Virginia Basurto / 2017-03-07 / 637 hitz
Martxoaren 8a gainean dugun honetan, egunkarietan, aldizkarietan, telebista saioetan eta gizartean berdintasunaren garrantziaz arituko dira. Gaurkoan bai, emakumeen aurkako indarkeriaz, soldata desberdintasunez, kristalezko sabaiez, biolentzia sinbolikoaz eta agian, akaso, indarkeria obstetrikoaz ere hitz egingo digute guztiek.
Baina badira, eskerrak, egun bateko lore ez diren pertsonak eta taldeak, urte guztian zehar gai hau lantzen dabiltzanak, aniztasunak errespetatuz berdintasunezko eta justiziazko gizarte eta egoerak irudikatzen dituztenak. Gizarte patriarkaletik haratago berdintasuna abiapuntu eta helmuga duten pertsona eta kolektibo horiek, berdintasun formaletik haratago, oraindik badiren desorekak bistaratzen dizkigute, eta «berdintasunaren irudipenean» bizi garela ohartarazi. Horretarako, gizonen gehiegizko errepresentazioaz hitz egiten digute ekonomia, politika edo denbora librean, eta bistaratzen digute emakumeen gehiegizko parte-hartzean esfera erreproduktiboan.
Berdintasuna denbora kontua zela esan ziguten orain dela ez hainbeste. Belaunaldi berriek, eskoletan gure ikaskide gizonekin batera hezi garen gazteok, gizartea eraldatuko genuen ametsa saldu ziguten, baita sinetsi ere! Ohartu gara, ordea, gauzak ez direla horren errazak izan; eta nahiz eta 80ko hamarkadako gazteok berdintasunean eta elkarrekin hezi gintuzten, lan mundura sartu, bizitza propioa egin eta mendeko pertsonak zaindu behar izan ditugunean, konturatu gara denborak, bere bakardadean, ez digula berdintasunezko gizartea oparitu. Benetako berdintasunaren alde lan egin nahi badugu, estrukturak eta sozializazio prozesuak aldatu behar ditugula, eta horretarako hezkuntza da giltzarri.
Gure gizartean nahiz eta mutil eta nesken ia 100% alfabetatuak izan, eta unibertsitatean gehiengo garen emakumezko ikasleak, oraindik ere laneratzeko orduan langabeziak gehiago jipoitzen gaitu emakumeok. Soldatapeko lan bat lortuz gero, gauzak ez dira askoz hobeak. Nazioarteko datuei jarraikiz, emakumezkook urtero otsailaren 22ra arte aritu behar izaten dugu lanean, gure kide gizonek abenduaren 31rako irabazia zutena irabazteko. Ez gara bakarrik kristalezko sabaiez ari, lokaztutako zoruez ere bai, lan prekarioen %80ren «jabe» baikara emakumeok. Feminizatutako lanek baldintza kaskarragoak dituzte, eta zaintzarako lanen murrizketak emakumeok hartzen ditugu %92an.
Hilketan bukatzen den indarkeriari erreparatuta ere, datuak lazgarriak dira. Urte honetan, zifra ofizialak eraildako 18 emakumez mintzo zaizkigu Espainiako Estatuan, datuak ditugunetik urte bortitzenetakoa, eta 2003tik hona ia 1.000 emakume izan dira erailak bere bikotekide edo bikotekide ohiengandik. Maitasun erromantikoaren mitoak ez du behera egin nerabe eta gazteetan, eta zeloak eta kontrola ohiko eta normaltzat jotzen dira gure gazteen harremanetan, batzuetan maitasunaren sinbolo gisa ere hartzen direlarik. Egoera deskribatzen has gintezke, baina gaurkoan egoerari aurre egiteko erronkez eta gure bideez hitz egin nahi dugu.
Alboan-en, gizartea aldatuko duen herritartasun konprometituago batekin amesten dugu, eta bidelagun ditugu amets hori egia bihurtzen dabiltzan talde eta gizabanakoak. Berdintasunean oinarritzen den gizarte bateranzko bidean, behar-beharrezkoa eta presazkoa da eraldaketa soziala bultzatuko duten talde eta pertsonak heztea. Horregatik, gure proposamenetan, hezkuntza da abiapuntu eta helmuga. Gizarte justuagoa eraiki nahi dugu, eta ez dago justiziarik emakume eta gizonen arteko berdintasunik gabe, guztion aniztasunetik giza eskubideak bermatuta ez badaude.
Horregatik, hezkuntza sistemen berrikuspena funtsezkoa iruditzen zaigu. Lehenik eta behin, emakumeak hez daitezen lan egiten dugu. Hori da gure lehen erronka, neskatoak eta emakumeak eskolara joan daitezen ahalbidetzea. Lanean ari garen eremuetako jendarteak egoera latzak (gerrak, lekualdaketak, sistemen bazterkeriak, desberdintasunak) bizi ditu, eta badakigu pobreenen artean, kalteberen artean, emakumeak garela kalteberenak. Horregatik, hezkuntza bermatua izan dezaten egiten dugu lan. Horretarako, Afrikan, Ameriketan JRS, Fe y Alegria eta Gujerat estatuko (Indian) hainbat ikastetxerekin batera lan egiten dugu.
Hezkuntzan emakumeen presentzia bermatuta dagoen lekuetan, hezkuntza sistemen estrukturen inguruko hausnarketa bultzatzen dugu. Erreparatzeko gure hezkuntza sistemak berdintasuna bultzatzen duen, ala genero desberdintasunak betikotzen dituen.
Horretarako, eskolak eta denbora libreko taldeak beren buruaz hausnartzeko ibilbide propioak egitera animatzen ditugu, eta prozesu horretan sostengatzera. Hezkidetza autodiagnosi horietatik bere hezkidetza planak sortuko dituzte, bere neurrirako ibilbide bati jarraikiz.
Bukatzeko, ezin geure buruaz ahaztu, eta, gure hezitzaile paperari jarraikiz, etengabe hausnartzen dugu gure ekintzek duten inpaktuaz, eta egiten dugun hezkuntza ekintza bakoitzean genero gaietan zer-nolako gizartea bultzatzen dugun.
Guztiok gure aniztasunean aukera eta eskubide guztiak bermatuak izan ditzagun lanean, bidelagun izango zaituztegu? Emakumeok berdintasunean justiziazko gizarte global batean bizitzeko momentua hel dadin, estruktura zaharrak bota eta berriak eraiki behar ditugu. Emakumeok, behingoz, berdintasun errealaz gozatzeko aukera izan dezagun.