Ella Fitzgerald. Txori migratzailea

Gorka Erostarbe / 2017-04-25 / 808 hitz

Ella Fitzgerald kantaria jaio zela mendea beteko da gaur. Jazzetik abiatuta, musika genero gehienak menderatu zituen ahots gaitasun berezkoaren bidez. AEBetako herri kulturaren ikonoetako bat izan zen XX. mendean

Julio Cortazarrek honela dio Rayuela nobelan: «…jazza migratu, emigratu, immigratu edo transmigratu egiten duen txoria bezalakoa da… mudatu eta zabaldu egiten den zerbait; gaur Vienan kantari ari da Ella Fitzgerald, eta Kenny Clarke areto bat inauguratzen ari da Parisen, eta Perpinyan Oscar Petersonen hatzak jauzika dabiltza…». Txori migratzaile eta kantariaren definizioa taxuz egokitzen zaio Ella Fitzgeraldi ere, edozein kantu genero bere estilora moldatzeko zuen berezko dohain naturalagatik. Howard Reich kultura kazetariak, besteak beste Portraits in Jazz eta Let Freedom Swing liburuen egileak, Fitzgeraldi buruzko artikulu bat idatzi berri du Chicago Tribune egunkarian. Hartan dio: «Fitzgeraldek, autodidakta izanik ere, trebetasun handiz menderatzen zituen swinga, bebopa, standar-ak, bluesa, baladak, Broadway eta Hollywoodeko kantuak, eta bere garaiko herri musikako beste edozein kantu esparru».

Gaur beteko dira ehun urte Ella Jane Fitzgerald munduratu zenetik. 1917ko apirilaren 25ean jaio zen, Newport Newsen (Virginia, AEB). XX. mendeko kantaririk handienetako bat izan zen, eta jazzaren esparruko oparo eta estimatuenetako bat. Kantuaren lehen dama ezizena jarri zioten, eta Frank Sinatra berari Ahotsa (The Voice) ezinena eman aurretik, Fitzgerald berari hala deitu izan zioten. Sinatrak berak behin baino gehiagotan kantatu zuen Fitzgeraldekin, eta esan ohi zuen haren ahotsa «mirarizkoa eta kristalinoa» zela. Ahots ahalmen erabatekoa zuen Fitzgeraldek, berezko talentua. Orkestra kantari gisa hasi zuen musika ibilbidea, baina denborarekin erakutsi zuen moldagarritasun aparteko abeslaria zela, generotik generora migratzeko inolako oztoporik topatzen ez zuena.

Haren aurretik izan ziren emakumezko jazz kantari beltzak —Bessie Smith eta Mamie Smith, esaterako—; ez zuen akaso izango Billie Holidayren bizitza oinazetsuak hari ematen zion aura berezi hori ere, baina artista osoa izan zen, mezzosoprano ahotsa modu birtuosoan menderatzen zuena, ia beste musika tresna bat balitz bezala erabiliz. Orduko musikari entzutetsu asko liluratu zituen; Louis Armstrong, Duke Ellington, Charlie Parker eta Count Basie, tartean.

Haurtzaro gordina

Haurtzaroa eta hastapenak ez zituen errazak izan, garai hartako beste musikari eta kantari beltz askoren moduan. Familia pobre batean jaio zen: aitak etxetik alde egin zuen bera jaio eta gutxira. Amarekin New Yorkeko Yonkers auzora joan zen, 1922an, eta hainbat lanetan aritu zen; enkargugile edo prostituzio etxe bateko zelatari abisugile moduan… 1932an ama hil zitzaion auto istripu batean. Eskola utzi, eta legearekin arazoak izaten hasi zen; erreformatorio batean sartu zuten, baina ihes egin zuen; musikan topatu zuen aurrera egiteko modua.

17 urte zituela, kantu lehiaketa bat irabazi zuen New Yorkeko Harlem Apollo Theaterren. Atentzioa eman zuen, eta Chick Webben orkestran kantatzen hasi zen 1935ean. Webb hil egin zen 1939an, baina bandak aurrera jarraitu zuen Ella Fitzgerald and Her Famous Orchestra izenarekin. Urte batzuk geroago, taldea utzi zuen, orkestra zuzentzeaz eta ia egunero kantatzeaz nekatuta.

Bakarkako ibiliari ekin zion 1941ean; The Ink Spots, Louis Jordan eta The Delta Rhythmekin abesten zuen, besteak beste, eta, 1946an, Norman Granzek antolaturiko Jazz at the Philarmonic kontzertuetan abesten hasi zen sarri samar. Granz bera bihurtu zen bere manager. Garai hartan, estilo aldaketa handi bat izan zuen; Dizzy Gillespieren bandarekin biran aritu zen, bebopa bere egin zuen, eta scat teknika erabiltzen hasi zen. Ahots inprobisazioa izaten da, onomatopeien bidez musika tresnen tankerako soinua ateratzeko. Erabiltzen hasi soilik ez, teknika horren menderatzaile apartena bilakatu zen, Louis Armstrongekin batera. 1945- 1947 bitartean egindako Lady Be Good, How High The Moon eta Flying Home-n grabaketan oso entzutetsuak bilakatu ziren. Jazzaren ahots garrantzitsuenetakoa ez ezik, herri musikaren izarretako bat zen ordurako.

Txori kantari eta migratzailea izan zen, eta hainbat grabaketa historiko egin zituen munduko hainbat txokotan. Ella and Billie Holiday at Newport (1958), Jazz at the Philarmonic Vienna 4/22/59 (1959), Ella in Berlin: Mack the Knife (1960), Ella at Juan-Les-Pins (1964), Ella and Duke at the Cote D’Azur (1967), Ella in Budpest (1970), eta Ella in London (1974), adibidez. Esanguratsuak izan ziren beste musikari eta kantariekin elkarlanean egindako diskoak ere; bereziki, Louis Armstrongekin grabaturiko Ella & Louis (1956), Ella & Louis Again (1957) eta Porgy and Bess (1958). 1956-1966 urteen artean 43 disko grabatu zituen; orotara, 13 Grammy sari irabazi, eta 40 milioitik gora disko saldu zituen.

Bihotzeko arazoak izaten hasi zen, eta, pixkanaka, oholtzatik aldendu zen. 1991n eman zuen azken kontzertua, Carnegie Hall Manhattango aretoan. Diabetesaren ondorioz, ikusmena ia erabat galdu, eta hankak moztu behar izan zizkioten belaunetik behera. Betiko erretiratzea erabaki zuen orduan, eta, bere izaerari jarraiki, modu diskretuan egin zuen. 1996ko ekainaren 15ean zendu zen, bere etxean, 79 urte zituela. «Soilik airea usaindu nahi dut, txoriak kantari, eta Alicen barreak entzun», esan omen zuen azkenetan zela. Biloba zuen Alice.

AEBetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Fitzgeralden ondarea gogora ekartzeko. Gaur bertan, Ellaren mendeurrena: Ella Fitzgeralden artea ospatuz erakusketa zabalduko dute Los Angelesko Grammyaren Museoan. Grabaketa arraroak, argazkiak, telegramak, jantziak eta berak irabazitako Grammy sariak bilduko ditu. Bestalde, hilaren 21ean, Verve Records etxeak disko laukoitz bat argitaratu zuen: Ella Fitzgerald: 100 Songs For A Centennial, baita sei biniloz osaturiko edizio berezi bat ere: Ella Fitzgerald Sings The Irvin Berlin Song Book eta Ella Fitzgerald Sings The Duke Ellington Song Book.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.