Maitane Maritorena / 2016-12-18 / 653 hitz
Hogeita hamar urte joan dira 1986ko abenduaren 15ean Vascuencearen Legea indarrean sartu zenetik. Hogeita hamar urte Nafarroako lurretan barna goazela, ikusezinak diren mugak sortu eta gure hizkuntzari harresiak paratu zizkiotenetik.
1167an lingua navarrorum izendatu zenari izana kendu zioten, eta izanari izena. Nor garen izendatzeko, nor izateko espainola beharrezkoa dugu nonbait, euskararen legea ez baita euskararena ere, vascuncearena baizik.
Hogeita hamar urteko salbuespen egoera eta bidegabekeria honek aldaketa izanen zuela pentsatu genuen iazko udaberrian, lege honek ez zuela bertze udaberririk izanen, uda berria izanen genuela 2016koa, eta 30 urte ez betetzea ospatuko genuela.
Hainbertze aldiz aditu genuen ALDAKETA, ordea, ez da nahi eta eskatzen genuen neurrirat ailegatu, bidean gelditu da, errepideetako seinale elebidunetan, eta Nafarroa guztian D eredua paratzeko saiakeran. Aldaketak euskararen Nafarroan erranahia galdu du, euskararen hiztegian definizioa aldatu diote, edukiz hustu dute. Geroa Baik, Ezkerrak, EH Bilduk eta Ahal Duguk Nafarroarat aldaketa ekarriko zuen/duen 600 neurriz osatutako akordio programatikoa sinatu zuten. Neurri horien artean daude hizkuntza politikari dagozkionak ere: «[…]beharrezkoa da hizkuntza-politika berri bat aplikatzea, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta hizkuntza-normalizazioaren bidean aurrera egiteko».
Esaldi hori heldu da akordio programatikoaren baitan dagoen hizkuntza politika atalean, eta esaldi horrekin batean hemeretzi puntuz osatutako akordioa hizkuntza politikari dagokionez. Baina aurki guztiek dute ifrentzua, eta, oro har adostasuna nagusi bada ere, zortzi gai gelditu dira «adosteko». Honela dio hondar orriko hondar puntuak: hizkuntza-politika: euskararen lege berria. Atx, kasu!!! (Hondarra izateak ez al du loturarik izanen lehentasunak markatzearekin!) Orain artioko bidegabekeriarekin akitzeko lege bidegabea aldatzea ez da egoki Gobernua osatzen duten zenbaitendako doike.
Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdiak ez daude ados hizkuntza politikak hartu behar duen bide berriarekin. Indarrean dagoen legea «baztertzailea» dela aitortzen dute guztiek, baina ez dira ados paratzen bazterketa hori zenbateraino onartu behar den; hizkuntza politika berri bat aplikatu behar dela diote, baina legea aldatu gabe legeak berak ematen dituen aukerak baliatzea erabaki dute, to eta no aldaketa! Gutiengoaren eskubideak errespetatzea gehiengoarenak ukatzea dela sinetsarazi nahi izan digute, nork eta lau alderdien artean gutiengoa denak, noren izenean eta berdintasunaren izenean.
Berdintasuna baita, hain zuzen ere, akordio programatikoan behin eta berriz errepikatzen den hitza, berdintasunaz gain TASUN ederrez betea baitago papera, baino ederTASUNA maiz ez da aski izaten, eta honetakoan ere halatsu, nekez bermatzen ahalko baititugu berdintasuna, askatasuna eta aniztasuna bazterketan eta diskriminazioan oinarritutako legerik aldatu gabe, berdintasuna askatasuna bezalaxe euskaraz jakiteak bakarrik bermatuko baitu. Nafarroako bi hizkuntzetarik bat hautatzeko, biak jakin behar dira, eta euskararik ez dakienak nekez hautatuko du, eta badakienari nekez emanen dio askatasunez hautatzeko aukera; beraz, askatasuna eta berdintasuna bermatu nahi baditugu, elebakarraren pribilegioak mantentzetik haratago joan behar dugu.
Akordio programatikoan ez bezala, Nafarroako Gobernua lehenbiziko aldiz ados paratu da Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Euskararen aldeko adierazpen instituzionala egiteko. Gobernua osatu zenetik, euskara desadostasuneko gai izatetik lehenbiziko aldiz adostasuneko gai izatera pasatu da, noiz eta, Nafarroaren egunak eta Euskararen Nazioarteko Egunak bat egiten duten egunean. Egun batez bederen, euskararen izenean adostasunerat ailegatzeko gai zaretela erakutsi diguzue. Estimatzekoa da zuen asmoa, baina euskaldunok ez dugu egutegiak gorriz markatu duen egun bakarreko adostasunik nahi, egutegiak markatzen ez dituen bertze 364 egun beltz horiek argitzea nahi dugu, eta horretarako «Nik zer egin dezaket euskararen alde?» galdemoduak ez du nire erantzunik behar, zuen erabakiak behar ditu. Ez ditut zerrendatuko euskararen alde egiten ahal ditudanak, egiten ahal ez dudanetan zergatik egiten ez dudan egiten galdetzen ez badidazue.
Zinez erraten dizuet nik nire esku- mingainean- dagoena egiten dudala, baina Nafarroako Gobernuaren esku dagoen administrazio publikoko langileekin solasean hasten naizelarik, behar dudana eskatu aitzinetik, behar dudana euskara(z) eskatzean, nire lurrean arrotz sentiarazten nautela. Nire hizkuntzan atendituko nauen langilerik ez dagoela inoiz, eta daudelarik, langile euskaldun bakarra beti oporretan edo kafea hartzen ari dela; hortaz, faborez, ez galdetu niri zer egiten ahal dudan, euskarak norberaren borondatetik haratago doazen erabakiak behar baititu.
Erabakirik ez hartzea erabakia hartzea delakoz, deus ez egitea egitea delakoz. Euskararen legea ez aldatzeko erabakia espainolaren idatzi gabeko legearekin jarraitzea da. Hizkuntza politika ez baita euskaraz egiten dena bakarrik: euskaraz egiten ez dena ere hizkuntza politika da.