Xabi Madorran / 2017-10-09 / 347 hitz
Esnatu eta oraindik adurra darizula, besoa ahal bezala ondoko ohe-mahaira jaurti eta iratzargailu demonioa gelditzen duzu —gaitz erdi!—. Hurrengo pausoa? Bai, beso baldar bera, kanabera bat balitz bezala, mahaira jaurtitzea, ea sakelakoak teink egiten duen. Behin mugitzen ez den objektu bat arrantzatuta —kostata, gainera—, azken pauso xelebrera iristen zara: segapotoa zure parean desblokeatzea eta begiak trepeta ahalguztidunaren argi itsugarriari ohitzea. Lehenengo begi bakar batekin begiratzen duzu pantaila; gero argitasuna jaisten duzu; eta, azkenean, zerbait irakurtzeko gai zara, bejondeizula!
Orain ez ezazu ez jakinarena egin: erritual hori zure egunerokotasunaren zatia da; ondo ezagutzen duzu. Gaztea bazara ez duzu aitzakiarik; egunero egiten duzu. Baina, trankil, lagun! Normala da: sare sozialen artaldeko arkumetxo bat gehiago zara.
Eta ez dakizu zein mementotan sartu zinen artalde horretan; duela ez hainbeste lasai asko zenbiltzan zure belardian bazkatzen. Orain, aldiz, sare sozialen belardi zabalean bazkatzen duzu. Arratsaldero zure Instagramean itxurakeriatan zabiltza —gaztelaniako “postureo” delako hitza baino askoz ere jator eta zehatzagoa dugu euskaran, eskerrak!—, eta besteen oniritziaren zale amorratua zara.
Are gehiago, sare sozialen artaldean sartu zinenetik zure bizitza zeharo aldatu da. Gogoan duzu nola ezagutu zenuen Miren? Bai, Mirentxu, zure neska-laguna! Non eta twitterren, motel! Hainbeste “gogoko dut” ematen zizkizun neska hura zen, ostegun-gau batean harekin bukatu zenuen arte. Baina lasai berriro; agidanez, egun, sare sozialen bidez ligatzen da. Zure artaldekideek berdina egiten dute: ez zara ardi beltza.
Eta orain sekretu bat kontatuko dizut; hurbildu belarria eta ez esan txintik ere ez beste arditxoei: ez dago ardi beltzik. Guztiok zure artaldearen parte gara. Horregatik, jai duzu ardi beltzak bilatzen; akaso, ardi grisen bat aurki dezakezu. Ardi grisak ez dira sare sozialen zale sutsuak, baina ez dute diktadura honen atzaparretatik ihes egiterik. Azken batean, ardi horiek grisak dira Facebookik edo Twiterrik ez izan arren, gauero bideo gogaikarriren bat bidaltzen dizutelako Whatsapp bidez.
Besterik gabe, sare sozialen menpekoak gara. Eta gaurkoan ez dut menpekotasun horren eraginaren inguruan hitz egin nahi, ez baitut oso argi egoera honek zer aurki eta zer ifrentzu dituen. Baina inolako zalantzarik gabe esan dezaket sare sozialen menpe gaudela, eta hori ukatzen dutenak, hain zuzen, sare sozialen artaldean gehien bazkatzen duten arkume itsuak dira.