Ainhoa Sarasola / 2017-05-25 / 743 hitz
‘Booktegi’ ataria jarri dute martxan, sarean euskarazko lanak doan jarri eta hartzeko aukera eman, eta irakurzaletasuna sustatzeko. Hizkuntza eta kalitatea dira plazaratzeko baldintza bakarrak.
Guztion liburuak, guztiontzat. Izenburuaren azpian ageri den leloak ongi laburbiltzen du Booktegi proiektuaren funtsa. Euskarazko testuak argitaratzeko eta doan eskuratu ahal izateko plataforma bat da Booktegi, edo, beste era batera esanda, euskarazko argitaletxe digital bat. 11 Itzulpen enpresak jarri du martxan, asmo jakin batekin, proiektuaren koordinatzaile Aritz Brantonen esanetan: «Euskarazko irakurketa eta idazketa sustatzea». Zortzi aste daramatza martxan sarean plataforma berriak; jada 4.600 lagunek bisitatu dute, eta 3.400ek deskargatu dute eskuragarri dauden 26 lanetakoren bat. Bilduma gizentzen jarraitzea dute xede, eta astero eskaintzari liburu bat gehitzea.
Gabezia batek bultzatuta jarri zuten martxan egitasmoa, sumatutako «bi ahulezia aukera bihurtu nahian», Brantonen hitzetan. Batetik, iruditu zitzaien «euskarazko munduan liburu elektronikoak oso gutxi» erabiltzen direla, eta, gainera, «oso formatu mugatuetan» zabaldu izan direla —Susa argitaletxea aipatu du salbuespen modura—. «Bestetik, liburu askok, nahiz eta onak izan, aukera gutxi izaten dituzte, eta apaletan ahaztuta geratu ohi dira, hautsa pilatzen. Horiek ere beste ibilbide bat merezi dute». Gabezia horiei irtenbidea emateko erabaki zuten plataforma sortzea.
Testu orok bi baldintza baino ez ditu bete behar Booktegi-n argitaratua izateko: euskarazkoa izatea eta kalitatezkoa izatea. Edonork jo dezake hara bere lanarekin, eta, baldintzak betez gero, doan publikatuko dute. «Hasiak gara testu batzuk jasotzen, oso onak gainera, eta datozen asteotan astero liburu bat plazaratuko dugu», iragarri du Brantonek. Artikulu bildumak kaleratzea da beste aukera bat; «Era horretan, liburu bilakatzen ditugu artikuluak». Orain arte, sustatzaileak eurak jarri dira egileekin kontaktuan testuok biltzeko, baina egitasmoa ezagutarazten ari den heinean, «beste bide bat irekitzen» hasia dela, eta gero eta jende gehiagok bidaltzen dizkiela testuak.
Liburuak eskuratzea, berriz, libre eta doan da. Hiru formatutan deskargatu daitezke —PDF, Mobi eta ePub—, eta beraz, edozein irakurgailurentzat dira egokiak.
Askotariko testuak biltzen ari dira, eta elkarren artean oso ezberdinak dira sarean oraingoz eskura jarri dituztenak ere. «Oraintxe lau atal ditugu: fikzioa, poesia, saiakera eta drama. Baina ziur aski aurrerago beste sail batzuk sortuko ditugu, esaterako, gazteentzako literatura, historia…». Fikzioan, esaterako, bada eleberririk, euskarara itzulitako John Buchan eskoziarraren Sorgin-basoa eta Hogeita hemeretzi mailak, eta Paul Gallico estatubatuarraren Elur-antzara, esaterako, baina narrazio bildumarik ere bada, Josu Landaren Ipuinak kontatzen nituenean eta Edu Zabalaren Inauterietan liburuak, kasurako. Saiakeran ere, aniztasuna nagusi, bai egileen, bai gaien, bai testu moten aldetik. Atal horretan bildu dituzte, besteak beste, Raul Perez Martinezek Jacques Anquetil txirrindulariaz idatzitako izen bereko liburua, eta euskal iheslariei buruz François Sureauk ondutako Zurrunbidea, baina liburu gisa argitaratu dituzte ere artikulu bildumak, hala nola Estitxu Zabalak osatu eta Irutxuloko Hitza-k gehigarri gisa argitaratutako Emakumeak eta arrauna erreportaje sorta, eta Pilar Kaltzadaren nahiz Onintza Enbeitaren artikulu bildumak.
Poesiari dagokionez, Leire Bilbaoren Ezkatak eta Gotzon Barandiaranen Arrakalak poema bildumak jarri dituzte eskuragarri —biak ala biak Susarekin aurrez argitara emanak—, baita beste hainbat egilerenak ere, tartean, Ane Labakaren Zirrikituetan izeneko bertso sorta, eta Maite Arroitajauregi Mursegoren Bi (2) eta Hiru (3) diskoetako kantuen hitzak. Antzerkia nahiz zinemaren arloko testuak jaso dituzte, berriz, dramaren atalean, hala nola Borobil teatroaren Jokoz kanpo antzezlanarena, Katalina de Erauso pastoralarena eta Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia filmarena.
Gehien deskargatutakoen artean, hiru izen aipatu ditu Brantonek: Axularren Gero lanaren egokitzapena; Harkaitz Canoren hiru ipuin biltzen dituen Paradisuaren ifrentzua; eta Asier Altunaren Amama filmaren gidoia.
Lehia komertzialik ez
Liburu zaharrak nahiz berriak, jatorrian euskaraz idatziak nahiz itzuliak, aurrez paperean plazaratuak nahiz inoiz argia ikusi gabeak, izen ezagunenak nahiz ezezagunagoenak… Askotariko lanak edonoren eskura jarri nahi dituzte. Bisitari kopurua ikusita, orain arteko harrerarekin pozik daude sustatzaileak. Datu horiek, agian, «hasierako zirraragatik» izan daitezkeela dio Brantonek, baina orain arte proiektua ez dutenez askorik ezagutzera eman, etorkizunean bisitariak gehiago izateko itxaropena ere badu. «Hilero mila deskarga izatea litzateke gure nahia». Uztaila bitarte astero beste liburu bat aterako dute, eta udan etenaldi bat egin ostean, udazkenean jarraituko dute.
Proiektuaren koordinatzaileak adierazi du ez dutela inorekin lehian aritzeko asmoz jauzi egin argitaletxeen mundura. «Liburu batek interes komertziala izanez gero, ez diogu inori proposatuko Booktegi-n ateratzea. Baina, tamalez, hasierako zirrara pasatu ondoren, apaletan geratzen dira liburu asko eta asko. Beraz, ez dago interes komertzialik, baina bai kulturala, eta liburu horiek berriro ateratzen saiatzen gara». Susarekin, esaterako, harremana badutela eta oso positiboa dela dio, eta halakoa izatea espero duela beste argitaletxeekin ere. «Alderaketa xume bat egitearren: kale batean jatetxe bakarra egonez gero, zailagoa da balizko bezeroak hurbiltzea; baina bizpahiru izanez gero, errazagoa da. Gure asmoa ez da inori inolaz ere aukera komertzialik lapurtzea, baizik eta euskal munduko irakurketa bultzatzea eta handitzea».
Ataria bisitatzeko, hauxe da helbidea.