Jaiotzerako, begano

Zabalduz doa hautu beganoa, espezismoaren alternatiba gisara, eta geroz eta ohikoagoa da gurasoengandik seme-alabengana transmititzea. Aurreiritziei, desinformazioari eta eskaintza faltari aurre egin behar izaten die ume begano askok.

Espeziearen araberako diskriminazioari aurre egitea da antiespezismoaren xedea. Horretarako tresna gisara, beganismoa sustatzen du mugimenduak: kide antiespezistek ez dute kontsumitzen animalia jatorriko produkturik, ez elikadurarako, ez eta beste ezertarako ere. Animaliak aisialdirako erabiltzea salatzen dute, eta aurre egiten diote ezein animaliaren zapalkuntzari. Oker zabaldu denaz bestera, dieta edo elikadura molde bat baino gehiago da beganismoa; are, ez du zerikusirik gastronomia kapritxoekin, ez eta unean uneko modekin ere. Aktibismo mota bat da, jarrera politiko bat, geroz eta jarraitzaile gehiago dituena. Eta jarrera gisara, geroz eta ohikoagoa da gurasoengandik seme-alabengana transmititzea ere. Jaiotzez beganoa den belaunaldia martxan da gurean ere.

Idoia Jimeno (Iruñea, 1977), adibidez, orain 22 urte hasi zen elikadura begetarianoa hartzen, eta hamabi dira jada beganismora pasatu zela, haragiari eta arrainari ez ezik esnekiei, arrautzei, eztiari eta animalia jatorriko gainerako produktuei uko eginez. Hark azaldu du bere aukeraren arrazoia: «Errespetuzko jarrera bat da. Gizarte espezista batean bizi gara, non animaliak espezie ezberdinetakoak izateagatik diskriminatzen diren. Beganismoa da horri aurre egiteko modua, espezista izateari uzteko modu bakarra». Orain hamaika hilabete jaio zen haren lehen semea, Adei, eta beganismoan hazi du hura ere, jaiotzetik. Irmo mintzo da erabakiaz: «Seme bat izan aurretik, begano izateak ekar zitzakeen gauza negatiboak baloratu nituen, eta, gizarteak oztopoak jartzen dizkigun arren, aurrera jarraitzea erabaki nuen. Ez nuen planteatzen ama izateko beste modurik; ez nuke ume bat izango horrek beste mota bateko elikadura eta bizimodua izatea ekarriko balu».

Egina du hautua Jimenok, eta, hala ere, aitortu du oztopoak sumatzen dituela inguruan. Informazio faltarekin dute lotura gehienek. «Jende asko ez dago ulertzeko prest, izan mehatxatuak sentitzen direlako, izan pentsatzen dutenagatik». Eta, hala, dioenez, bada hautua «kapritxotzat» hartzen duenik. «Esaten didate ea zergatik ematen diodan umeari elikadura hau, nik niretzat hori nahi dudalako. Niretzat justizia da: ez dago beste aukerarik. Nahiago nuke txikitatik beganoa izateko aukera eman izan balidate; hala, are lasaiago nuke kontzientzia».

Desinformazioak estigma dakar, eta estigmak, kriminalizazioa. Adibide bat: Italia, 2016ko uda. Egunkarietan, telebistetan eta irratietan, lerroburutik lerroburura zabaldu da albistea: larri ospitaleratu dute 2 urteko ume bat, ustez elikadura beganoak eragindako kalteengatik. Ika-mika piztu da, eta alarma baliatu du diputatu batek lege proposamen bat aurkezteko, seme-alabei elikadura beganoa ematen dieten gurasoak zigortuak izan daitezen. Gutxira, albistea gezurtatu du Lello Ciampolillo Bost Izarren mugimenduko senatariak: Genovako Gaslini ospitaleko zuzendariarekin mintzatu da —han artatu dute umea—, eta hark baieztatu dio gaixoak, besteak beste, gazta jaten zuela, eta, beraz, ez zela beganoa. Erori da beganismoaren nutrizio faltaren zurrumurrua. Baina berdin du: egina dago kaltea.

«Gu deskalifikatzeko modu bat da, arduragabe gisara aurkezteko». Halako informazioek uste faltsuak sortzen dituztela dio Jimenok, eta iradokitzen dutela elikadura beganoa kaltegarria dela ume jaioberrientzat, hala ez den arren. AEBetako Dietisten Elkarte prestigiodunak uxatu du, besteak beste, susmo hori: adierazi duenez, «ongi antolatutako dieta begetarianoak —erabat begetarianoak eta beganoak barne— osasungarriak eta nutrizionalki egokiak dira» bizitzaren fase guztietan, baita haurdunaldian, esnealdian eta haurtzaroan ere.

Bizimodu osasuntsua darama Jimenok ere. «Inork eskatu gabe», analisiak egin izan ditu urteetan, eta urtetik urtera berretsi du osasun onean dagoela. Eta, halere, aitortzen du «zalantza txikiak» izan zituela haurdunaldian eta esnealdian. «Beganismoarekin zerikusirik ez duen» nutrizionista batengana jo zuen orduan, eta hark argitu zizkion dudak: ez zen arriskurik. Halere, «prebentzio gisara», azido folikoa eta halako osagarri batzuk hartu ditu Jimenok, haurdun dagoen beste hainbatek hartu ohi duen bezala.

Esperientziaren talaiatik mintzo da Francisco —gorde egin nahi izan du bere benetako izena—: «25 urte daramatzat arraina eta haragia jan gabe, eta 2000. urtetik daramat animalia jatorria duen inolako produkturik jan gabe, eta ez dut inolako gabeziarik. Kontrakoa: odol analisiak egiterakoan, medikuak beti esaten dit dena perfektu dudala». 1992an hartu zuen begetarianismoaren bidea, emaztearekin batera, eta handik zortzi urtera pasatu zen begano izatera. Egun, Bilboko Piztiak konpartsa animalistako kide da. 1998an jaio zen haren alaba, eta 2000. urtean semea. Orduan, ez zuten elikadura beganoaren aldeko apusturik egin: «Garai hartan ez genuen nahikoa informaziorik, eta ez genekien erabat ziur elikadura beganoa posible ote zen ume txikietan. Gaur egun, ume bat izango bagenu, begano eginen genuke hasieratik».

Begetarianismoan hazi zituzten bi umeak, haragia eta arraina baztertuta, baina gainerako jakiak kontsumituz. «Eskolako jantokian jateko beharra ere hor zegoen, bi gurasook lan egiten dugulako. Seme-alabak arrautzak eta esnekiak hartzen dituzten begetarianoak ziren, eta, beraz, ez zegoen arazorik eskolako dietan. Arazorik gabe onartzen zuten arrautzak eta esnekiak dituen dieta begetarianoa; beganoa, ez».

16 urte ditu egun etxeko seme txikiak, eta bi dira bere kabuz beganismora lotu zenetik. Alabak ez du oraindik pausoa eman, baina dieta beganoa hartzen du etxean, nahiz eta kanpoan, «lagunekin ateratzerakoan», jaten dituen bestelakoak ere. Ez du horrek gehiegi kezkatzen aita: «Oraindik ez ditu arrautzak eta esnekiak baztertu; berak erabakiko du noiz. Haiei dagokie erabakia hartzea».

Barru eta kanpo

Oro har, familia beganoetan hazten dira ume beganoak ere, eta, hortaz, inguruan duten giro baten parte dira. Handik kanpora, ordea, bestelako jarrerak inguratuta ibiltzen dira, eta animaliak kontsumitzeko estimuluz eta mezuz josita dago egungo gizartea. Eta horrek, erabat baldintzatu gabe, arduratzen du neurri batean Jimeno: «Kezkatzen nau kanpokoak etxekoak baino pisu handiagoa hartzeak. Espezismoaren ondorioetan, elikadurarena da egunerokoan presenteen dagoena, eta horri diot beldur handiena: egunen batean [umeak elikadura beganoari] uko egiteari. Baina uste dut nahikoa izango dela hezkuntza on batekin, eta ikusaraziz ez dela justua, beste animalia bat jateak ondorio bat duela animali horrengan».

Kezka horrekin bizi izan da luzaroan Francisco ere: «Nik mundura ekarritako norbanako batek animalien torturan eta esplotazioan parte hartzea ez litzaidake batere gustatuko». Oraingoz, ordea, ez dago halakorako arriskurik. Sekula haragirik probatu gabekoak ditu seme-alabak, eta, halere, ez dute horren kuriositaterik sentitu inoiz: «Kontrakoa: haientzat ez da janaria. Ume bati ez diozunean irakasten animaliak jan daitezkeela, joera naturala animalia baztertzea da. Haientzat, animalia zerbait polita da, kuttuna. Jaiotzetik animaliarik ez badu jan, jendeak hori egiten duela ikusterakoan, eskandalizatu egiten da: ‘Zertarako jaten dituzte, ez bada behar?’, edo ‘Zertarako hiltzen dituzte animaliak jateko?’. Gure umeek ez zuten ulertu. Asko kostatu zitzaigun ulertaraztea».

Izan ere, «kulturala» da auzia, Franciscok dioenez. Konparaziora jo du azaltzeko: «Ume bati katua edo txakurra jatea eskainiz gero, sekula ez luke jango, harentzat ez delako janaria. Katu baten eta zerri baten artean dagoen ezberdintasuna kulturala da; guk ezberdintzen dugu, baina ez da existitzen. Kulturala da gastronomia, eta ohituta gaudelako egiten dugu egiten duguna. Jendeak ez du ezbaian jartzen. Arraroa egiten zaio besteek egiten dutena, eta normala norberarena». Hori hala, gizartea kontran du oraindik beganismoan bizi nahi duen orok, baita umeek ere. Jimenok dioenez, eskoletako jantokiek —bere ingurukoek behintzat— ez dute aukera beganorik ematen, eta «hezkuntza mota horretatik urrun» daude egungo aisialdi eskaintza gehienak ere.

Edonola, eta egoera horretan, normal bizi ohi dute Franciscoren familian beganismoa. Dioenez, bizitzan bitan baino ez zaio gertatu jatetxe batera joan eta zer jana ez izatea, eta beti izan da seme-alabentzako jakirik lagunen urtebetetzeetan eta merenduetan. Betidanik ezagutu dituzte klasekide zein ingurukoek umeak animaliarik jan gabe, eta, hortaz, ez zaie arrotza. «Gertatu izan zaigu familiako bazkarietan aitona bilobaren aurrean lotsatzea, haragia jaten zuela onartzerakoan». Normaldu dute oraindik minoritarioa den hautua.

Hori da, hain justu, beganismoaren erronketako bat: zabaltzea, arlo horretan lan ideologikoa eginez. Eta, seme-alabak beganismoan hazita, horretan lagundu dezakeela uste du Jimenok. Erreferente izan daitekeela beste hainbatentzat: «Oztopoak dauzkagu, eta beste ikuspegi batekin egin behar diegu aurre».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.