Alaitz Armendariz / 2017-05-18 / 1080 hitz
Europako hainbat gobernuk neurriak ezarri dituzte desfilatzen duten modeloen muturreko argaltasuna eragozteko; azkena Frantzia izan da. Pasareletan dabiltzan modeloek mediku agiri bidez egiaztatu beharko dute gorputz masaren indize egokia dutela, eta, beraz, osasuntsu daudela.
Pasarelen mundutik jasotako testigantza bat eraman zuen Frantziako Asanbleara 2015eko apirilean Olivier Veran diputatuak. Emakumezko modelo baten hitzak ziren. Top model hark 45 kiloko pisua zuen, eta 1,80 metro garai zen. Emakumezko hura «gosetean» bezala zegoela adierazi zien parlamentariei Veranek, baina bere agentziak zoriondu egin zuela pisua galtzeagatik. Kasu horrek eztabaida piztu zuen herrialdean, eta erabakiak hartzera bultzatu zituen agintariak. Azkenean, bi urte geroago, heldu dira neurriak. Maiatzaren 5eko aldizkari ofizialean, bi neurri argitaratu dituzte. Alde batetik, derrigorrezkoa izango da editatuta dauden moda munduko argazkietan jatorrizkoak ez direla adieraztea. Neurri hori urriaren 1etik aurrera egongo da martxan. Bigarren neurria indarrean da jada: pasareletako modelo guztiek egiaztatu beharko dute gorputz masaren indize (GMI) egokia dutela, mediku baten ziurtagiria aurkeztuta. Herrialde garatuetan gero eta maizago gertatzen diren anorexia kasuak saihesteko jarri dituzte martxan neurriok; nagusiki, emakumeei eragiten dien arazoa izaten da. Euskal Herriko modelo agentzietan, oro har, ontzat jo dute albistea, baina ez dute uste Euskal Herrian halako neurriak beharrezkoak direnik.
«Hemen, modeloek ez dute argal egoteko hainbesteko presiorik, ez direlako horretaz bizi», esan du Iñigo Olasagasti Donostiako First Models agentziako zuzendariak. Haren arabera, Euskal Herriko moda mundua mugatuagoa egoteak eragina dauka modeloek eduki beharreko ezaugarrietan. «Modelo izatetik bizi nahi dutenek kanpora joan behar izaten dute, gure kalterako, hemen ez baitago horrelako azpiegiturarik», azaldu du. Madril eta Bartzelonako pasareletan «aspaldi» hartu zuten modeloak pisatzeko erabakia, Olasagastik gogoratu duenez; baina ez dago erabat ziur beti hala egiten duten. «Nik Madrilgo pasareletan ikusi dudanagatik, modeloak Parisen bezain argalak daudela esango nuke».
Emakumezko modeloak aipatu ditu hark nagusiki. Aitortu du argal egotea garrantzitsua dela modelo izateko, baina arloaren arabera hori aldatu egiten dela: «Publizitate arloko modeloentzat, 38ko neurria primeran dago». Hori da, adibidez, telebistako iragarkietan askotariko produktuak iragartzen azaltzen direnen kasua. Argal egoteagatik arazoak izan dituzten neskak ezagutu ditu, baina arazoak bere agentziara heldu aurretik izaten dituztela nabarmendu du. «Guk nutrizioaren inguruan hitz egiten diegu, modelo batek ongi elikatuta egon behar baitu, eta egia da beren burua asko zaindu behar dutela». Hala, bereziki koipe gutxi duten elikagaiak jan behar dituztela adierazi du, baina, gainerakoan, ohi bezala egunean bost otordu egin behar dituztela. «Neska askok genetika hori dute, oso argalak dira, eta asko jaten dute, baina beste batzuek, berriz, argal mantentzeko benetako erokeriak egiten dituzte», aitortu du. Dena den, agentzietara modelo izateko nahian doazen gehienak berez argalak direla azaldu du; hortaz, gutxiengoa dira argal egoteko direnak eta ez direnak egin behar dituztenak.
GMIa ez da beti «nahikoa»
GMIa pertsonen egoera nutrizionala ezartzeko erabiltzen da, eta bi datu hartzen ditu kalkulua egiteko: norberaren pisua eta altuera. Pisua (kilogramotan) hartu behar da, eta zifra hori norberaren altuera (metrotan) ber bi eginda ateratzen den zenbakiarekin zatitu. Emaitza 25 eta 18,5 artekoa bada, horrek adieraziko luke pertsona hori osasuntsu dagoela; 25etik gorakoa bada, gehiegizko pisuaren seinale litzateke, eta 18,5etik beherakoa balitz, berriz, gehiegizko argaltasunarena.
«Modeloei gorputz masaren indizea neurtzea ondo dago, baina gorputz osaera aztertzea ere garrantzitsua da». Bittor Rodriguez nutrizionista eta EHUko irakaslearen arabera, indize hori ez da nutrizionistentzako adierazlerik onena, nahiz eta modeloentzako egokia izan daitekeen. «Zure altuerarako zein pisu duzun da neurtzen duena, baina horrek arazo bat planteatzen du: kulturista batek, adibidez, gorputz masaren indize oso altua izango luke, baina ez dauka obesitaterik». Horregatik, nutrizionistek GMIa kalkulatzearekin batera, gorputzaren osaera ere neurtzea nahiago izaten dute. «Hala, zenbat gantz duzun ere jakingo dugu; gehiegi edo gutxiegi pisatzen duzun, eta zergatik den horrela».
Rodriguezek azaldu duenez, Gasteizen egindako ikerketa batean ikusi zuten GMIa kalkulatzea ez dela beti nahikoa. «Neska gazte batzuen kasuan, ikusi genuen askok bazutela indize egokia, alegia, egokia zela beren pisua haien altuerarako, baina gantz gehiegi zeukaten, eta gihar gutxiegi». Hori obesitatearen antzeko egoera bat dela azaldu du, eta ez litzateke GMI soila kalkulatuta antzemango: gorputz osaeraren neurketa batekin egin beharko litzateke.
Modeloen kasuan, baina, GMIa kalkulatzea ongi ikusten du Rodriguezek. «Gizartearen edo gazteen eredu diren horientzako egokia izan daiteke, indizea behetik egotea adierazgarria delako, baina helburu medikoekin egitea gehiago hausnartu beharko litzateke». 18,5etik beherako indizea edukitzeak hainbat arazo ekar ditzakeela ohartarazi du, modaren munduan joera arriskutsu bat sortzeaz gain. «Pertsona hori desnutrizio egoeran egongo litzateke: gantz gutxiegi izango luke». Emakumeen kasuan bereziki, gantz gutxiegi edukitzeak amenorrea eragiten duela azaldu du, alegia, hilekoa galtzea. Halako kasuak kirolarien artean ikusten direla esan du Rodriguezek, emakumeak oso argal daudenean. «Gorputzaren defentsa bat da hori; emakumeak ez dauka ume bat izateko beste gantzik. Egoera hori saihesteko azaltzen da amenorrea».
Emakumeei bakarrik eragiten dien arazo horrez gain, nutriente gabeziaren adierazle ere izan daiteke GMI baxua. Proteinak eta bitaminak maila baxuan leudeke, eta horrek gihar ahultasuna dakar, Rodriguezen hitzetan. «Oro har, immunitate sistema ahul egongo litzateke, eta horrek gaixotasunak pairatzeko arriskua handituko luke». Eta mineral gabeziak ere azpimarratu ditu: «Burdin maila baxuak izateak anemiak eragin ditzake».
Frantziako Gobernuak hartu dituen neurrien antzekoak ere aurretik hartu izan dituzte mundu osoko herrialde batzuetan; tartean, Belgika, Txile eta Italia. Espainiako Gobernuak halako zerbait proposatuko balu, bere babesa adieraziko lioketela esan du Andre Donati SF40 Bilboko agentziako arduradunak. «Baliteke Parisen eta Frantzian, oro har, aurreratuago egotea, eta ez legoke gaizki hemen ere halako neurriak hartzea».
34-36 neurriak, ohikoenak
Donatik azaldu duenez, SF 40 agentzian ez diote modeloen pisuari «oso zorrotz» erreparatzen: «Neskei ez diegu presiorik egiten; beti esaten diegu haiek erabaki behar dutela nolakoak izan nahi duten». Hala eta guztiz ere, onartu du argal egoteak lan gehiago izateko aukera ematen diela modeloei, agentziara jotzen duten bezeroek neska argalak nahi izaten dituztelako. «34-36 dira gehien eskatzen dituzten neurriak».
Neurriaz gain, modeloen garaiera da agentziek kontuan hartzen dutena modeloak lan batera edo bestera bideratzeko. «Publizitate arloko modeloak baxuagoak izan daitezke; guregana 1,60 metroko altuera duen neska bat etortzen bada modelo izan nahi duela esanez, argazkilaritzarantz bideratuko dugu, eta ez pasareletara».
Egon badira azkenaldian ezagun egiten ari diren curvy modeloak, 42tik aurrerako neurrikoak, baina gutxiengoa dira. «Bezeroak eskatzen ez badu, ez dugu curvy modeloentzako hautaprobarik egiten, gero ez dutelako lanik izango», argitu du Donatik. Olasagastik ere ez du uste modelo curvy-ak izateko joerarik dagoenik Euskal Herrian. «Alemania eta beste herrialde batzuetan badira batzuk, eta, gainera, asko kobratzen dute, gutxi izaten direlako. Horrez gain, curvy modeloentzat zailagoak izaten dira bete beharreko baldintzak».
Azken urteetan emakumezko eta gizonezko modeloen irudia «berdindu» egin dela uste du Olasagastik. «Duela 15 urte inguru, gizonek indartsuak izan behar zuten, eta giharrak nabaritu behar zitzaizkien. Orain, berriz, emakumeak bezalakoak izan behar dute: hanka luzekoak, gerri estuak…». Horregatik dio gaur egun paretsuak direla gizonei eta emakumeei modelo izateko eskatzen zaizkien baldintzak.