Iñaki Berastegi / 2017-05-03 / 1296 hitz
Nafarroako Murillo el Fruto herrian, euskarazko toponimoak dituen XIV. eta XV. mendeen arteko dokumentu bat aurkitu dute, euskara berezkoa zela frogatzen duena. Sei mende geroago, Nafarroako Gobernuak erabaki du inguru horretako herrien euskarazko izenak erabiltzea.
Euskara ez da Martetik iritsi Nafarroako erdialdean dauden hainbat herritara. Duela 600 urte, euskara bizirik zegoen herri horietan», esan du Peio Monteano Nafarroako Artxiboko goi teknikariak. Hala ondorioztatu daiteke toponimia erabilita hainbat adituk egin dituzten ikerketak irakurri ondoren.
Azkena Murillo el Frutoko (Nafarroa) aurkikuntza izan da. Nafarroako Artxiboan, 1400. urte inguruko liburuxka bat aurkitu dute —adituek oraindik ezin izan dute data zehatza eman—. Han, lursailak zituzten Murillo el Frutoko biztanleen zerga ordainketak erregistratuta daude. Berezitasuna, ordea, euren lurrak non zeuden azaltzeko erabiltzen zituzten toponimoak dira: Baratzezarreta, Baratzebideta, Baratzetako Hodia eta abar. Liburuxka aztertzean euskarazko «erabateko» toponimoak aurkitu zituztela dio Monteanok: «Harrituta geratu ginen Nafarroako hegoaldean dagoen herri batean euskarazko hitz garbiak aurkitu genituenean, are gehiago kontuan hartuta XIV. edo XV. mendeez ari garela».
Patxi Salaberri euskaltzaina eta Euskal Filologiako doktorea da, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan; doktoretza Nafarroako ekierdialdeko euskararen azterketa toponimiaren bidez tesiarekin lortu zuen. Uxuen (Nafarroa) jaio zen Salaberri, eta doktore tesirako Uxue eta inguruko euskarazko toponimia aztertzea erabaki zuen. Tartean, Murillo el Frutoko toponimia aztertu zuen.
Alta, Murilloko zerga ordainketen liburua aurkitu gabe zegoenez, aurkitu zituen euskarazko toponimoak desitxuratuta zeuden XVI. menderako. «Gaur egun, Murillon ez dituzte euskarazko toponimo asko, denborarekin desitxuratu egin direlako. Atzera eginez, 1400. urteko dokumentuan nahiko garbi ateratzen dira desitxuratutako toponimoen formak», adierazi du Salaberrik.
Liburuxka noizkoa den zehazki ez dakiten arren, Monteanok uste du XV. mende hasierakoa izan daitekeela: «Erabilitako letra motagatik esan daiteke garai hartakoa dela. Bestalde, beste dokumentu batzuekin alderatuz, badirudi Sarasako Gil izan zela notarioa». Hori ez ezik, Nafarroako 1366ko errolda batean agertzen ziren izen batzuek ere bat egiten dute Murillo el Frutoko liburuxkan agertzen diren batzuekin.
Bere jaioterrian, aldiz, euskarazko toponimia «nabarmena» dela dio Salaberrik: «Herritarrek badakite euskaratik datozen toponimoak direla, eta erabili ohi dituzte. Nik etxean beti entzun dut bazekitela Uxuen garai batean euskaraz hitz egiten zela. Beherago dauden herrietan, aztarnak ez dira hain garbiak». Euskarazko toponimiaren atzetik ibili den beste hizkuntzalari bat Mikel Belasko da. Jimeno Juriorekin lan egin zuen hamar urtez, eta toponimia txikia aztertzen aritu zen. Murillo el Fruto eta inguruko herrietan aritu ondoren, euskarazko toponimo gutxi aurkitu zituzten. Murillo el Fruton toponimia «garbia» aurkitzea oso adierazgarria dela nabarmendu du Belaskok: «Toponimiak erakusten du komunitate edo herri batek zein hizkuntza erabiltzen zuen garai batean. Murilloko euskarazko toponimia idatzietara iritsi zen, eta hori ez da beti gertatzen hizkuntza bateko toponimiarekin».
Toponimiarekin dokumentu bat agertzen bada, horrek ez du esan nahi toponimo horiek garai hartan sortutakoak direnik. Hala ere, Belaskok uste du liburuxkan jasotako euskarazko toponimia desitxuratu gabe dagoela, eta horrek erakusten du euskara erabiltzen zutela: «Dokumentua idatzi zuenaren aurrean euskaraz aritu ziren. Niretzat, deigarria da Garipentzuko zaldua toponimoa. Izan ere, horrelako izenak, generikoak direnak, itzuli egiten dira». Monteanok gehitu du toponimoak entzun bezala idazten zirela, jabetza arazoak saihesteko asmoz.
Ohiko hizkuntza
XIV. mendearen amaieran Murillo el Fruto eta inguruko herrietan euskara bizirik zegoela frogatu arren, zalantza dago euskararekin batera herritarrek beste hizkuntza bat erabiltzen zuten edo ez. Monteanok uste du euskara eguneroko hizkuntza izan arren ez zela Murillo el Frutoko biztanleek garai hartan erabiltzen zuten bakarra: «Herri elebiduna zen. Euskara eta erromantzea erabiltzen zituzten». Gainera, Monteanok azaldu du Murillo el Frutoko liburuxkak testuingurua ematen diola Zalbako Matxinen eskutitzari: «Erriberriko konderriaren testuinguruan, erregearen idazkariak eta diruzainak eskutitz bat elkarbanatu zuten. Erromantzez hasi eta euskaraz bukatzen da eskutitza. Erdi Aroko euskarazko testurik zaharrena da. Horrek erakusten du bi hizkuntzak aldi berean zeudela inguru horretan».
Belaskok, ordea, ez du uste garai hartako Murillo el Fruto elebiduna zenik: «Nafarroak nola funtzionatzen zuen ikusita, normalean ez zen egon elebiduna zen tokirik. Bi hizkuntza ezberdin zituzten bi komunitate herri berdinean, hori oso ezohikoa da. Garai batean, denak euskaldunak izango ziren, eta gero denek erromantzez hitz egingo zuten». Murillo el Frutoko dokumentuak frogatu duena sorpresa izan da hainbat aditurentzat. Ez euskara Nafarroako erdialdean erabiltzen zela erakutsi duelako, baizik eta hain hegoaldean eta garai berantiarrean bizirik zegoela frogatu zuelako. Nafarroako Artxiboak, batik bat, administrazioaren dokumentuak aztertzen ditu, eta Murillo el Frutoko Udaletik bidalitako dokumentazioa berriro aztertu zutenean aurkitu zituzten euskarazko toponimoak. Hori horrela, Monteanok, Salaberrik eta Belaskok uste dute zaila izango dela hegoalderago hain agerikoa den euskarazko toponimia aurkitzea. Hala ere, Salaberrik dio dokumentazio berriaren «menpe» daudela.
Orain, euskal herri izenen erabilera normalizatzeko dekretua prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ez ditu udalerri gehiagoren euskal izenak ofizial bihurtuko, eta Euskaltzaindiak 155. arauan ezarri zituen Nafarroako herri izenak erabiliko ditu. Izen ofiziala soilik erdarazkoa dutenak ere onartuko ditu. Hala, euskal herri izenak ofizial egiteko eskaera udalerriek egin beharko diote Nafarroako Gobernuari, Euskaltzaindiak aholkatutako euskal izena ofizial egin dezan.
Salaberriren arabera, arazoak egon daitezke itzulpen batzuk egiteko orduan: «Legeak, neurri batean, esaten du euskarazko eta gaztelaniazko izenak nabarmen desberdinak izan behar dutela. Herri askotan ezin da hori egin. Uxue edo Ujue bai, baina Lezaun gaztelaniaz Lezáun da, idatzizko azentuarekin. Izen batzuekin harrapatuta egon gaitezke».
Iruñearen kasua da bereziena. Euskaltzaindiak 155. arauan Iruñea onetsi arren, izen ofiziala Iruña da, Nafarroako Gobernuak hala erabaki zuelako. Salaberriren arabera, Euskaltzaindiaren proposamena egokia da: «Mitxelenak egin zuen proposamena da. Ahozko datuak eta dokumentuak aztertu zituen, ongi oinarrituta dagoen proposamena da. Izan ere, aztertu zituen dokumentuen %95etan Iruñea agertzen zen».
Iruñeko kasuari dagokionez, Mikel Arregi Euskarabidea institutuko zuzendariak uste du hori ez duela zuzenean dekretu berriak aldatuko: «Izen ofiziala Iruña da. Beraz, Iruñeko Udalari dagokio erabakitzea aldatzeko bidea hartu behar duen edo ez».
Belaskok beste bide bat proposatu du: Iruña eta Iruñea, biak ofizial egitea. Horren harira, Arregik esan du toponimiako arau idatzian edo zentzuzkoan leku batek izen bakarra duela hizkuntza batean: «Irizpideak dio izen bakarra eman behar zaiola. Hala ere, horrek ez du esan nahi hizkuntzaren aldetik aldaera gehiago erabil ezin daitezkeenik».
Herri izenak ele biz jartzeko gaiak indarra hartu duenez, gaia berreskuratu eta iritzi artikulu bat idaztea erabaki du Monteanok. Izan ere, Murillo el Frutori buruzko liburuxka 2015eko udan aurkitu zuten. Baina Monteanok orain idatzi du gaiari buruzko iritzi artikulua.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak proposatutako dekretuari «ausardia gehiago» eskatu dakiokeela uste du Belaskok: «Ez da gauza handirik aldatuko. Bakarrik legezko babesa eman zaio euskarazko izen normalizatu baina ez-ofizialei. Hala ere, proposatzen dutena oso logikoa da. Toponimia eta euskara lotzen dituen gauza orok beldurra sortzen du talde batzuengan».
Arregiri, baina, ez zaio iruditzen ausardia falta zaionik: «Dekretu honen helburua ez da ofizialak ez diren izenak ofizial egitea. Ofizialak direnen erabilera arautu nahi da, Euskararen Legea onartu zenetik era desberdinean aplikatu baitira». Orain arteko araudiarekin alderatuta, Arregik uste du aurrerapauso bat dela: «Eremu ez-euskalduneko izen elebidun ofizialen erabilera arautzen du, orain arteko araudiak haien erabilera galarazten zuelako».
Belaskok posible ikusten du Nafarroako hegoaldean dauden hainbat herritako izenak ele biz jartzea onartzea: «Tutera eta Tudela latinezko Tutela-tik datoz. Beraz, ez dut uste gaizki ikusiko zutenik biak onartzea. Agian, Martzilla tz-rekin jartzea zailagoa izango da, eta pauso hori ez dute inoiz emango». Era beran, Belaskok uste du «inposizio» gisa saltzen badute «arrotza» izan daitekeela izena ele biz jartzeko prozesua: «Euskarak ez zuen inongo babesik Euskararen Legea 1986an onartu zen arten; ez zen ia existitzen. Orain legezkoa da neurri batean, eta tokia egin behar zaio. Hala ere, badaude prozesua gaizki ikusten dutenak. Izan ere, toponimiak lotura estua dauka identitatearekin». Horrez gain, Salaberrik gogoratu du Nafarroan euskararen aurkako tradizioa egon dela orain arte.
Udalerriekin adostuta
Arregiren arabera, bitxia litzateke herritarren ordezkariak entzun gabe onartzea izenak: «Euskararen Legea sortu zenetik, izen elebidunak ofizial egiteko prozesu guztiak udalerrien ekimenez abiatu dira. Euskaltzaindiak aholkatutako euskarazko izen guztiak, Iruñea salbuetsita, Nafarroako Gobernuaren eta udalerrien akordioen bitartez adostu dira».
Testuinguru horretan, Arregik uste du Murillo el Frutoko euskarazko toponimiaren aurkikuntzak mesede egin diezaiokeela prozesuari, nahiz eta Euskaltzaindiaren izen proposamenak beti dauden ongi oinarrituta: «Legeak finkatzen du euskarazko izena ofizial egiteko beharrezkoa dela Euskaltzaindiaren txostena. Ez da loteslea, baina %100ean legez onartutako izenak eta txostenetakoak bat etortzen dira».