitzetan ohiko pornografiak (bestelakoa ere badelako) objektu gisa aurkezten ditu emakumeak, gizonentzako plazer-iturri huts, eta islatzen diren rolak, jarrerak eta sexua ulertzeko modua ez dira egokienak. Baina horiek barneratzen dituzte gazteek, sexu-praktika pornografian ikusten dutena (baino ez) delakoan.

Pornografia ikasgeletan sartu eta nerabeek hori guztia irakaslearen laguntzaz aztertzea, eztabaidatzea eta auzitan jartzea gomendagarria litzatekeela uste du kazetariak (are gehiago, gurasoek ere egin lezaketela gehitzen dugu guk). Sexu heziketari genero heziketa izena jartzea proposatzen du eta era kritikoagoan eta sakonagoan lantzea, anatomiari buruzko lezioak biologia ikasgairako utziz.

Euskal Herrian, 0-40 orduko sexu heziketa mugatua

Gure ikastetxeetan, oso mugatuta dago sexu heziketa: Ipar Euskal Herrian, 30-40 ordu jasotzen dituzte derrigorrezko hezkuntza osoan, eta Hegoaldean, 0-36 ordu (LOMCEk zuzenean ezabatu egiten du sexu heziketa curriculumetik). Edukiari begira, azken urteetan gaia pixkanaka zabaltzea lortu den arren, maiz sexu bidez kutsaturiko gaixotasunen eta haurdunaldien prebentziorako antikontzeptiboetara mugatzen dela dio Olatz Berastegi sexologoak: “Sexuaren inguruko mezu ezkorra helarazten zaie haur eta gazteei: arriskutsua dela, kontuz ibili behar dutela…”.

Plazera, sexu joera aniztasuna eta beste hainbat arlo tabuak dira oraindik hainbatetan. Suedia omen da eredu: haurrak 7 eta 10 urte bitartean hasten dira sexu eskolak jasotzen, ez dute gaia soilik biologiari edo osasun kontuei lotuta jorratzen, eta transbertsalki lantzen dute, hainbat ikasgaitan txertatuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.