Euskal rockaren inguruko burutazioak

Karolina Almagia / 2017-10-11 / 904 hitz

Rock and rolleko euskal musikarien bizimodua, sexismoa musikan, publikoa lortzeko zailtasunak eta sormen-hizkuntzen aukeraketa izan dira, besteak beste, Izaro rock kantariak eta Gorka Urbizu Berri Txarreko abeslariak mantendu duten aurrez aurreko solasaldien hizpideak. Oñatin, Donostian eta Gasteizen egin dira elkarrizketa hauek hiru egunetan -urriaren 5ean, 6an eta 10ean, hurrenez hurren-, Mondragon Linguak antolatzen dituen TOPAKEtalk topaketen barruan.

Areto guztiak  (Kulturate, Koldo Mitxelena eta Artium museoa) gainezka bete dira (400 pertsona baino gehiago bertaratu dira) eta jendearen partehartzea handia izan da.

Gasteizen egindako solasaldian kantak nola konpontzen duten azaldu dute. Gorka Urbizuk ikasi egin du urteekin “lehenengo inspirazio bultzadari kasu egin behar zaiola. Nahiz eta gero horren gainean hamaika bertsio egin, lehendabiziko txinpart hori beti da hoberena”. Izarok “terapia” moduan idazten duenez, saiatzen da “sentitzen dudan momentuan sortzen. Sentimenduari erantzuten konpontzen dut”.

Izaro Andrés Zelaietak (Mallabia, 1993) hiru urte soilik daramatza musikaren munduan, baina lehen diskoarekin, Om, arrakasta dezente lortu du, hamaika kontzertu eskainiz. Laster bigarren diskoa kaleratuko du. Izarok euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten ditu abestiak. Gorka Urbizu(Lekunberri, 1977) Berri Txarrak taldeko gitarra-jolea eta abeslaria da. Estudioko zortzi disko eta hainbat bilduma editatu ditu talde horrek. Euskara hutsez abesten, Estatu Batuetan, Japonian eta Europako herrialde askotan ibili dira jotzen.

“Nik hiru hizkuntzatan idazten ditut kantak eta sekulakoak entzun behar izan ditut horregatik -kexatu zen Izaro Donostiako emanaldian-. Ez da pose bat, ez da estrategia bat, ez da ezer. Benetan, ez dago arrazoirik. Horrela ateratzen zait, besterik ez. Hizkuntza bat edo bestea aukeratzean irizpide bakarrak musikalak dira; sonoritateak agintzen du, pianoa sartu ala ez aukeratzen dudan bezala”.

“Guk taldea sortu genuenean, 94an, ez genuen hizkuntza erabakitzeko bilera bat egin -azaldu du Berri Txarrak-eko sortzaileak-. Momentu horretan ez geunden pentsatzen Japonian joko genuela, jakina. Lekunberrin bizi ginen, gure eremua euskalduna zen eta gure erreferente musikalek euskaraz kantatzen zuten, beraz, era natural batean hasi ginen euskarazko letrak idazten. Gerora konturatu ginen erabaki horrek motxilan dakarren guztia”.

Berri Txarrak-en azken diskoa Estatu Batuetan grabatu dute, Bill Stevenson ekoizlearekin. “Bitxia bada ere, konturatu naiz atzerrian euskaraz kantatzea balore bat izan daitekeela. Estudio horretara joaten diren talde guztiek ingelesez abesten dute, nahiz eta ez izan euren hizkuntza. Horregatik, euskara bezalako hizkuntza batean kantatzea oso gauza positibotzat hartzen dute”. Hemendik hurbil, ordea, egoera bestelakoa da. “Askotan, euskaraz abesteagatik folklore eremuan sartzen zaituzte. Kriston amorrua eman dit beti, disko-denda batera joan eta musikaren sailkapena ikustea: rocka, jazza, klasikoa, pop eta… euskal musika”. Are gehiago, gurean ere, euskaraz kantatzeak hesi bat suposatzen du biztanlegoaren zati batentzat, Urbizuk azaldu zuenaren arabera. “Ez dakizue ze aldea dagoen Navarra eta Nafarroa artean! Lehenengoak ez daki ezer bigarrenaz. Iruñeko kale jakin batzuk zeharkatzen ditudanean, jendeak agurtzen nau behin eta berriro. Kale batzuk harago, Pamplonan sartzen naizenean, iadanik ezezagun bat naiz”.

Izarok bizitako zenbait esperientzia desatsegin aipatu zituen. Lekuren batean, eskatu egin diote euskaraz baino ez kantatzea. Gainera, euskararekiko “militantzia gutxi” erakustea aurpegiratu diote noiz edo noiz. “Oso txarto pasatu dut kritika horiekin. Ni euskaraz bizi naiz. Gure taldeko bateria-jotzailea katalana da eta euskaraz ikasten ari da gure laguntzaz. Hori ere militantzia da”.

Gorkarentzat gakoa zintzotasunean datza. “Norberak sortu behar du ateratzen zaion hizkuntzan, ezer bortxatu gabe. Urte batzuetan gertatu da Estatu espainolean indie musika gehiena ingelesez egiten zela, mimetismo hutsagatik. Egia da, eta aitortu behar da, ingelesak daukan elastikotasuna oso aproposa dela musika egiteko. All you need is love esateko bost silaba baino ez dituzu behar. Euskaraz gauza bera esateko 12 silaba behar dituzu”.

Kamerinoetan tanpoirik ez

Musikan ere sexismoa badago eta hiru urte hauetan Izarok behin baino gehiagotan konprobatu du. “Mutilek sufritzen ez duten gauza asko emakumezko musikariok jasan behar dugu.  Itsusia, ze txarto jotzen duzun eta holakoak jartzen dizkigute sare sozialetan… Fisikoki ebaluatzen zaituzte eta ez egiten duzun musikagatik. Autoestima oso handia izan behar duzu hori ondo eramateko”, salatu du Mallabiako kantariak. “Kamerinoetan zerbezak, fruitu sikuak, ura, denetarik topatu dezakezu… baina sekulan ez tanpoirik. Populazioaren erdiak  hilean behin odola botatzen badu, zergatik hori ez da kontuan hartzen?”

Bestalde, talde berriek leku egiteko dituzten zailtasunak aipatu egin dira emanaldi hauetan. “Gaur egun Euskal Herrian aretoz jositako oso sare ona daukagu, hemendik kanpo dagoena baino askoz hobea. Arazoa ez da non egin kontzertua. Arazoa orain da nola erakarri jendea. Klik bat emanda, edozein munduko edozein taldearen kontzertu bat ikusi dezakezu. Zertara etorriko dira ezagutzen ez duten kontzertu bat zuzenean entzutera, nahiz eta etxe ondoko tabernan izan?”, esan du Berri Txarreko kantariak. “Beste leku batzuetan, Alemanian adibidez, oraindik dago kultura hori, baina hemen jendea alferra da, ez da mugitzen ezagutzen ez duen talde bat ikusteko”, gaineratu du Izarok. “Gure garaian hori ez zen gertatzen, baina gaur egun rockak ez dauka tiraldi hura”, Urbizuren hitzetan.

 

Musika ogibide denean

Artiumeko ekitaldian, musikatik bizitzeak dakarrenari buruz hitz egin dute. Izarok orain dela gutxi hartu du profesionalizazioaren bidea eta berehala konturatu da “jendea ez dela seriotan hartzen hau ogibide bat dela. Beti saria jaisten saiatzen dira eta batzuetan umilduta sentitzen naiz. Gainera, gauzak ondo egin nahi badituzu, faktura legalaren bidez, giza-asegurantza ordaintzen eta hori guztia askoz garestiagoa ateratzen zaizu”.

Urbizuk kontatu du bostgarren diskoa kaleratu zutenean hartu zutela profesionalizatzeko erabakia. “Horretarako beharrezkoa ikusten genuen Euskal Herritik kanpo irtetea. Hamaika bira Euskal Herriari eman eta gero, akuariotik ateratzeko garaia zen. Oso zaila da Euskal Herrian zure proiektu propio batetik bizitzea. Edo batek esaten duen bezala, Vivir de la música es fácil, sólo hay una condición: no ser el músico”.

Hitzez gain, musikarako tarte bat ere egon da MondragonLinguak-en emanaldi hauetan. Gitarrak lagunduta, Izarok Berri Txarreko Ixiltzen banaiz kantatu du eta Gorka Urbizuk, bere aldetik, IzarorenkoiLarak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.