Ainara Arratibel Gascon / 2016-12-04 / 1289 hitz
Beteranoen kategorian munduko sei maratoi garrantzitsuenak irabazteko erronkan buru-belarri dabil Fiz. Bi falta zaizkio, eta baikor da: «Lesiorik eduki ezean, gai ikusten dut neure burua».
Duela hamabost urte utzi zuen Martin Fizek (Gasteiz, 1963) atletismo profesionala. Oztopoetan hasi zuen ibilbidea, eta maratoian amaitu zuen. Olinpiar domina bat izan ezik, beste txapelketa garrantzitsu guztiak irabazita utzi zuen. «Hori da bizitzan dudan arantzarik handiena». Egun, orduko ilusioarekin jarraitzen du atletismoaz gozatzen. Hitz egitean ere nabari zaio. Errepidean eraman ohi duen abiadurarekin egiten du, pozik, gogotsu.
Noiz egingo diozu kasu amari, eta korrika egiteari utzi? Ez al zara nekatzen?
Amak 75 urte ditu, eta aspalditik esaten du bere umeak korritzeari utzi behar diola. Askotan egiten dit errieta. Baina niri korri egiteak bizitza, motibazioa, osasuna eta egunerokoari heltzeko energia ematen dit. 2001. urtean utzi nuen atletismo profesionala, baina running-ari esker korri egiten jarraitzen dut, eta oso pozik nago. Fisikoki ere indarrez nago. 45 urte nituenean, 50 urterekin utziko nuela agindu nion neure buruari. Orain, 50ekin, ume baten motibazioa dut. Duela aste batzuk, 85 urteko gizon batek lau orduan baino gutxiagoan egin zuen maratoi bat. Beraz, zergatik ez jarraitu?
Txikitan ere gustuko zenuen korrika egitea?
12 urterekin hasi nintzen, eta ez dut bizimodu hau ulertzen korrika egin gabe. Pribilegiatu bat naiz, zaletasuna lanbide izan nuelako, eta, orain, lanbidea zaletasun dudalako.
Kalkulatua duzu zenbat kilometro egin dituzun urte hauetan?
Nire kalkuluen arabera, 300.000 kilometro inguru. Asko dira, munduari hainbat bira.
Txikitan, berriz, futbolean jokatzen zenuen.
Gasteizko talde batean jokatzen nuen. Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea taldekide neukan. Izugarrizko maila zeukan. Beti zekien non kokatu gola sartzeko. Nik zelai erdian jokatzen nuen, eta ziurrenik horrek bazuen zerikusia korrika egiteko zaletasunarekin. Izan ere, zelai erdiko jokalariak izan ohi dira partidetan kilometro gehien korritzen dutenak.
Zergatik utzi zenuen futbola atletismoarengatik?
Bakarkako kirola gustuko nuelako. Irabazi edo galdu, ardura guztia zurea da.
Atleta izan beharrean futbolari izan bazina, oso desberdina izango zen zure bizitza?
Nik uste dut ezetz. Azken batean, kirolari profesionala izango nintzen. Baina, ziurrenik, ez nuen hainbesteko arrakasta izango. Futbolaren langile izango nintzen.
Orduan korrika egitea ez zegoen modan. Lagunek eta senideek zer esaten zizuten?
Hainbat errieta jaso nituen. Gaztaroan lagunek ez zuten ulertzen Gasteizko Alde Zaharrean parrandan atera beharrean etxean geratzea hurrengo egunean lasterketa bat izateagatik. Gurasoek hasieran ondo hartu zuten. Baina gero asko haserretu ziren, esan nienean produktu kimikoen enpresa batean nuen kontulari lanpostua utzi eta korrikalari profesionala izan nahi nuela. Krisi ekonomiko handi samarra zegoen orduan ere, 1993. urtea zen. Ausart jokatu nuen, eta ikusi zuten nire apustua ez zela hutsala.
Haiek erosi zizkizuten lasterketako lehen zapatilak. Zenbat balio zuten?
6.000 pezeta [36 euro] inguru. Orduan diru asko zen hori. Hiru anaiek erabili genituen.
Europako eta Munduko txapeldun izan zinen maratoian. Aldatuko zenituzke bi garaipen horiek olinpiar domina batekin? Atlantan laugarren geratu zinen.
Ziurrenik, hori da dudan arantzarik handiena. Aurkariak gutxietsi nituen Atlantako Olinpiar Jokoetan. Europako eta Munduko Txapelketak irabazita, estrategia berari segitu nahi izan nion, eta huts egin nuen. Olinpiar Jokoek errealitatera itzularazi ninduten.
Askotan ikusi duzu lasterketa telebistan?
Ez, telebistan ez, baina buruan, oraindik ere, askotan; batez ere, bakarrik nagoenean edo korrika ari naizenean asko pentsatzen dut horretan.
Dena den, beste bi garaipenez, Europakoaz eta Mundukoaz, asko gozatu zenuen, ezta?
Izugarri; batez ere, Helsinkikoaz. Izan ere, Diegorekin [Garcia] partekatzeko aukera izan nuen. Bi hilabete lehenago Segovian izan ginen entrenatzen, klausurako monjeak bagina bezala. Inor gutxik espero zuen guk zerbait lortzea. Jendeak ezin du imajinatu zein gogorrak izan ziren aurreko hilabeteak. Bakartuak ginen, Segoviako mendilerroan. Naturarekin bakarrik genuen harremana, eta muturreraino zaintzen genuen geure burua.
Dopatu egiten zinetela esan zuten batzuek. Nola bizi izan zenuten hori?
Goi mailako kirola oso eskergabea da alde horretatik. Irabazten baduzu, dopatu egin zara, eta, galtzen baduzu, zure kirol ibilbidea amaituta dago. Halako salaketen aurrean, ez entzunarena egin behar duzu, eta zure lanean jarraitu. Asko sufritzen da.
Orain, munduko sei maratoi ospetsuak irabaztea duzu helburu, beteranoen kategorian. Halako erronka potolo bat egun batetik bestera burura daiteke?
Bai [kar-kar-kar]. Iaz, New Yorkeko maratoia korritzera joan nintzen. Emaztearekin eta lagun batzuekin joan nintzen. Ederki pasa genuen, korrika eginez eta hiria ezagutuz. Lasterketa irabaztea lortu nuen, eta, denok primeran pasa genuenez, bururatu egin zitzaidan. Bi baino ez zaizkit falta: Londreskoa eta Chicagokoa. Pozik nago, baina irabazi ahala presioa gero eta handiagoa da.
Asko sufritu duzu orain artekoetan?
Bai, denetan. Nire sufrimendu gaitasuna eta atalasea oso handiak dira. Gustatu egiten zait sufritzea. Baina egia da oraingo sufrimendua, profesional nintzenean nuenaren aldean, diferentea dela. Izan ere, hemen ez dut irabazteko presiorik.
Aztertzen duzu aurkarien jarduna? Eta haiek zurea?
Erronka honen gauzarik politena da aurkariak ez dituzula ezagutzen. Duzun zantzu bakarra itxura fisikoa da: ilea zuritua duten, gorpuzkera eta halakoak. Baina horrek ere engainatu egiten du. Ni, berriz, gehiago ezagutzen naute, profesional izan nintzelako. Hori bada desabantaila txiki bat.
Nola helduko diezu geratzen zaizkizun bi maratoiei?
Ilusio eta motibazio handiarekin. Dena emango dut, baina obsesionatu gabe. Izan ere, lortu beharrekoa lortu nuen profesionala nintzenean. Orain, gustuko dudalako egiten dut. Obsesioa balitz, utzi egin beharko nuke. Lasai egiten dut lo. Profesional moduan egin nituen urteei esker, urduritasuna kontrolatzen dakit. Urduritasun apur batekin ateratzen naiz, baina lasterketak gozatu egiten ditut.
Aurreko egunetan, ordea, ez omen zaizu halakorik gertatzen.
Ez, hala da. Baina ez lasterketagatik, baizik eta beldurra ematen dizulako aurreko egunetan lesio edo ondoezen bat eduki eta egindako lana pikutara joateak. Horrek kezkatzen nau gehien. Osasunez ondo banago, ziur nago erronka lortuko dudala. Prestaketa ez zait falta, eta ilusioa ere ez.
Psikologikoki ondo egonez gero fisikoa gutxienekoa dela esan izan duzu. Baina, fisiko on bat eduki ezean, ez al da zaila halako erronka bati heltzea zure adinarekin?
Nik %51ko garrantzia ematen diot psikologiari, eta %49 fisikoari. Argi dago fisikoki ondo egon gabe ezin zarela maratoi batera aurkeztu onena zarela esanez. Martin Fiz izateagatik ez dut maratoi bat bukatu. Garai batean izan nintzen ona; baina, gaur egun, runner batek bezala entrenatu behar dut maratoi edo lasterketa bat irabazteko. 15-18 kilometroko entrenamendua egiten dut, ia egunero. Ez dut saio bikoitza egiten, adinean aurrera joan ahala atseden momentu horiek are garrantzitsuagoak direlako. Mentalki, berriz, prestatzen naiz pentsatuz maratoiak korritzeko jaio naizela, eta 30. kilometrotik aurrera, nire aurkarietako asko behera datozenean, ni hazi egiten naizela, eta gozatzen hasten naizela. Diegok erakutsi zidan sufritzeko gaitasun hori. Berak ezagutarazi zidan maratoiaren mundua. Hark erakutsi zidan nola lehiatu eta entrenatu. Indar psikologikoa izaten ere hari esker ikasi nuen. Uda asko eman genituen Segovian, gorputza zailtzen eta prestatzen. Bero izugarria egin arren, kilometro amaigabeak egiten genituen. Lehertuta amaitzen genuen. Hark ez zuen ulertzen etxera itzultzea indar tanta batekin. Iritsi, zerbait jan, eta, askotan, ohera sartzen zen, lehertuta.
Zergatik hartu du horrenbesteko arrakasta korrika egiteak?
Gaur egun, korrika egiten duten pertsonen %60k egiten dute, gizarte mugimendu bilakatu delako, eta autoestimua hobetu nahi dutelako. Pertsona bat gai bada lasterketa bat egiteko, ikaragarrizko poza hartzen du helmugan sartzen denean, eta ikusten du edozer egin dezakeela.
Moda horrek jarraituko du?
Nik, adibidez, 200dik gora lasterkari entrenatzen ditut Gasteizen, eta gustatuko litzaidake moda hau bizitzeko era bihurtzea, eta ez izatea urte edo hamarkada batzuetako burbuila bat. Batez ere korrika egitea ez bihurtzea obsesio. Jendea ez dadila erotu korrika egitearekin. Hori ez da ona. Kasu askotan, obsesio horren eraginez, beren harreman sozialak eta familiakoak alde batera uzten dituzte, eta hori ez da bidea. Korrikak osasuntsu eta zoriontsu izaten lagundu behar die. Pedagogia asko egin behar da. Izan ere, korrikalari asko benetako astakeriak egiten ari dira. Ez da txantxetako kontua, jendea hil egin baita lasterketetan.
Blog bat duzu zuk. Pedagogia egiteko modu bat da hori?
Bai, zalantzarik gabe. Niri gustatzen zait esperientziak partekatzea, eta haiei entzutea. Ematen diedan aholku garrantzitsuena ondorengoa da: entzun diezaiotela beren buruari eta gorputzari. Haiengandik ere asko ikasten dut. Blogean idazten ditudan artikuluetako askoren oinarria haiei entzundako gauzak dira.
Noizko egongo da goi mailako beste maratoilari bat Euskal Herriko atletismoan?
Nik uste osoa dut Iban Fernandezengan. Olinpiar Jokoetan egon zen, ia-ia. Aurten beste pauso bat eman behar du, goi mailan egoteko.