Adrian Garcia / 2017-03-22 / 654 hitz
Ipar Irlandako bake prozesuan giltzarria izan zen McGuinness. Ipar Irlandako lehen ministrorde gisa egindako hamar urteetan herrialdea adiskidetzea eta batzea izan zuen helburu buruzagi errepublikanoak.
Irlandako gatazka ulertzeko ezinbestekoa da Martin McGuinnessen (Derry, 1951-2017) ibilbidea aztertzea, gatazka beraren bilakaera erakusten baitu. Unionisten gobernuak zapaldutako Derry katolikoan jaioa, gaztetatik parte hartu zuen mugimendu errepublikanoan. Ipar Irlandako bazterketa sistemikoa amaitu, eta uhartea batzeko Erresuma Batuaren okupazioaren aurka borrokatu zen, eta IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kide nabarmena izan zen. Bakearen eta adiskidetzearen alde egindako lan erabakigarria izango da, ordea, McGuinnessek Irlandan eta munduan utzitako legatua: Ostiral Santuko Bake Akordioen bultzatzailea, bi komunitateen artean zubiak eraiki zituen agintari politiko gisa. Atzo hil zen gaixotasun baten ondorioz, 66 urte zituela. Urtarrilera arte Ipar Irlandako lehen ministrordea izan zen.
Prozesu logiko baten gisa azaldu izan ohi zituen gaztetan IRAn sartzearen arrazoiak; garai horietan eskubide zibilen aldeko manifestarien aurka bortxaz jazartzen ziren segurtasun indarrak. Haren jaioterrian gertatu zen Bloddy Sunday bezala ezagutu den sarraskia: Erresuma Batuko armadak hamalau manifestari hil zituen tiroz.
Azkar egin zuen gora McGuinnessek erakunde armatuaren hierarkian, eta Londresekin izandako negoziazio sekretuetan parte hartu zuen 1972an. «Ume batzuk besterik ez ginen», gogoratu izan du berak. Gerora, mugimenduan zuen indar hori berebizikoa izan zen IRAk behin betiko su-etena eman zezan.
Askotan esan izan da negoziazio zailenak etxekoekin egiten direnak direla, eta Irlandako bake prozesuan horrela onartu zuten ere errepublikanoek. McGuinnessek, Ipar Irlandako lehen ministrorde bezala, gogor egin zuen IRAtik bereizi ziren talde disidenteen aurka, «traidoreak» deituta.
Arerioek beti leporatu izan diote borroka armatuan izandako erantzukizuna. McGuinnessek ez du inoiz ezkutatu IRAn izandako rola. Ez du damurik aitortu ere. «Zergatik jartzen duzue arreta beti IRAn, eta ez belaunalditan zehar jasan dugun jazarpenean?», erantzun zuen telebistan egin zioten elkarrizketa batean.
IRAko buruzagietako bat izan zen gatazkaren urterik krudelenetan, eta Ipar Irlandako lehen ministrordea akordioa egin ostean. Azken hamar urteak eman ditu Stormonten, behinola arerio izandakoekin batera gobernatzen.
Errepublikano petoa
«Errepublikano petoa zen». Sinn Feinek eta ezker abertzaleak hamarkadetan harreman estua izan dute, eta hainbatetan izan da McGuinnessekin Urko Aiartza, Sortuko kanpo harremanetako lantaldeko kidea. «Gerry Adamasekin batera, pertsona giltzarria izan da errepublikanismo osoa batera mugiarazteko bake prozesuan, zatiketa batzuk kenduta».
Stormonteko Akordioak bakerako oinarriak jarri zituenetik, adiskidetzearen alde jarri zituen indarrak McGuinnessek, Irlanda batzeko oinarrizko helburua ahaztu gabe. Bata bestea lortzeko ezinbestekotzat baitzituen. «Oso argi zeukan Erresuma Batuak irten egin behar zuela uhartetik. Baina bazekien Irlanda batzeko errepublikanismoak gai izan behar zuela protestantismoa integratzeko», azaldu du Aiartzak.
Bide horretan, aipatzekoa da Ian Paisleyrekin izan zuen harremana. Urteetan lubakien alde banatan egondakoek gobernua konpartitu zuten 2007an, eta harreman berezia erein zuten bi arerio historikoek. «Bazekien Paisley ere irlandarra zela. Ezberdin pentsatzen zuen, baina irlandarra zen, azken finean. Uste zuen politika aurrerapausoak egiteko zegoela». Irudi irribarretsu ugari utzi dituzte biek.
Paysleyren harremana baino, Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiari esanguratsuagoa egin zitzazion Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginarekin ateratako irudia: «Niretzat oso hunkigarria izan zen. Elkarri eskua ematea keinu ausarta izan zen. Horrek erakutsi zuen aro berri batera egin zuela jauzi Ipar Irlandak».
Arerio politiko izandakoek haren adeitasuna eta zintzotasuna ekarri dute gogora. Abegikor, gertuko, eta, batez ere, umore oneko gogoratzen du Aiartzak. «Txantxa ugari egiten zituen». Arrantza egitea zuen gustuko, eta Euskal Herrira etorri zen batean ere eskatu zuen itsasontzi batean itsasoratzea.
Izan ere, harreman oso estua zuen Euskal Herriarekin, eta gatazka gertutik jarraitu zuen. Bake prozesuan inplikatutakoek harenganako esker hitzak besterik ez dituzte. «Beti prest egon zen laguntzeko, eta beti eskertu diot hori. Ezker abertzalearekin zuen harremana ona izan zen, eta garrantzitsua izan zen Irlandako bake prozesuaren barrukoak haiekin konpartitu izana», esan du Riosek. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkariak ere laguntzeko zuen «gogo izugarria» nabarmendu du. Euskal Herrirako irakaspenak uzi dituela uste du Fernandezek. «Bakea oztopo guztien gainetik lortzeko indar guztia jarri zuen».
Aro baten amaieratzat jo dute askok McGuinnessen heriotza. Lan asko egiteko dagoen arren, belaunaldi berriek McGuinnessek ereindako fruituak jaso dituzte. Adamsek berak oroitarazi du: «Lan nekaezina egin du». Ados dago Aiartza: «Errepublikanoak ez dira inoiz erretiratzen, eta Martin ez zen erretiratu».