Imanol Magro Eizmendi / 2017-05-02 / 1333 hitz
Azken hamarkadetako pilotari maitatuenetako bat izan da, eta, 19 urteko ibilbidearen ondoren, igandean hartuko du erretiroa. Pozik doa, pilotak eman dion guztia hari itzultzeko asmoz
Astelena pilotalekua hutsik dago, eta egurrezko bi eserleku daude Katedraleko kantxan. Umoreko dago Abel Barriola (Leitza, Nafarroa, 1978), txantxak eginez. Erretiroa hartu aurreko azken elkarrizketetakoa du, eta solasaldian hunkitu dela aitortu du. Igandean eskegiko du gerrikoa, eta aspaldi amaitu ziren sarrerak jaialdirako. Plazera da harekin hitz egitea.
Galtza zuri asko gelditzen al zaizkizu oraindik etxean?
Dozena erdi bai, behintzat. Pixka bat urratzean kuadrillakoei ematen dizkiet: sanferminetarako, Leitzako jaietarako… Lehen, Leitzako jaietan, galtza bakeroak eta atorra beltza erabiltzen genuen, baina azkeneko urteetan denak galtza zuriekin dabiltza.
Aurrerantzean, gainera, herriko jaietara joan ahal izango zara.
Ni zoriontsu izan naiz pilotan, eta hau zen txikitatik nahi nuena. Baina bere alde txarrak ere baditu; adibidez, Leitzako festekin gutxi gozatu dut. Parrandarik ez dut egin, partida izan baitut. Horrekin kuadrillako argazkiak ikustean konturatzen zara. Gehienak parranda eta ospakizunetan ateratzen dira, eta lagunak agian ez dira ohartuko, baina ni bai, eta argazki oso gutxitan agertzen naiz ni. Baina ez dut zalantzarik sakrifizio horiek merezi izan dutela.
Erretiroa, zergatik orain?
39 urte egitera noa, eta ilusioz eta indartsu nago. Iazko udan, baina, buruari buelta batzuk eman nizkion, eta, era berean, pentsatu nuen: «Ideia hau etorri zaidanerako, zerbaitegatik da». Gero, enpresak esan zidan kontratua luzatuko zidala eta binakakoa jokatuko nuela. Orduan ikusi nuen garai egokia zela. Une polit batean utzi nahi nuen, eta zer hobe Lehen Mailako txapelketa bat jokatuz uztea baino? Nahiago dut nik pilota utzi, pilotak ni uztea baino.
Pilotari maitatuenetako bat zara. Sumatzen al duzu hori?
Pribilegiatu bat izan naiz pilotan jokatzeagatik; horri esker jendea ezagutzeko aukera izan dut, eta, era berean, jende horrek maite zaituela sentitzea da kirolari batek izan dezakeen gauzarik handiena. Pilotazale batek hitz goxo bat edukitzeak, ibilbide baten amaieran behintzat, ia txapel batek baino gehiago balio du. Zaleen errespetua da daramadan gauzarik handiena.
Zuk garbi izan duzu beti kantxatik kanpo ere pilotaria zarela.
Guk gure lanetan kontratu bat sinatzen dugu, baina kontratu horretatik kanpo mila gauza egin ditzakezu, eta kirolean, are gehiago. Asko egin daiteke kirolak dituen onurak adierazteko, eta belaunaldi berriei har hori sartzeko.
Kantxetatik kanpoko jardun horretan, esaterako, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean zu izan zinen kirolarien bozeramaile. Nola oroitzen duzu hura?
Ni agertzen naiz argazkian, baina atzean kirolari gehiago zeuden. Sen onaren kontua zen, injustizia baten aurrean. Edozein ideologia izanda ere Euskal Herrian bizi zen edonork gaitzetsi zuen erabaki bat izan zen. Zentzua aplikatuta, nola ez duzu babesa emanen? Kasu horretan, gainera, denok batzen gaituen puntu bat zegoen: euskara.
Askotan busti zara euskararen alde; Nafarroan, bereziki.
Nire ustez, badaude gauza batzuk politika guztien gainetik daudenak; euskara, adibidez. Txikitatik euskaraz hitz egin dut, euskaraz bizi naiz, eta dugun altxor bat da. Nola ez zara babesten saiatuko? Eta haren alde pauso bat ematen? Iruditzen zait, gainera, euskarari buruzko kate asko hautsi direla, eta heldu diren belaunaldiek naturaltasun handiagoz hartuko dutela euskara. Bizi izan ditugu garai batzuk non euskara erabilia izan den, alde batetik zein bestetik. Euskaraz hitz egiten baduzu, ideologia politiko jakin bat duzu; gurasoak euskaraz hitz egin, eta seme-alabek ez badakite, berriz, beste ideologia politiko bat duzu. Ez, nik uste dut hor helduagoak izan behar dugula, eta jakin behar dugula euskara sustatzen. Etorkizun ona ikusten diot euskarari Nafarroan.
Suhi perfektuaren irudia ere hor dago. Euskal Herriko guraso guztiek euren seme edo alabentzat nahiko luketen bikotekidea zara.
Kar-kar! Askotan jo didate adarra horrekin; batez ere, aldageletan. Gai horri buruz jo izango didate adarra gehien, eta nahiko barre egin dugu horren kontura.
Zeinek jo dizu adarra gehien?
Irujok, hura da adarjotzailerik handiena. Baina sorpresak hartzen dituzu. Adibidez, Danel Elezkanok serio itxura du, baina sekulako umorea du, baita Jokin Etxanizek berak ere.
Irujo aipatu duzu; bal al duzu harekin azken partida bat ez jokatu izanaren pena?
Bai, nola ez dut ba izango? Pena ematen dit hura zuriz ez ikusteak.
Beste arantzarik?
Bat baino gehiago. Esaterako, pena eman dit belaunaldi berriko pilotariren batekin finalera ez iristeak; kasurako, iaz Joseba Ezkurdiarekin edo aurten Jokin Altunarekin.
Gustura al zoaz?
Bai. Maite dudana egin dut. Hortik bizi izan naiz, zorionez. Eta garai oso onak izan ditut, txarrak ere bai, baina onak batez ere. Balantze ona da, eta pozik noa pilota mundutik.
Pilotan jokatzetik bizi izan zarela esan duzu. Zertan gastatu zenuen lehen soldata?
Ez dakit. Auto bat erosteko aurrezten aritu nintzen; Peugeot 306 bat erosi nuen, berria, eta nik uste dut lehen soldatak horretan gastatuko nituela.
Debutetik hona asko aldatu al da autoan jartzen zenuen musika?
Bai. Ibilbidea hastean, Su ta Gar, Barricada, Helloween, Def Leppard, Gary Moore eta abar entzuten nuen, heavy-rock musika.
Baduzu anaia bat heavy zalea.
Biak! Megadeth eta halakoak entzuten beti. Eta orain… Dire Straits, Mikel Laboa ere bai. Orain denetarik, rocka asko, eta Despacito hori ere bai. Denetarik.
1998an debuta egin, eta 2002an txapeldun. Garai hartan jende askok esaten zuen: «Barriola, urte askotarako txapeldun».
Niri zuzenean ez zidaten esan. Agian, finala nagusitasunez irabazi nuelako [22-3]. Belaunaldi berri baten hasiera izan zen hura: olaizolatarrak, Ruiz, Irujo geroago, Xala, Goñi… Eta ni izan nintzen belaunaldi horretatik txapela lortu zuen lehena. Freskura izan zen pilotarentzat. Gero beste pilotari handi batzuk agertu ziren, eta urte horietan niri asko kostatu zitzaidan presioa eramatea.
Presioarenak asko markatu zintuen. Nola bizi izan zenuen?
Kosta zitzaidan. Iritsi zen une bat, non bazirudien irabaztea obligazioa zela, irabazi beharra nuela, eta galtzen banuen hondamendia zela. Hondoa jo nuen orduan, eta, behin hor, beherago jotzerik ez dagoenez, gora egin behar duzu. Azken finean, egoera guztietatik ikasten da zerbait.
Anekdota ezaguna da eguneko entrenamenduarekin gustura gelditzen ez bazinen gauean pilotalekura itzultzen zinela. Obsesio baten isla da hori.
Bakoitzak bere izaera du, onerako eta txarrerako, eta nire izaera horrelakoa izan da batzuetan; puntu obsesibo bat izan dut pilotarekin. Baina, beste alde batetik, pentsatzen dut puntu obsesibo horri esker egon naizela hainbeste denboran maila altuan jokatzen. Halere, perfekzioa lortu nahi izatea kalterako izan da batzuetan.
Debutatu aurretik, bederatzi hilabete egin zenituen geldirik eskuagatik; 2005ean, ia urtebete eskuko ebakuntzagatik; 2007an, urtebete belauneko lotailuengatik; sei hilabete eskumuturragatik… Guztira, lesioek ibilbideko ia lau urte kendu dizkizute.
Bai, posible da denbora tarte hori izatea, bai. Gogor jo naute. Nik buruan gehiago dut txapelketa dezente galdu ditudala lesioen erruz, eta, batez ere, buruz burukoak. Ni, txikitatik, gehiago sentitu naiz buruz buruko pilotari binakako atzelari baino. Nire bidean bi garai zail izan nituen: eskuko ebakuntza lehenbizi [2005ean], eta belauneko lotailuena gero [2011]. Lesioek asko erakusten dute, eta gizakiago egiten zaituzte.
Burutik pasatu al zitzaizun erretiroa hartzea?
Bai, bi lesio horiekin, eskukoa eta belaunekoa. Nire eskuetako min guztien konponbide izango zen ebakuntzak uste baino denbora gehiago behar izan zuen. Uda hartan, gainera, enpresarekin bilera bat izan nuen. Uda bukatu aurretik konpontzen ez bazen, utzi egin beharko nuen, eta, zorionez, buelta eman genion.
Lehen Mailako lehen bi finalak irabazi zenituen, eta gero zazpi galdu zenituen jarraian, batzuetan oso faborito irten arren. Pilotako Poulidor izan zara kasik.
Garai zailak dira. Final bat jokatzen duzunean, zure bizitzan gerta daitekeen gauzarik okerrena final hori galtzea da. Garai bat iritsi zen, final bat irabaztea ezinezkoa zela pentsatu nuena. Batez ere, Bengoetxearen aurka finala galdu nuenean [22-11, 2008ko buruz burukoan]. Hura sabaia jotzea bezala izan zen, zer gehiago egin behar nuen final bat irabazteko? Ezin nintzen hobeto zaindu, ezta gehiago entrenatu ere!
Lau urte min hartuta, hamahiru urte finalak galduz… Gizajo bat ematen duzu!
Ez, penarik batere ez; ni oso zoriontsu izan naiz pilotari esker!
Eta orain, zer?
Ez dakit. Profesionalki ez dut pilota munduan jarraituko, eta beste lan bat bilatuko dut. Badut proposamenen bat, baina argi dut profesionalki edo ez pilotarekin lotuta jarraituko dudala, eta, ahal bada, bizitza guztirako.
Pilotak ez zaitu lanetik atera.
Ez, ez, dudarik gabe. Egia da pilotatik bizi izan naizela, eta koltxoia egin dudala, baina lanean jarraitu beharko dut. Iruditzen zait askok uste dutela telebistan agertzen den guztia pagotxa dela, baina ez da horrela. Pilotari ibilbidetik ezin duzu atera bizi guztian lanik egin gabe egoteko adina.
Pilotak eragotzi dizun zerbait egiteko gogorik ba al duzu?
Asko ditut buruan; adibidez, bizikletan ibiltzea, mendiko bizikleta hartu, eta lagunekin mendira joatea. Afari gehiago egin, gehiago bidaiatu… Nahi dudana egitea.