Alaitz Armendariz / 2017-03-17 / 414 hitz
Arkitektoa da lanbidez Christina Moore, eta, guztira, Game of Thrones telesaileko 36 kapitulutan egin ditu arte zuzendaritza lanak. Gertu-gertutik jarraitu ditu telesail arrakastatsuko pertsonaia eta istorio guztiak, hortaz. Euskal Herrian ere izan da, uztailean estreinatuko den zazpigarren denboraldiko eszena batzuk hemen grabatzen.
Euskal Herrian zazpigarren denboraldiko hainbat eszena grabatu dituzue. Zerk erakarri zaituzte hona etortzeko?
Euskal Herrian asko gustatu zaiguna kosta izan da, eta, bereziki, Gaztelugatxeko eliza. Uste dut denok maitemindu ginela toki horrekin hasiera-hasieratik.
Game of Thrones sortzeko prozesuan ehunka pertsonak hartzen duzue parte. Zein da zure eginkizuna, zehazki?
Ni atzerriko filmaketaren arte zuzendaritzaren arduraduna naiz, beraz, Game of Thrones-en mundua sortzeko prozesuan parte hartzen dut, platoak eraikitzen ditut, eta filmatzeko tookiak moldatu. Telesail honetan atzerriko arte zuzendaritzako arduraduna naiz, beraz, hiru herrialdetako grabazioan parte hartu dut: Kroazia, Maroko eta Espainiakoan.
Sekulako ikusmira piztu du telesailak, eta jendetza dago kanpoan zure zain, esango duzuna entzuteko irrikan. Ohituta zaude jendea horrela ikustera?
Zur eta lur nago! Ni kameren atzean lan egiten duen pertsona bat naiz, ez dut halakorik bizi izan aurretik. Baina horrek erakusten du Espainian arrakasta handia izan duela. Gainera, ekoizleek Espainian berriz filmatu nahi izateko arrazoietako bat horixe izan da: jendeak gogo biziz hartzen du telesaila, eta hori asko nabaritzen dugu estren artean. Uste dut irrika hori oso ona dela.
Game of Thrones telesailean hainbat mundu agertzen dira. Nola egiten duzue guztiak argi eta garbi bereizteko?
Guztiek oso itxura desberdina eduki behar dutela, eta maiz herrialde desberdinetan filmatzen ditugu. Adibidez, esklaboen hiri batzuk Marokon, Kroazian eta Espainian filmatu ditugu, eta hiruren artean zerbait koherentea lortzen saiatzen gara. Kontua da ikusleak ez ohartzea Marokon eta Kroazian filmatu dugula, baizik eta Game of Thrones-eko mundu bat dela pentsatzea. Hori da gure lana; hizkuntza bisual bat edukitzea, mundu bakoitzarekin zerikusia duena. Hainbat gauzarekin lotuta egon daiteke: kolorearekin, arkitekturarekin, ematen zaion argiarekin… Eta jantziek ere garrantzi handia dute mundu bakoitzaren barnean, zalantzarik gabe.
Zaila da Game of Thrones garai batean kokatzea, goitik behera asmatutako garaia baita, noski. Non kokatuko zenuke telesaila, toki eta janzkerei begiratuta?
Ez da garai historiko zehatz bateko drama bat, eta horrek nolabait askatasuna ematen digu, diseinuak egiteko orduan, adibidez. Ezin dugu garai zehatz batean kokatu; Erdi Aroaz hitz egiten den arren, eta antzeko girotzeak egon arren, fantasia bat da; izan ere, ez zegoen dragoirik garai hartan, eta ez da beste inoiz ere egon.