Arantxa Elizegi Egilegor / 2017-01-26 / 684 hitz
1977ko urtarrilaren 26an, Iruñeko Udalak osoko bilkuran bozkatu eta onartu zuen ikurrina balkoian jartzea, Espainiako bandera nazionalaren, Nafarroakoaren eta Iruñekoaren aldamenean. Egun batzuk lehenago, Espainiako Gobernuak legezkotzat jo zuen ikurrina, baina soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Franco hila zen arren, Gobernadore Zibilaren kontrolpean geunden, frankismoak bere horretan jarraitzen zuen. Eta ikurrina askatasunaren ikurra zen, Gobernadore Zibilari aurre egiteko modu bat. Horregatik jarri genuen”, azaldu du Javier Ericek. Alkatetzatik kendu berria zuten orduan Erice, prebarikazioa egotzita, eta Tomas Caballerok ordezkatu zuen. “Iruñekoa izan zen udal bakarra Gobernadore Zibilaren nahiak bete ez zituena; hark beste norbait nahi zuen alkatetzan, baina ez zuen lortu”, gogoratzen du.
Garai zailak zirela dio Ericek. “Oso bakarrik sentitu nintzen”. Izan ere, askok salatu zuten haren aurkako jazarpena, legez kanpoko kontratu etete batekin bainoago, frankismoaren kontra agertutako jarrerarekin zegoela lotuta. “Pentsatu zuten ni alkatetzatik kenduta udaletik kanpo geratuko nintzela, baina ez ziren ohartu zinegotzi izaten jarraituko nuela”.
Mozioa aurkeztu baino egun batzuk lehenago hasi ziren dena prestatzen. Orduan Sindicato Verticaleko kide zen Javier Yabenek azaldu duenez, Caballerok berak deitu zion eta azaldu bandera bat eta masta behar zituztela. “Oso lagun onak ginen. Berehala esan non baietz, lortuko nituela”. Gogoan du Yabenek nork egin zituen ere. “Masta Javier Garaikoetxeak egin zuen —Karlos Garaikoetxearen anaiak— eta bandera, berriz, Fernando Varak”. Lanak amaituta ikurrina eta masta Iruñazarra taberna pareko lokal batean gorde zituzten bozketa egunera arte. “Eguna heldu zenean, udaletxeko atzeko atetik sartu genituen isilean”.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan legezko
Urtarrilean, Ikurrina legezkotzat jo zuen Espainiako Gobernuak, baina soilik hegoaldeko hiru eskualdetan, alegia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; ez, aldiz, Nafarroan. “Horrek ere izan zuen eraginik, udalean mozioa aurkezterakoan. Baina, batez ere, eta beste ezeren gainetik, frankismoaren aurkako ikur nagusietako bat zen ikurrina, bandera gorriarekin batera, eta horregatik jarri zuten balkoian”, dio Patxi Zabaletak. Bera ez zen oraindik udalean, baina bertatik bertara bizi izan zuen hura.
Urtarrilaren 26ko udal bilkuran puntu asko zeuden eztabaidatzeko eta horietan azkena zen ikurrina legeztatzearena. “Eztabaida egon zen, Caballerok behin-behinean legeztatzea nahi zuelako eta beste batzuek behin betiko egitea nahiago zutelako. Laster egin behar zituzten hauteskundeak eta azken erabakia horietatik ateratzen zen udal gobernuak hartzea nahi zuen Caballerok”, azaldu du Yabenek. Haren proposamenak egin zuen azkenean aurrera.
Udalean hamabi zinegotzik egin zuten ikurrina balkoian zintzilikatzearen alde, batek dimisioa eman zuen eta beste bi irten egin ziren aretotik bozketa egin baino minutu batzuk lehenago. “Kanpoan jendea oso urduri zegoen uste zutelako osoko bilkura luzatzearen arrazoia ikurrinaren inguruko eztabaida zela, baina ez zen hala. Batzuk Caballeroren aurka oihukatzen ere aritu ziren”, dio Yabenek.
Azkenean irten ziren alkate eta zinegotziak balkoira ikurrina eskuetan, eta jarri zuten hura ere plazan bildutakoen txaloen artean. Ordea, ikurrina jartzeko ohorea izan zuena ez zen alkatea izan, Erice baizik, zinegotziek era horretan salatu nahi izan baitzuten Gobernadore Zibilak hura kargutik kendu izana. “Plaza beteta zegoen, eta jendea oihuka. Bazegoen gogoa frankistei aurre egiteko, eta guk argi genuen herritarrek eskatzen zuten zerbait zela hura”, gogoratzen du Ericek.
“Lau urte egin zituen ikurrinak balkoian, inolako arazorik gabe —bozetatik irtendako udal gobernuak legezkotzat jo zuen bandera uda hartan bertan—. Baina 1981ean, beste bozketa bat egin zuten eta aldeko 17 botorekin eta kontrako hamarrekin hura kentzea erabaki zuen udalak”, dio Zabaletak. Bozketan izan zen liskarrik; izan ere, Manuel Perez Balda sozialistak ikurrina balkoian uztearen alde egin zuen, eta ondorioz, kanporatu egin zuten alderditik, “nahiz eta gerora epaitegiek arrazoi eman”.
Oraindik ere legez kanpo
Urteak igaro ziren ikurrina udaleko balkoian berriz agertu zenerako. 2015eko sanferminetan izan zen, EH Bilduko Joseba Asiron alkatetzara heldu berritan. “Nire ustez, bandera bakar bat ere ez dago soberan. Alderantziz, bat falta zen. Aldaketaren seinale da ikurrina udaletxeko balkoian egotea”, esan zuen orduan Asironek.
Ikurren Legearen arabera, beste erkidego bateko ordezkarien bisita ofizialetan bakarrik zintzilika daitezke Nafarroakoak, Iruñekoak, Espainiakoak eta Europakoak ez diren banderak, eta horixe izan zen ikurrina zintzilikatzeko arrazoia, alegia, Eusko Legebiltzarreko hiru kideren bisita. Baina erabakia auzitegietara eraman zuen Espainiako Gobernuaren ordezkari Carmen Albak, eta epaileek haren alde egin zuten, eta erabaki “lege iruzurra” egin zela. Ondorioz, geroztik ez da ikurrinarik zintzilikatu udaletxean.
Sortutako eztabaidaren ondotik, Ikurren Legea indargabetzeko konpromisoa hartu zuten aldaketaren aldeko indarrek, Geroa Baik egindako proposamen baten haritik. Ordea, ekimena ez da Gobernuaren “lehentasunen artean”.