Xabier Mendiguren: «Literaturak prestigioa galdu du»

Mikel Lizarralde / 2017-02-24 / 1717 hitz

Idazlea lehenik, editore lanetan dihardu Xabier Mendigurenek azkeneko hiru hamarkadetan. Ez dio, ordea, idazteari utzi, eta ‘Alsina’ azkeneko nobelan horri berari buruzko kezkak plazaratu ditu, Euskal Herriko bi garai lotzen dituen kontakizun batean.

Alsina. Izen bat eta istorio bikoitza. Bi kontakizun harilkatu ditu Xabier Mendigurenek (Beasain, Gipuzkoa, 1964) izen bereko nobelan: 1941ean, naziek okupatutako Frantziatik ihesi, Amerikara bidean Alsina itsasontzian bidaiatu zutenena batetik, eta iheslari haietako batzuen alabak —Alsina hori ere— 1980aren amaieran AEBetatik Euskal Herrira egindako bidaiarena bestetik. 1997an hasi zen Mendiguren nobela idazten, baina, «hutsuneak» zituela iritzita, bazterrean utzi zuen, harik eta, hirugarren atala gehituta —luxuzko jatetxe batean EAJko kide baten eta ETApm-n aritutako PSOEko buruzagi baten arteko solasaldia—, orain dela hilabete gutxi argitaratu arte.

Has gaitezen amaieratik. Epilogoa gehitu diozu eleberriari, liburua zergatik argitaratu duzun azaltzeko. Ez da oso ohikoa, baina beharrezkoa ikusi duzu azalpen hori. Zergatik?

Liburu asko idatzi izan ditut, eta inoiz ez dut sumatu haiei buruzko azalpenak epilogo batean biltzeko beharrik. Baina kasu honetan, bai. Uste dut liburuak badituela zenbait gorabehera, eta zor niola irakurleari azalpen bat. Nola sortu den, eta zergatik gelditu den gelditu den bezala.

Ezohikoa izan da liburuaren beraren sortze prozesua ere.

Bai, 1997-1998an idatzi nuen liburuaren parte gehiena, baina, arazo tekniko batzuk sumatuta, baztertu egin nuen. Idazleoi gertatzen zaigu hori, istorio batekin hastea eta ez bukatzea. Baina kasu honetan, pena eman zidan; batetik, nahiko luze idatzita zegoelako, eta, bestetik, iruditzen zitzaidalako testu horretan bazeudela aurretik egin gabeko gauza batzuk; bere ekarpentxoa egiten zuela. Handik urte batzuetara gehitu nion elkarrizketa bidezko trama paralelo bat, baina hor gelditu zen. Azkenean, Elkarreko lankideei utzi nien idatzia, jakiteko merezi zuen argitaratzea ala ez. Aurrera egiteko esan zidaten.

Epilogo horretan narrazioen hutsuneez ari zara. Zein dira?

Nire asmoa zen, batetik, 36ko gerrako eta II. Mundu Gerrako kontuak kontatzea, eta baita 1981eko hasieran, batik bat otsailean, jazotako gertaera batzuk ere. Banindoan kontatzen bi istorio horiek, baina arazo bat neukan: 41eko istorio guztia kontatua nuen, baina 81ekoan, berriz, hasieran besterik ez nengoen. Desoreka bat zegoen.

Eta erabaki zenuen beste trama bat sartzea, formaz eta edukiz oso bestelakoa: bazkari baten bueltan hamaika kontuz ari diren bi lagun.

Bai, solasaldi horren bitartez agertzen da 81. urtea, eta baita orduko gertakariak ere. Eta haien irakurketa eta analisiak ere azaltzen dira A eta B-ren arteko solasaldi horretan. Iruditzen zitzaidan desoreka edo herren hori neurri batean konpontzen nuela. Mahai batek herren egiten duenean hanka baten azpian papertxo bat sartzen dugunean bezalatsu; ez da perfektua, baina hainbestean…

Nola heldu zara zu Alsina itsasontziaren istoriora?

Ez dakit nola iritsi zitzaidan istorio hori. Agian izan zen Telesforo Monzonen artikuluak editatzen ari nintzela… Bera itsasontzi hartan joan zen, bidaia hartan. Ontzi hura Casablancan eta Dakarreko portuan egon zen zenbait hilabetez, Atlantikoa zeharkatzeko baimenaren zain. Giro berezi horrek gogora ekarri zidan Casablanca filma, eta hortik tiraka pentsatu nuen bazegoela istorio bat kontatzeko. Eta gero badago beste kontu bat. 36ko gerrak joko handia ematen digu, baina II. Mundu Gerraz gutxi idatzi dugu euskaldunok. Denok ikusi ditugu gerra hartan girotutako film ugari, eta, ondorioz, asko dakigu hartaz… Gure iruditeria elikatu duten hainbat istorio daude hor, eta pentsatu nuen bazegoela zer kontatu. Eta, dena dela, ni ez naiz nobela historikoa egiten ari, eta girotze hori aitzakia bat ere bada beste gauza batzuk kontatzeko.

1981ean, berriz, 16-17 urte zenituen. Urte hartako otsaila buruan gelditu zaizu…

Bai, garai hark asko markatu ninduen. Jakina, nerabezaroan ezagutzen ditugun gauzek beti markatzen gaituzte: filmek, liburuek… Adin horrekin zabaltzen zaizkigu begiak eta hasten gara ohartzen inguratzen gaituenaz. Belaunaldi batentzat inportanteagoa izan daiteke Burgosko prozesua; beste batentzat, Franco hil zeneko eta Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko urtea…

Eta zuri barrura sartu zitzaizkizun 1981eko otsaileko egun gutxi batzuetan gertatutakoak…

Bai, hori da. Baina, gainera, uste dut gertaera haiek markatu egin zutela hurrengo hamar-hogei urteetako norabidea ere. Mundu mailan, 1980ko hamarkadaren hasieran Ronald Reagan eta Margaret Thatcher iritsi zirenean boterera, munduak norabide bat hartu zuen. Eta Euskal Herrian ere gauza asko gertatu ziren: Ryanen bahiketa eta hilketa; Arregiren atxiloketa, tortura eta hilketa; Juan Carlos erregea etorri zen Gernikara; Tejeroren estatu-kolpe saiakera; ETApm-ren su eten luze bat, gero erakundearen desagertzea ekarriko zuena… Gertaera horien kateatzeak ematen du hurrengo urteetan etorriko zena ulertzeko gakoren bat edo beste.

Liburuko istorio nagusia narratzaile esku hartzaile batek kontatzen du. Horrek aukera eman dizu fikzioaren mekanismoak etengabe zalantzan jartzeko. Zergatik hautu hori?

Jolas bat da. Nik ez nuke inolaz ere esango: «Hau da egin behar dena». Edo «egundoko aurkikuntza egin dut». Baina liburu ugari idatzi ditut, eta ez nuke nahi errepikapenean erori. Liburu bakoitzean saiatzen naiz zerbait berria ematen. Saiatu behintzat. Eta hau idazten hasi nintzenean, pentsatu nuen narratzailea, orojakilea baino gehiago, narrazioaren hariak etengabe mugituko zituen bat izan zitekeela. Aldi berean, kontakizun baten eraikuntzan idazleak izaten dituen zalantzak agerian utziko zituena. Esperimentu bat da, baina ez dut uste ezer berria egiten ari naizenik. Badakit, irakurle batzuen iritzia jaso dudalako, batzuei asko gustatu zaiela, eta beste batzuei, ez.

Idazketa kezka da zuretzat?

Beti da kezka idazketa idazle batentzat. Niretzat bai, behintzat. Baina kezka hori ez dugu agerikoa egiten. Kasu honetan, ordea, kontrakoa egin dut, eta idazlearen buruan pilatzen diren zalantza eta erabaki horiek narrazioko parte bihurtu ditut.

Karlos Linazasorok esana du nobela hilda dagoela. Edo hil egin beharko litzatekeela. Formatu baten amaieran gaude?

Ez zait iruditzen. XX. mendean askotan hitz egin da nobelaren heriotzaz. Tira, hilurren badago, hilurren osasuntsua da. Nik etengabe irakurri behar dut, bai lanbideagatik, bai zaletasunagatik, eta iruditzen zait idazle bakoitzak zintzoa izan behar duela munduaren bere ikuskerarekin, edo bere sentierarekin, edo bere estetikarekin. Eta Linazasoro, adibidez, oso koherentea da. Berak egiten du barrutik ateratzen zaiona, eta ez merkatuak exijitzen diona. Beste idazle batzuei barruak eskatzen die istorio bat kontatzea, eta kontatzea, gainera, modu tradizionalean. Eta niri hau atera zait.

Nobela bat…

Bai, nobela bat. Eta espero dut izatea nobela entretenigarri bat eta zerbait emango diona irakurleari. Baina nobelak modu askotan egin daitezke, nahiz eta ez den erraza zerbait berria aurkitzea. Ez nobelan, baina ezta pinturan edo dantzan ere… Norberaren aurretik ehunka edo milaka urtetako artearen garapena daukagu, eta, historia hori ezagutzen badugu, umiltasunez jokatzera behartuta gaude. Gehiena asmatuta dago, baina zintzotasunez saiatu behar dugu aletxo bat ematen.

Berrikuntzari garrantzi handiegia ematen zaiola uste duzu?

Ez nuke hori esango. Hori esango banu, badirudi justifikatzen ari garela alferkeria. Berrikuntza ez da dena, baina bada idazleak bere buruari jarri behar dion erronka bat. Ez erortzea errazkerian eta errepikapenean. Artista zintzo batek eskatu behar dio bere buruari arrisku bat: formala izan daiteke, edo tematikoa. Saiatu behar du arriskatzen.

Zenbat urte editore lanetan?

30 beteko ditut datorren urteko urtarrilean.

Asko irakurtzen duzunez, ausartuko zinateke euskal literaturaren osasunaz hitz egitera?

Halako balorazio bat egiteko, zerbaitekin konparatu behar dugu. Egin dezakegu konparazio hori gure inguruko literaturekin, edo egin dezakegu konparazio diakroniko bat. Hau da, denboran atzera eginda. Nik bigarrenari helduko diot. Eta iruditzen zait, oro har, txukunago, hobeto idazten dela orain 1980ko hamarkadan baino. Hizkuntza hobeto zaintzen dugulako, eta ez bakarrik literaturan, baita komunikabideetan ere.

Eta literatur kalitateari dagokionez?

Antzeratsu gaudela esango nuke. Beti egon dira lan onak, ez hain onak, kaskarrak, goi mailakoak… Ez nuke jakingo esaten gora egin dugun edo ez. Kantitatean goraka goaz, baina ausardia, esperimentalismoa, berrikuntza… garai batean gehiago baloratzen ziren. Gaur egun industriago gara. Gauzek bere bidea hartu dute…

Beste literatura batzuen eragina agerikoagoa da agian?

Mundu globalizatuago batean bizi gara, eta hori antzematen da. Modan jartzen diren estiloak mundu osoan jartzen dira modan. Baina hori ez dut uste literaturari bakarrik egotzi ahal zaionik. Kulturaren ezaugarri bat da.

Sortzaile eta adituen azkenaldiko kexak entzunda, ematen du transmisio katea dela gurean huts egiten duena.

Oso nabarmena da hori. Lehen esaten nuen produkzioa handitu egin dela azkeneko 30 urteetan, hau da, liburu gehiago argitaratzen dira gaur egun. Baina liburu horietako bakoitzaren aleak, aldiz, askoz gutxiago dira.

Transmisioari berriro helduta, huts egiten ari da?

Eztabaida handiak daude gai horren inguruan… Fermin Etxegoienek, adibidez, esaten du estetika kontuengatik gaur egungo gazteak ez direla identifikatzen erabiltzen dugun hizkuntza jasoegiarekin. Ez dakit… Batetik, iruditzen zait literatura beti izan dela gutxiengo batentzat. Irakurtzeko zaletasuna izanda, nahiago nuke jende gehiagok konpartituko balu zaletasuna, baina igual ez da posible. Bestetik, egia da gure zirkunstantzia soziolinguistikoengatik, gazte askorentzat, argitaratzen diren lan batzuk maila altukoak direla. Eskola urteetan haur literaturako lanak euskaraz kontsumitu dituzte, baina, gero, beren euskara maila eskastxo gelditu zaie argitaratzen diren idazlanak gozatzeko. Eta zein da irtenbidea? Testu literarioen euskara maila errazagoa izatea? Edo gazte horiek hizkuntza maila jasoarekin iristea nerabezarora?

Eta zure ustez?

Berez, bigarrena litzateke hobea, baina ez daukat irtenbide argirik. Baina egia da jende gehiagorengana iritsi nahiko genukeela.

Hizkuntza da irakurlearengana iristeko oztopo bakarra?

Ez, hori hor dago, baina kontuan izan behar dugu Mendebaldeko kulturan liburuen bidezko kulturak lehen baino pisu eta prestigio txikiagoa duela. Lehen, politikari bati galdetu egiten zitzaion zer liburu ari zen irakurtzen. Orain, hori ere ez da egiten. Prestigioa galdu du. Zer etorriko den gero? Bada, ez dakit. Ez baita egia gero eta gutxiago irakurtzen denik. Uste dut inoiz baino gehiago irakurtzen dela; eta idatzi ere gehiago egiten dela. Txioak, Whatsapp mezuak… Baina, agian, falta zaigu patxada eta denbora liburu bat hartu eta ordu batzuk pasatzeko hori irakurtzen.

Lander Garrok, Erlea aldizkariaren harira, planteatu zuen produktu batzuek, oso kalitate onekoak izanik ere, akaso ez dutela bilatzen gizartearekiko zubia. Iruditzen zaizu euskal idazleek ere zubi horiek bilatu behar dituztela irakurleengana iristeko?

Atzera joango naiz. 1930eko hamarkadan idatzi zuen Lauaxetak Bide barrixak liburua, eta polemika handia izan zen. Liburu berritzailea zen, hizkuntzan, estetikan eta erabiltzen zuen sinbologian. Zenbait kontra jarri zitzaizkion. Uste dut Lizardik idatzi zuela artikulu bat izenburu hau zuena: Bide berriak? Bide guztiak. Ni ados nago horrekin. Uste dut behar direla liburu erraz, arin eta publiko zabal batek irakurriko dituenak. Behar dira. Eta behar dira liburu exijenteak, berritzaileak, esperimentalak, pauso bat harago joango direnak, gutxiengo batentzat izanda ere, muinera iristean zerbait ezberdina ematen dutenak. Eta, aldi berean, transmisio bide berriekin esperimentatu behar dugu. Guk liburuak egiten ditugu, baina egiten badira aldizkariak, fanzineak, irakurketa publikoak, irakurle txokoak… zenbat eta transmisio bide gehiago, orduan eta hobeto. Ahalik eta pluralena izan beharko luke euskal literaturak.

Inguruko hizkuntzetan egiten den literaturetan bezala…

Bai. Niri ez zaizkit gustatzen [Jorge] Bucay eta [Paulo] Coelho, baina, halakoen moduko lanak norbaitek euskaraz egingo balitu, ba, ziur aski aberasgarria izango litzateke.

Zerbaiten falta sumatzen duzu euskal literaturan?

Literaturaren bizitza sozial aberatsagoarena. Gustatzen zaizkigu polemikak, baina polemikak ez ditugu liburuetatik ateratzen. Liburuek ez dituzte eztabaidak eragiten, baizik eta elkarrizketetan esaten direnek. Niri gustatuko litzaidake liburua izatea eztabaidaren iturri, idazleok liburuotan ematen dugulako gure onena. Pentsamendu biribilagoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.