Hiru hamarkadako ikasturtea

Edurne Elizondo / 2017-05-12 / 932 hitz

Nafarroako Parlamentuan egin zuen lehendabiziko urratsa Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), duela 30 urte. 1987ko apirilaren 21ean sinatu zuten erakunde horretan NUP sortzeko lege proiektua; Sario eraikina izan zuen lehen egoitza nagusi, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutako Arrosadiko campusa errealitate bilakatu zen arte. Egun, Tuteran ere badago NUP; hemezortzi gradu eskaintzen ditu, eta datozen urteotan bertze zazpi emateko proiektua martxan jarri du. Duela hiru hamarkada hasitako ikasturtea hamaika ikasgai, irakasle, ikasle, ikerlari eta proiektu berrirekin hornitzen jarraitu nahi dute NUPeko arduradunek.

30. urteurrena “gogoetarako une aproposa” dela nabarmendu du NUPeko errektore Alfonso Karlosenak, hain zuzen ere. Batetik, gizarte osoari eman nahi izan dizkio eskerrak, “egindako ekarpenagatik”; bertzetik, unibertsitateak berak gizarteari eman diona nabarmendu nahi izan du errektoreak. “Nafarroa bertzelakoa litzateke NUP gabe”, erran du.

Unibertsitate publikoa ederki ezagutzen du Maria Jose Asiainek (Goñi, 1957). Matematikan doktore da NUPen. Hain zuzen, Asiainena izan zen erakunde horretan irakurritako lehendabiziko tesia. Bat egin du errektorearekin, eta unibertsitateak Nafarroan herritarrek uste baino anitzez ere gehiago eragin duela nabarmendu du. “NUPen bertan formatu diren katedradunak baditugu jada; eta hemen ikasitako jende anitz ari da hamaika ardura postutan. Unibertsitatearen garapena handia izan da, eta izan duen eragin soziala ere bai. Ezin dugu ahaztu hemen, NUP sortu baino lehen, unibertsitate pribatua baino ez zegoela”.

Opus Deiren unibertsitateak publikoaren garapenean eragina izan duela uste du Asiainek; ezin dela erakunde pribatuak izan duen eta baduen pisua bazter utzi. “Bertze gauza anitzen artean, unibertsitate pribatuak marketin zerbitzu bikaina du”, erran du matematikariak. Ez hori bakarrik. “Kontuan izan behar dugu, ezinbertzean, gure unibertsitateko irakasle anitzek ere unibertsitate pribatuan ikasi dutela”.

Hori sumatzen da, Asiainen hitzetan, NUPen gertatutako hainbat gauzaren inguruko jarreretan: “Manifestazio edo pintaketaren bat arazo bilakatzeko joera izan dute hainbatek; alderantzizkoa beharko luke jarrerak, ordea, eskerrak eman beharko genituzke zerbait mugitzen delako! Lasaitasuna, unibertsitate batean, ontzat jo ohi dugu, baina ez da; gurearen gisako erakundeek biziak izan behar dute”.

Azken osoko bileran

Legegintzaldiko azken osoko bileran onartu zuten, 1987an, NUP sortzeko lege proiektua. Gabriel Urralburu zuen presidente orduko gobernuak, eta Roman Felones zen Hezkuntza kontseilaria. 1983ko hauteskundeetan, Felonesi egokitu zitzaion sozialisten programa idaztea, eta testu hartan helburu nagusitzat jo zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzeko urratsa egitea. Garai hartako inkestek agerian uzten zuten herritarrek nahi zutela unibertsitate publiko bat Nafarroan. 1987ko lege proiektua onartu eta gero, “egin beharrekoa eginda” utzi zuen kontseilari kargua Felonesek, NUPek mende laurdena bete zuenean nabarmendu zuenez.

Maria Jose Asianek ez zuen Nafarroan ikasteko aukera izan. “Zaragozara joan nintzen, hango unibertsitate publikoa zegokigulako nafarroi, NUP sortu aurretik”. Ikasketak amaituta, Bigarren Hezkuntzako irakasle izan zen matematikaria, eta, gero, Zaragozako Unibertsitatean bertan hasi zen lanean, fakultateko laguntzaile gisa. “1991n etorri nintzen NUPera, laguntzaile gisa hasieran. Nire tesia prestatzen ari nintzen, eta Julio Lafuente nuen zuzendari; Lafuente 1989an etorri zen unibertsitatera. 1992an nire tesia defendatu nuen, azkenean. Ohorea da niretzat NUPeko aurrenekoa izana”. 1993an hasi zen irakasle lanetan Asiain, eta 1995ean lortu zuen plaza.

Hamarkadotan unibertsitatea anitz aldatu dela uste du Asiainek. Sortu zenetik, hain zuzen ere, 35.000 ikaslek lortu dute titulu bat NUPen. Egun, 8.306 ikasle ditu erakunde horrek; 885 irakasle eta ikerlari ari dira unibertsitate publikoan lanean, eta, administrazio eta zerbitzuen arloan, berriz, 456 pertsona. 2017rako, 70,4 milioi euroren aurrekontua du unibertsitate publikoak.

NUP anitz hazi da, eta egin ditu urrats anitz, 1987tik. Zenbait arlotan, halere, lehengo lepotik dira buruak, Asiainek agerian utzi duenez. Aitortu du kezka duela hainbat auziri buruz. Batetik, ikasleen jarrera jarri du mahai gainean. “Hasierako urte haietan ikasle bikainak genituen; ikasteko gogo biziz etortzen ziren unibertsitatera; bertzelakoa da egungo egoera; etorkizunarekin etsita daude gazteak, neurri handi batean; ikasteko pizgarririk ez dute”.

Azken urteotako krisi egoeraren eragina sumatzen du irakasleak jarrera horietan. Salatu ditu azken urteotako esparru guztietako murrizketak, eta larritzat jo du herritarren arteko berdintasunean atzera egin izana. Asiainek argi du unibertsitate ororen helburu izan behar duela gizarte justuago baten aldeko lana egiteak, eta NUPek ere zer eman baduela argi du, ondorioz. Unibertsitateak dituen erronkak, hain zuzen, justizia lortzeko bide horrekin lotu ditu. “Unibertsitateak pertsona kritikoak sortu behar ditu; pentsamendu propioa duten pertsonak. Ezin dugu onartu lanak aurrera egiteko aukera bermatuko ez digun gizarte bat; berdintasuna apurtzen duen gizarte batek ezinbertzean eginen du porrot”.

Bertzetik, feminismoari buruzko gogoeta nabarmendu nahi izan du Asiainek, eta “hagitz kezkagarritzat” jo ditu ikasleen artean sumatzen dituen jarrerak. “Azken sei urteotan ikusi dudana biziki larria iruditzen zait; emakume gazte anitz bikotekidearen kontrola ari dira onartzen. Horrek argi erakusten du zerbait gaizki egiten ari garela”.

Gizarteak genero bakoitzari ezarritako rolen banaketa ere agerikoa da, oraindik ere, unibertsitatean. “Gutxi dira, oraindik ere, ingeniaritzetan ari diren emakumeak; irakasletzan, berriz, emakumeak dira nagusi”.

Euskara eta medikuntza

Bertze bi kontuk sortu dute eztabaida NUPen, azken urteotan. Batetik, euskarak duen tokiak. Behar baino urriagoa dela diote anitzek. Badu ondoriorik horrek: selektibitatea NUPen egin arren, EHUn matrikulatzen dira urtean 258 ikasle nafar; tartean, ikasketak euskaraz egin ahal izatea bilatzen dute 40 inguruk. Egun, 1.272 kreditu eskaintzen ditu NUPek euskaraz, 246 ikasgaitan. Oraindik ere, ezinezkoa da gradu oso bat euskaraz egitea. Alfonso Karlosena errektorearen hitzetan, ordea, eskaintzak “era egokian” erantzuten die ikasleen nahiei.

Bertzetik, NUPen Medikuntza ezartzeko aukerak eragin du eztabaida. Aurreko gobernuek ez dute aukera hori babestu, baina egungoak hori egiteko asmoa agertu du. “Hasiak gara bidea egiten”, erran du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. Ez dela erraza aitortu du, halere. Auzi horretan ere nabaria da Nafarroako Unibertsitatearen eragina, erakunde pribatu horrena baita Klinika Unibertsitarioa.

Unibertsitate pribatu guztiak enpresak direla gogoratu du Maria Jose Asiainek. “Nafarroako Unibertsitateak asko eman duen sentsazioa dute herritarrek, baina diru anitz ere eraman du; etenik gabe, gainera”. Matematikariak bertze gisa bateko unibertsitate bat defendatzen du. Eta argi du irakasleek nolakoak behar duten izan: “Irakasten dutena menperatu behar dute; irakasten gozatu behar dute; eta ikasleak bikain tratatu behar dituzte”. 30 urteurrena ospatu, eta lanean jarraitzeko gogoz da Asiain.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.