Dani Gutierrez Porset / 2017-02-24 / 508 hitz
Aste honetan, 72 orduan 900 pertsona inguruk Ceutako hesiaren gainetik salto egin dute, hesiaren xafla edo hortz hiltzaileetatik bizirik irten dira, batzuek zauri latzak izan badituzte ere.
Hiriko Etorkinentzako Aldi Baterako Egonaldiko egoitza (CETI) jendez gainezka egon da, bere edukiera 512 pertsonarentzako delako, eta kanpin-dendak jarri dira azkar. Ceutako aktibistek etxeko bideoak atera dituzte mugikorrez, eta afrikarren poztasuna uki daiteke irudietan: Bossa garrasiarekin bat, egungo gizakiak bainoago esklabo garaikoak dirudite, azkenean askatasuna lortu dutenak. Aste honetan, halaber, Libiako kostaldean 75 inguru hilotz aurkitu dituzte. Amets egiten zuten gizakiak ziren, bere lagunak eta familiak maite zituzten emakumeak eta gizonak, gehienak gazteak.
Europa zaharraren estatuetan bai lehenak, bai bigarrenak gu baino gutxiago balira bezala hartzen direla nabaritzen da askotan, tamalez. Ez dute hainbeste axola. Ez-ezinbesteko mundu batetik datoz, eta oso urrun daude gure sentimenduetatik, nahiz eta Ceutarako tartea antzekoa den edo gertuago dagoen Europako hiri askorekin. Halako tragediaren bat gertatzen bada adibidez Parisen, zerbait mugitzen da gure barnean. Are gehiago, munduko edozein tokitan oso hurbileko pertsona bat joaten denean, dena jausten zaigu gainera, eta gertu dauzkagun kideen besarkadak benetan eskertzen ditugu. Hurbiltasun sentimendu horrek pixka bat betetzen, berotzen eta laguntzen gaitu.
Zergatik izaten ditugu hain erantzun ezberdinak kasu batzuetan eta besteetan? Gainera, heriotza edo zauri saihesgarriak direla jakin badakigunean? Zygmunt Baumanek bere Extraños llamando a la puerta liburuan ondo azaltzen du ikusmen soziologiko eta kultural batetik: gizarte aurreratu batzuetan izua eraiki dugu migrazioen inguruan, batzuetan era ikusezin baten bidez, beste aldietan argi eta garbi. Eta horrela, mendebaldeko edo Iparraldeko gizarteetan gure axiomak eratzen ditugu eguneroko bizitzan. Adibidez, «produktuak, zerbitzuak, enpresak eta finantzak beti mugitu ahal dira munduan zehar era libre batean»; pertsonak ez, hots, gizakiek gauzek eta diruak baino eskubide gutxiago dauzkagu. «Oporretan beste herrialde batera joateari turismo deitzen diogu», eta adibidez oso modu normalean onartzen genuen orain dela hamar urte eskaparate batean «Jordania eta Siriarako oporretako hegaldi eskaintza» irakurtzea; gaur egun, hangoei ez diegu hona etortzen uzten, nahiz eta oporretan ez izan, baizik eta gerra basati batetik alde egiteko. Etortzekotan, patera batean izan dadila bizitza jokatuz.
Norbaitek adieraziko luke: «Aizu, ezin gara eguneko hogeita lau orduak hemen edo han daudenen bizitzetan edo heriotzetan pentsatzen aritu». Jakina, egia da ezin ditugula munduko ardura guztiak gure bizkar hartu. Baina gauza da sentikortasun hori mantentzea era natural batean. Eta gure sentikortasun naturala ez zaigu jaiotzean bertan sortzen, bat-batean, baizik eta gure bizitzan zehar, hainbat bizipenen eskutik: familian, eskolan, komunikabideetan, gizartean eta gizarte-mailan, laneko giroan (edota langabeziakoan)…
Zerbaitetan aritzeko gakoa sentimenduetan datza. Mugitzen gaituena hunkitzen gaituena da. Ondorioz, etorkizunerako giza eskubideen aldeko gizarte bat eraiki nahi badugu, ondo legoke dagozkien esparru sinbolikoak, kulturalak eta hezitzaileak sortzea eta lantzea. Adibidez gaztaroan halako errealitateak ezagutzea, eta posiblea bada, tratu edo kontaktu zuzen baten bidez. Adibidez komunikabideetan etorkinak arriskuekin ez lotuz. Jende txarra hemendik eta munduan dabil; jende ona berdin: han eta hemen. Afrikar bat, asiar bat eta europar bat desberdinak baina oso antzekoak gara mamian. Helburua biharko egunean tokatuko zaizkigun bizi aroko arazo handiez konturatzea da, kontzientzia askatasunetik, eta batez ere, haien kausak ulertuz. Konpromisoak eta ekintzak gero etorriko dira… ala ez. Baina sentimendu barik, gerokoa alferrik da.