Egilea : Begoña Durruty
Ilustratzailea: Begoña Durruty
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2016
ISBN: 978-84-16791-12-5
R: 7.851
Begoña Durrutyk bere familiaren historia kontatzen du. Berez marrazkilaria izanik, hitzak behar izan ditu marrazkiei eransteko historiaren gordintasuna kontatu ahal izateko.
Aitatxi ospitalean da, eta bilobak bisitan joan zaizkio. La Marsellesa kantatuz hasi duela eguna kontatu die amatxik. La Marsellesa zer den galdetu dute haiek eta aitatxik, galdera horri erantzuteko, bere familiaren historia kontatu die: Frantzia eta Espainia arteko mugaren bi aldeetan bizi izan dira Durrutytarrak, eta, beraz, bi aldeetako gerrak pairatu behar izan dituzte, bata bestearen atzetik: Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerrak, Espainiako gerra, Aljeriako eta Indotxinako gerrak. Denak zentzugabeak, denak bortitzak. Makina bat familiari bizia baldintzatu diotenak, baita Durrutytarrena ere; izan ere, paraplegiko itzuli baitzen etxera aitatxi. Lehenago ere, jaio berria zenean, anaia galdu zuen Espainiako gerran.
Liburuaren kontrazalak hau dio : “Gaur sinestezinak iduritzen zaizkigun horrelako bizipenak gure herriaren memoria kolektiboan errotuak egon dira luzaz, ez ditugu nolanahi galtzen uzten ahal” Batez ere azken hau iruditu zait garrantzitsua, memoria berreskuratzea eta gerraren zentzugabekeria hori gaztetxoei transmititzea, baina ez urruti gertatu direnak kontatuz, etxean bertan izan ditugunen berri emanez baizik.
Baztango euskaran idatzia.